Astekaria

 Zirtak 

Munduaren orpoa

Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxea


2268. alea
2011-03-13
alde 0    kontra 0

Inoizko eta betiko herrian, gauzak oker: urak ez ziren iturrietara heltzen, katuek ez zituzten xoko-bazterrak miatzen. Eta gaiztoena zen gerra zutela gizonek denbora-pasa, kalean nahiz etxean. Arduraturik, lau haizeetako bidegurutzean elkartu ziren bertako andreak.


Umeak eskolan uztetik zetorren Urlia, Zanburutik behera. San Adriango tunela zeharkatuta, aita erresidentzian bisitatzetik, Sandia.

Gizonarentzako bazkaria prestatu eta tupperware batean gorde, hozkailu berriaren faktura ordaindu, alabarentzako mediku-kontsultaren ordua eskatu, eta produktu bio-ekologikoen otzara enkargatzetik, Berendia. Pindo-ko mendi urrunetatik heldu zen Lisistrata, Grezian guduak sugarretan utzita.

Juramentua. Zahar nahiz gazte, garai zein mozkote..., zuriak, beltzak, ilehoriak, beltzaranak..., heterosexualak, homosexualak, bisexualak, transexualak, sexu-joera deskubritu gabekoak..., soldatapean lanean zihardutenak, halakorik ez zutenak, alargun-saria borrokatzen ari zirenak..., senarrek jipoituak, semeek lapurtuak, alabek errefusatuak, apaizek sodomian hartuak...; emakume-mundu oso bat bildu zen lau puntu kardinalen bidegurutze hartara.


Luze aritu ziren emakumeak, auzi eta eleta bizian. Kexa nagusia zen bigarren mailakotzat hartzen zutela gizonek emakumea: azken-putz. Zazpi galtzagorri bezain kexu zeuden denak: zer egin eta zer ez egin, zer komeni eta zer ez, nola irauli egoera. Zelan goldatu patriarkatuaren eskuak ereiten zituen lurrak.


– Gu hilda ere, astoak errotara! –etsitako batek.


Ez zuela zertan. Mundua alda zitekeela. Hobetu. Justuago egin. Berdintasunezko. Denentzako berdina, nori berea emanda.


– Dios! Barrabiletatik harrapatu beharko geniken horietakoren bat...

"Ez diot atseginik emango borondatez, eta bortxaz hartzen banau ez natzaie haren mugimenduei egokituko… ez dizkiot oinak sabairaino jasoko; ez eta lau hankatara jarriko, lehoi-eme baten gisara"

“Barrabiletatik baino, luzeago duten horretatik harrapatuko ditinagu horiek guztiak”, esan zuen Lisistratak. Eta, gizonak behingoagatik arrastoan sartzeko, honako juramentu hau egitea proposatu zien:


– Ez da ez senar ez amoranterik hurbilduko zaidanik, bat-batean zakila zut hartuta. Etxean, zezenik gabe biziko naiz. Ez diot atseginik emango borondatez, eta bortxaz hartzen banau ez natzaie haren mugimenduei egokituko... ez dizkiot oinak sabairaino jasoko; ez eta lau hankatara jarriko, lehoi-eme baten gisara.

Eta hau hola bazan. Urtebetez bizi izan ziren emakumeak zezenik gabe, ahari eta zaldirik gabe. Berdintasuna nahi zuten andreek. Aintzakotzat hartuak izatea. Bakea, etxean nahiz lanean. Umiliatuak ez izatea. Ez joak, ezta hilak izatea ere. Horregatik juramentua eta greba.


Protesta hura zela eta, urtebetez iraun zuen ortziak ilun eta goibel. Urtebetez egon ziren katuak miau esan barik, txoriak hegaldatu gabe. Elkartasunez.


Munduak behea joko zuela mehatxatu zuen apaizak. Baina, bakarrik geratu zen bere kritika eta oihuekin, sotana beltza lotu ezinik.
Gerrak ez zuela zentzurik, hala esan zuen alkateak. Jubilatu nahi zuela, jeneralak. Gezurrik ez zuela kontatuko, kazetariak. Nebak, ez zuela irainduko arreba. Senarrak, garbigailua jartzen ikasiko zuela. Lapurrak, itzuliko zituela pitxiak.


Eta, bat-batean, txori bat hegaldatu zen, sasietatik ortzira jauzi eginda. Gordelekuetatik atera ziren katuak. Eguzkia ikusi zuten inoizko eta betiko herri hartan. Zanburura itzuli zen Urlia. Hermuara, Sandia. Fakturak jaurti zituen surtara Berendiak. Korinto hartu zuen begietan Lisistratak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza