Errealitate bizia bildu nahi duen webgunea

  • Erreferente baten beharra zegoela ikusi zuen Koldo Otamendi musika zaleak. Horregatik sortu zuen duela hilabete gutxi Euskal Herriko rock agenda jasotzeko webgunea Asteko kontzertuen berri ematearekin batera ataria aberastu du argazki eta bideo galeriekin, baita zozketekin ere.

Musika Zuzenean
musikazuzenean.com

Askotan, gehiegitan, oso maiz erantzun bera errepikatzen dute musika taldeek elkarrizketetan: “Zuzeneko banda gara”. Hori horrela izanik, ez da harritzekoa Euskal Herriko musika eszenaren astez asteko kontzertu eskaintza beldurgarria izatea. Soziologoen egitekoen artean egongo ez bada ere, ondo legoke neurtzea gure lurraldea horren txikia izanda, zenbat kultur emanaldi dauden asteburu bakar batean. Esaterako, rock kontzertuen zerrenda luzea da. Gehiegizkoa ere bai, pentsatuko dute batzuek. Dena dela, errealitate baten aurrean gaude. Talde kopurua izugarria da, eta horietako asko zuzenera begira bizi dira. Eskaintza askotarikoa eta zabala da. Era guztietako eszenatokiak ere ez dira falta, inoiz baino gehiago dira eta. Hazi ez den gauza bakarra ikusle kopurua da. Orain, musika zale horiek kontzertu aukera asko dute eta bakarra hautatu behar.


Garai batean kalera, tabernara edo egunkarietara jotzen genuen kontzertuen berri izateko. Gaur egun ere joera antzekoa da, nahiz eta pixkanaka Internetek ordezkatu duen. Nolanahi ere, agenden informazioa arrunta izaten segitzen du, telegrama baten parekoa. Gabezia horretatik abiatuta jarri zuen martxan Koldo Otamendik Musika Zuzenean web ataria. “Euskal Herriko musika eszenaren hutsune batetik sortu zen. Konturatu ginen ez zegoela zuzeneko emanaldien berri ematen zuen inolako mediorik, erreferentzia bat falta zela”. Gunea aitzindaria da hizkuntzari eta edukiari dagokionez. Otamendiren hitzetan, “bai hemen eta bai atzerrian ere, ez dugu gurea bezalako webgunerik topatu”. Izan ere, agendari garrantzia berezia eman diote, beste euskarazko musika hedabideek ez bezala. “Gurean, oso gauza interesgarriak topa daitezke sarean barna, baina agian gehiago zentratzen dira musikaren beste arlo batzuetan: elkarrizketetan, monografikoetan, diskoen aipamenetan…”.


Musika Zuzenean atariaren ardatza kontzertu agenda da. Euskal Herriko “zuzeneko eszena bere osotasunean” hartzea da ideia. Musikalki, ordea, ez dago baldintza edo mugarik. “Nagusiki rock musika lantzen dutenak barneratzen ditugu, zentzu zabalenean”, azpimarratu du Otamendik. Kontzertuak herriz herri daude sailkatuta eta asteburuari begira bost edo sei nabarmentzen dituzte. “Ez dago irizpide jakin bat. Agendan diren emanaldiak bildu eta nabarmentzen joaten gara, beti ere oreka mantenduz, herrialde, areto edota musika taldeen artean, garrantzia eman gabe zenbat ikusle batuko diren”. Agenda osatu edo elikatzeko modu diferenteak dituzte, ataria “gune ireki bat bezala irudikatzen” dutelako. Otamendik argi du egitasmoa aurrera ateratzeko “musika taldeek, musikazaleek, aretoek, gaztetxeek edo eragileek parte hartzea” ezinbestekoa dela. Eta horretarako, nahi duenak bere emanaldien berri emateko aukera dauka.
Informazioarekin batera, ikusgarritasuna ere landu dute, zuzenekoen argazki galeria sortuz. Txukuna, praktikoa eta deigarria. “Ataria prestatzen ari ginela, konturatu ginen argazkilari mordoa zegoela gure artean”, gogoratu du Otamendik. Horrela, irudien bitartez igarotako emanaldien berri ematea erabaki zuten, “bertan bizitakoa berriz bizitzeko edo bertan egon ez zenak gertatu zena jakiteko”. Pixkanaka argazkilari sare polita osatu dute, eta ondorioz, era guztietako argazkiak topa daitezke. Bideo atala ere zuzeneko emanaldiei buruzkoa izatea nahi zuten, baina zailtasun asko izan dute soinu eta irudi onak dituzten bideoak aurkitzeko. Horrela, taldeek argitaratzen dituzten bideoklipak eta zuzeneko batzuk ikus daitezke. Aipaturiko bi atalekin lotuta, kontzertu kroniken atala ere sortu dute. “Gehiago jasotzea gustatuko litzaiguke” dio Otamendik, baina gustura dago orain arte argitaratu dituztenekin. “Argazkien atalarekin bezala, interesgarria deritzogu igarotako emanaldietan bizitakoa ezagutaraztea”.


Zuzeneko emanaldien aurretikoa eta ondorengoa atalka sailkatzeaz gain, pizgarririk ere ez zaio falta Musika Zuzenean atariari. Bisitariekin harremana estutzeko eta zerbait gehiago eskaintzeko zozketa gunea zabaldu zuten. “Amu gisa sortu genuen, eta jendearen erantzuna oso ona izan da”. Webgunean erabiltzaile profila sortzen dutenen artean, bertako taldeen diskoak, kontzertu sarrerak eta beste zozketatzen dituzte. Horrek harreman zuzena du atariaren harpidetza eskaintzarekin. Horrela azaldu digu Otamendik: “Bi harpidetza mota daude. Erabiltzaile profila sortzen duenak atal ezberdinetara sarbidea izango du: iruzkinak idatzi, kontzertuen berri eman... Aldiz, egitasmoa diruz lagundu nahi duena Musika Zuzen Lagun egin daiteke 25 euro ordainduta. Trukean kamiseta bat eta sariak eskuratzeko lehentasuna izango du”.


Hasiberria den egitasmoak harrera ona izan du musika talde eta zaleen artean. Aurrenekoek badute azkenik sarean txoko bat beraien emanaldien berri nahi beste emateko, eta bigarrenek, agenda osatuena bertan topatu dezakete. Otamendi oso pozik dago orain arte emandako urratsekin, baina asmo berriak dituztela aurreratu digu. “Atal berriak prestatzen ari gara, eta ekimen ezberdinak martxan jarri behar ditugu epe laburrean”. Hain zuzen ere, web ataria Musika Zuzenean egitasmoaren hasiera baino ez da. Aurrerantzean asmo eta helburu zehatzak dituzte: “Zuzenean egiten diren emanaldiak bultzatu eta sostengatu nahi ditugu. Euskal Herriko musika eszena aberatsa erakutsi eta musika zuzenean bizitzeko gonbita egin. Bide horretan, argazki erakusketa bat prestatzen gabiltza, eta zenbait mahai-inguru ere martxan jartzekoak gara”. Musika eszenaren errealitate bizia mantentzeko nahitaezkoak dira horrelako egitasmoak. Taldeek ederki betetzen dute beraien rola, eta ikusleena da hitza.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude