Zuberoako maskaradak
Santa Graziko gazteak dira aurten maskaradaren emaile. Santagraztarrei 1994an egokitu zitzaien azkeneko aldiz zeregin hori; egokituko zaie berriz etorkizunean? Horri buruzko zalantza zabaldu dute Santa-Grazi elkarteko lehendakari Laurent Chübürüren adierazpenek. Zuberoa osoaren termometroa ote Santa Grazi?
Herrian euskara galtzen ari dela-eta, aurtengoa izan liteke Santa Grazik maskarada ematen duen azkeneko aldia. Hala esan zuen Laurent Chübürük urtarrilean, aurtengo maskaraden egutegia aurkeztean. Duela 40 urteko 500 biztanleetatik oraingo 200etaraino mehetu da Pirinioei itsatsitako herri txikiaren populazioa. Biztanleriaren hein berean egin du atzera euskarak. 1968an ehunetik 95 ziren euskaldunak; 2011n, transmisioaren kateak begi gutxi ditu hausteke, eta eskolan frantsesa baizik ez da.
Santa Grazin gazte gutxik daki euskaraz, eta horrek kolokan jartzen du maskarada, Chübürüren ustez. Maskarada dantza baino gehiago baita. Mintzatzezko parteak baitira maskaradaren arima. Kabanaren pherediküa, kauteren etengabeko jarioa, buhaumeen erregearen mintzaldia, kerestuen nagusiaren eta Pitxuren solasaldia... Euskaraz dira horiek denak.
Baina Zuberoa osoan ari da euskara gibeleratzen, ez Santa Grazin soilik. Maskarada arriskuan da? Galdera horrekin joan gara herrialdeko errealitatea ongi ezagutzen duten zenbaitengana, eta Chübürürengan baino baikortasun handiagoa aurkitu dugu, egoera samurra denik inork defendatzen ez badu ere. “Maskarada nahi bezain erraz ezin antolatzea ez da oraingo kontua”, diosku Xiberoko Botzako Titika Rekaltek, “zeren Santa Grazikoa ez da kasu berezia, herri gehienena da”. Aurtengo diferentzia da, Rekalten ustez, norbait ausartu dela publikoki esatera. Baikor ageri da, nolanahi, Rekalt. “XIX. mendean ere esan zuten pastoralek ez zutela beste 50 urte iraungo...”.
Jean Bordaxar Sohütako ikastolako lehendakaria da, eta zuberotar kulturaren ezagule fina. Hura ere baikortasunez mintzatu zaigu: “Chübürük aipatutako arriskua herri denetan bada, baina ni optimista naiz”. Bordaxarren ustez, maskaradak erakusten du lehenik euskararen flakezia, baina euskara suspertzeko arma ere bada. “Maskaradari esker jende askok hartzen du kontzientzia behar dela euskara ikasi, eta seme-alabei irakatsi”. Sohütako ikastola talaia paregabea da euskararekiko atxikimendua neurtzeko, eta handik ikusten duenak baikor izatera darama Bordaxar: “Orain umeak dituzten gero eta gazte gehiagok hartzen dute kontuan euskara. Ume horiek emanen dute bost edo hamar urte barru maskarada beren herrietan”.
Bestalde, Titika Rekaltek gogorarazi nahi luke maskarada bizi daitekeela euskaldun gutxiagorekin, mutil gutxiagorekin bizi ahal izan den bezala. “Beti topatzen ahal da modus vivendi bat. Aurtengo Kabanak, esaterako, ama du Santa Grazikoa, aita Barkoxekoa eta bera Garindainen bizi da. Agian eginen dira maskaradak ez herriko seme-alaba peto-petoekin, baizik eta han-hemengoak gonbidaturik. Eta azken batean, maskaraden egiteko lau euskaldun behar dira, ez besterik: Kabana, Pitxu, buhameen jauna eta kerestuen nagusia”.
Entzuleak ere komeni, ez dezagun ahantz.
2# | Unai Brea | 2011-03-08 13:24:57
Kaixo Oier, ea esandako guztiari erantzutea lortzen dudan, argudio asko daude-eta zure iruzkinean. Hasteko, bai, maskarada bera ipini nahi izan nuen jomugan, Santa Graziri bakarrik zegozkion adierazpen batzuetatik abiatuta. Alegia, Laurent Chübürük bere herriaz egiten duen erradiografia ea zelan egiten duten beste batzuek herrialde osoaz. Baina ez nago ados "ondorioa tristea da, izan ere, badirudi Zuberoan euskaran desagertuta ere eutsi dakiokeela maskaradari", zure baieztapenarekin. Hori ez da behintzat nik atera dudan ondorioa. Jakina euskara gabe ez dagoela maskaradarik -artikuluaren azken esaldiak horixe bera adierazten du-; baina Titika Rekaltek esan nahi izan duena, nire ustez, zera da: euskara ahul dagoen egoera batek ez duela zertan maskarada desagerrarazi, mutilik bat ere ez zegoen garaian desagertu ez zen bezala, eta bitartean segi daitekeela bai euskararen alde bai maskaraden alde lanean. Zuberotarrek maskaradak gehiago maite dituzten euskara baino? Ez dakit, ez dut hainbeste ezagutzen zuberotar soziologia eta ez dut uste horri buruzko azterketa zehatzik egin denik ere, baina nik jaso ditudan adierazpenetatik, batez ere Bordaxarrenetatik, ez dut uste hori ondoriozta daitekeenik: gero eta gazte gehiagok euskarari garrantzia ematen diotela dio Bordaxarrek, eta hein batean maskaradari esker gertatzen dela hori. Nik ez dut mezu tristerik ikusten hor, kontrakoa baizik. Eta amaitzeko: "Diskurtso horrekin maskaradek euskararen alde egin dezaketena desaktibatzen dugu". Ez dakit zehazki nire diskurtsoaz ari zaren, Bordaxarrenaz, edo Rekaltenaz. Nik neuk behintzat, egin dudana haiek esandakoa jasotzea izan da batez ere; Bordaxarren diskurtsoa guztiz aktibatzailea iruditzen zait; eta berriz, Rekaltek esatea lau euskaldun aski direla maskarada bat egiteko... ez zait iruditzen desaktibatzailea, baldin eta ez badugu hori hartzen mezu nagusitzat. Niri hausnarketa interesgarria baina kolaterala iruditu zait, agian kontrakoa eman dut aditzera artikuluaren amaieran ipinita, agian azken esaldiak, Rekalten adierazpen horiek erlatibizatzeko helburua zuenak, ez du behar bezalako indarra, edo luzera, edo kokapena. Agian titularra ez da ondo ulertu; optimismoa adierazi nahi nuen eta oso litekeena da konformismoa adierazi izana.
1# | Oier A. | 2011-03-08 13:23:39
Azken maskaradaren kezka dantzan.com-en aipatu genuenean beste ikuspuntu batekin egin genuen. Maskaradak antolatzeko euskaldunak behar dira, eta maskaradarik ezin bada egin, euskara Zuberoan hilzorian dagoenaren seinale dela azpimarratu nahi genuen. "Azken maskarada izan daiteke" esaterakoan batez ere "Euskara hilzorian dago Zuberoan" esan nahi genuen. Artikulu honetan, Unai, maskarada bera jarri duzu jomugan, eta ondorioa tristea da, izan ere, badirudi Zuberoan euskara desagertuta ere, ,eutsi dakiokeela maskaradari. Euskara desagertu eta maskaradei eustea zinez tristea litzateke. Eta gainera, diskurtso horrekin maskaradek euskararen alde egin dezaketena desaktibatzen dugu. Badirudi oraingo honetan zuberotarrek maskaradak euskara baino gehiago maite dituztela. Horren aurrean, argi esan beharra dagoena da euskara behar dugula maskaradekin aurrera jarraitu nahi badugu, eta euskararik ez badago akabo maskaradak.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa