Lanaldi laburragoa, gutxiago xahutuz hobeto bizitzeko

  • Lana erdibanatzea aukera egokia ote da krisitik ateratzeko? Lan alorrean zertan mamitzen da “ekonomia berdea” deitu dena? Ordaintzen ez den lana nola ulertu behar da gaur? Eta Britainia Handian egin duten legez 21 orduko lanaldia abiaraziko bagenu, zer? Galderon inguruan garatu dute Ecología Política aldizkariaren 40. zenbakia.

La Décroissance aldizkariaren 2007ko azala.
La Décroissance aldizkariaren 2007ko azala. "Lan gutxiago egin hobeto bizitzeko" dio hizki nagusietan. Irudiak aditzera ematen duenez, lanaldia murrizteko eskatzea baino gehiago da, arrainak uko egiten dio 50 euroko biletea iltzaturik daraman amuari. Irudi txikian, Ecología Política aldizkariaren azken zenbakia. Honetako beste artikulu batean Jorge Riechmann irakasle eta militante ekologistak lana aztertzen du bere alderdi antropologikotik, kezkatuta dagoelako mugimendu alternatiboetan lanaren kontra ugaritu diren ikuspegiekin: "Ez dute soilik lanaren etika burgesa arbuiatzen, baizik eta lanaren edozein etika, menperatze tresna delakoan". Riechmannek, aldiz, formulatzen du lanaren etika ekologiko bat: "Borrokatzea laneko menperakuntzaren kontra, natura suntsitzearen kontra, emakumeak lotzen dituzten kateen kontra, izatearen merkantilizatzearen kontra".

“Trabajo y medio ambiente” izendatu dute Ecología Política aldizkararen azken zenbakia. Hura eskuratzeko 15 euro gastatu dituenari nekez damutuko zaio. Gaiotan txit aditua ez denak erdiz erdi asmatuko du azken artikulutik ekiten badio liburuari, 21 orduko lanaldia proposatu duen New Economic Foundation delakoaren kritikatik, alegia. Posible ote da horrelakorik amestea ere, langileoi erretreta gehienok hil ondorengo adin bateraino atzeratzen ari zaizkigun garaiotan?


Ezkerreko ekologismo herrikoiaren eremuan gaztelaniazko erreferentzia nagusietakoa den Ecología Políticaren buru ezagunena Juan Martinez Alier irakaslea da. Maisu zaharraren gerizpera, ordea, pentsalari eta ekintzaile askoz gazteagoak bildu dira: Iñaki Barcena, Florent Marcelessi, Jorge Riechmann, hondakinen kudeaketaz hitz egitera gurera sarri etorria den Ignasi Puig Ventosa...


Aipatu azken artikuluak, José Luis Peñaren 21 horas. Por qué una semana laboral más corta puede ayudarnos a todos a prosperar en el siglo XXI,. laburbildu eta kritikatzen du iaz New Economic Foundationek (NEF) plazaratutako ikerketa. Gure artean ez du oihartzun handiegirik eduki. Ez merezi ez zuelako. NEFek ikertu du nolako enplegua eduki beharko lukeen ekologia politikoaren arabera antolatutako gizarte batek.
Ikertzen hasita, gaurko enpleguaren zenbait ezaugarriz jabetu dira Britainia Handiko NEFekoak. Gaur eten sakona dago ordaintzen den lanaren eta ordaintzen ez denaren artean. Gizarteak funtziona dezan oinarrizkoak diren lan asko, haurrak zaintzea, zaharrak atenditzea, etxeko lanak eta beste, ez dira diruz pagatzen. NEFek kalkulatu du 16 eta 64 urte arteko herritarrak bataz beste astean 20 ordu pagatuzko lanari eskaintzen dizkiola eta, horra ezustekoa, 31 ordu pagatu gabeari.


Media hori ateratzeko, noski, biztanle guztiak kontatzen dira, langabezian daudenak eta etxeko lanak egiteko kanpoko enpleguari uko egin diotenak ere bai. Bestalde, bitxia da ikustea ordainpeko denbora gehien sartzen dutenak direla gehien irabazten dutenak. Eta alderantziz.
Lanaldia “betidanik egon dela” iruditzen bazaigu ere, fabrikaren umea da. NEFekoek atal osoa eskaini diote lanaldiaren historiari, kontatuz nola industriaren sorrera eta hedatzearekin jarduera askok galdu duten beren “lantasuna”: haurren zainketa, etxeko lanak edo auzolana ekonomiatik espultsatu egin zituen sistema berriak, horiek burutzen dituztenak “populazio ez aktiboa” izendatuz.


Ondoren NEFeko ikerketa ahalegindu da aurreikusten bi lan mota horien etena nola gainditu litekeen, eta ea zer gertatuko litzatekeen onartuko bagenu Britainia Handiaren ekonomiak ez diela eskaintzen bere herritarrei asteko 21 orduko lanaldia baizik. Erantzuna: gizartearen lorratz ekologikoa askoz txikiagoa litzateke, batetik, eta bestetik gizakiek beren antolakuntzaren eta oro har bizimoduaren kontrol askoz handiagoa hartuko lukete. Gure haurren hezkuntza hobetuko litzateke, zaharren bizimodua bezala. “Abantailen zerrendak behartzen gaitu zera pentsatzera: ea enplegu gehiago behar dugun, ala, aitzitik, gisa hobeko enpleguak behar ditugun”, laburbildu du dossierraren kritika egin duen José Luis Peñak.


Lan gehiago, txikizioa handiago

Lanaldiaren laburtzea ez da ekologista koadrila baten gaur goizeko asmakizuna. XX. mendeak ikusi ditu obreroak borrokan 40 orduko astea lortzeko borrokan, gero 5 eguneko astearen alde, eta mende bukaerarekin erdietsi zuten Frantziakoek 35 orduko lanaldia. Kultura eta antolakuntza indibidualistagoetan kokatuta, bestelako formulekin antzeko laburketetara ailegatu ziren Holanda, Dinamarka edo Belgikakoak.
Gero, ordea, beste alderako dinamikak abiatu ziren, Sarkozyrekin-eta. Baina Anders Hayden irakasle kanadarrak uste du berriro lanaldia mozteko indarrak sendotuko direla. La reducción del tiempo de trabajo y una estrategia ecológica post-crecimiento artikuluan eman ditu gakoak. Hasteko, gizadiaren lorratz ekologikoa bi halakotu egin da 1966tik eta gaur badakigu martxa honetan ezingo dugula iraun.
Klimaren aldaketatik askoz harago, garapen eredu honen mugak begien bistan ditugu ingurumenaren hondatzean, elikaduren urritze eta garestitzean, energiaren krisian, eta mundu osoko krisi politiko eta sozialetan. Bada pentsamendu korronte bat uste duena ekoeraginkortasun handiagoan datzala gakoa, berdin edo gehiago produzitu eta kontsumitu ahal izango dugula iraunkortasun handiagoz. Hayden eta beste askok ez dute horrelakorik uste, baizik eta hazkunderik gabeko oparotasuna antolatu beharko dela.


“Lanaldia murrizteko politikek –idatzi du Haydenek– etengo lukete ‘lan gehiago egin eta gehiago gastatzeko’ zikloak, horietan baitaude murgilduta herrialde aberatsetako pertsonak, lanaldi luzeekin eta gero eta kontsumo handiagoarekin, nahiz eta horrekin ez duten lortzen ez ongizate hoberik eta gainera ingurumenaren hondatzeari laguntzen dioten. Munduaren iparraldean eten gabeko hazkundeari uko egin beharrak badauka beste justifikazio bat eta da hegoaldea hazi dadin espazio ekologikoa lagatzea, han bai baitago produkzioa handiagotu eta txirotasuna murrizteko beharra”.


2008an lehertutako krisitzarra noizbait konpondu eta lehen bezala bizitzea posible izan litekeela usteko du zenbaitek. Haydenek bezala beste aditu batzuek uste dute horrelakorik ezingo dela. Ezinezko hazkunde baten bila egoskortzea baino uste dute hobe dela dagoen enplegua hobeto banatzea. Langileok irabaziko ditugun orduak erabili ahal izango ditugu beste edozertarako. Ezkerreko ekologistek bultzatzen dute familia eta lagunekin asti gehiago ematea, auzolanean eta politikan parte hartzea, ikastea, hobbyak... denbora lasai pasatzea ahaztu gabe.
Ideiok ez dirudite oso bateragarriak sindikalismoak, baita ezkerrekoak ere, darabiltzanekin. Baina Haydenek uste du lanaldiaren banaketa berri horretara iristeko mobilizatu beharra egongo dela.


Ecología Políticaren sarreran, Ignasi Puig Ventosak Tiempo de trabajo y medio ambiente artikulu laburrean ausardiaz zehaztu ditu iritzi zalantzatiak gai honen lau puntu klabeen inguruan. “1) Orokorrean eta batik bat gizarte industrializatuetan, ingurumenaren mesederako (..) gutxiago produzitu eta kontsumitu beharra daukagu. 2) Horrek dakar lan gutxiagoren beharra. 3) Tentsioak gutxitzeko modua lana banatzea izango da eta batez ere lanaldia murriztea. 4) Honek jaitsiarazi ditzake soldata errealak –alde batera utzirik zer gertatzen den soldata nominalekin– eta hau ere ontzat ematekoa da ingurumenari dagokionez, kontsumoa jaistea lekarkeelako”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude