Astekaria

 Liburuak 

Hogeita bost poema

Igor Estankona

Igor Estankona


2266. alea
2011-02-27
alde 1    kontra 0
Ilunpetik argira

Alvaro Rabelli ::Lotsati: Ilunpetik argira

Alberdania

orrialdeak ::118

prezioa ::14€

Alvaro Rabellik sakon iruzkindu du Gurutz Sarasola Martinez Lotsati Itsasondoko (Gipuzkoa) poetaren 1935. eta 1936. urteen arteko obra laburra. El Día, Argia, Ekin, Euzkadi eta El Pueblo Vasco egunkari eta aldizkarien orrialdeetan ibili da, pieza bakoitza dastatuz eta aztertuz. Ikuspuntu ugari ageri da liburuan –estilistikoa, hizkuntza aldetikoa, orduko giroari dagokiona...– eta Lotsatiren inguruabar biografikoen garrantziaz ere ohartarazten gaitu saiakeragileak, ezer baino lehen: “Hara non, baina, Lotsatiren heriotza lazgarriak [bere burua trenera botata hil zen, maiteminak jota antza] horrexetara eraman zuten balizko arrazoiek piztu dute orain askoren artean harenganako interesa, eta bere figuraren inguruko nolabaiteko kondaira ere sortu dela esango nuke nik. Izan ere, bere lanaren zatirik garrantzitsuenak, amodioarenganako ezinaren isilak hain zuzen, bere heriotzarekin, aldez edo moldez, zerikusia izan dezake”.

Amaiera erromantiko honen eta bizitza abertzale katolikoaren nahastetik datozkio Gurutz Sarasolari Maitatuko zaitut benetan honen gisako lanturuak: “Eziñ bazaitut maitatu benetan/ Maitatuko zaitut ametsetan,/ begiak itxi eta/ Egongo naiz zurekin izketan./ Egongo baziñake bezela/ Nerekin zeruetan”.

Tristezia eta bizitza darion poesia gazte honetan, gai nagusi diren sentimenduak modu sano elegantean jantzita aurkezten dizkigu Lotsatik. Artista inpresionistaren zehaztasuna darabil emozioak deskribatzerako unean, ia denborarik eta lekurik gabeko poetika bat erabiliz, bihotzean kokatzen dena. Erraietako paisajea dakar Gurutz Sarasolak, gaur egun oraindik txundigarria, eta garai hartako euskal irakurleei, seguru, fresko eta ausart begitanduko zitzaiena: “... orain nire ondotik pasatzen zeranean/ Ezpaña okertuz eta arrabiarekin/ Ayo esaten dizut. Bañan ay!/ Ez dakizu zein bestebat dan/ Barrenean sentitzen dedana”. Irudi indartsuekin –lapurrak bidean, ezpata gerrian...–, sinbolismorako joerarekin –etorkizunaren aurka irabazitako burruka–, eskapismoarekin –basamortuak, mendiak– eta halako dramatismo gotiko batekin, Lotsatik irrealitatearen mugetara darama irakurlea: “Aizkorea artuko nuke,/ Ankea ebakiko nuke.../ Eta jana emango nizuke”. Lotsatiren poemetan galtzea beraz ariketa modernoa da, gerrak eten zuen pizkundeko ahots berezienetarikoa gozatzeko aukera parebakoa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza