Astekaria

 Liburuak 

Gure bizitzako urterik txarrenak?

Irudia

Saioa Ruiz Gonzalez


2264. alea
2011-02-13
alde 0    kontra 0
Sunset park
Sunset park

Paul Auster ::Sunset park

Alberdania

orrialdeak ::272

prezioa ::19.50€

Brooklyngo erokeriak (Brooklyn Follies, 2006) eleberriaren bitartez, 2001eko iraileko gertakariekin amaituko zen bizimodu baten lehen zertzeladak aurreratu zizkigun. Eleberriaren nolabaiteko amaiera “zoriontsuarekin” batera, zabalik utzitako proiektu baten hastapena ematen zuen irudi lauso hura, I-11ren osteko mundua irudikatzen duen benetako koadroa bilakatu da Sunset Park lanean. Ez da gizartearen analisi deskriptibo soila Austerrek egiten duena baizik eta, beti ere gizakia ardatz, bere pertsonaiek jasan eta bizi dutenetik abiatuz, AEBetako egoera sozio-politikoaren erretratu gaurkotua eskaintzen du. Obamaren presidentzia hautatu berria, Irakeko gerraren iraupenak eta horrek eragiten duen bikoteen arteko desesperazioa, 2008ko blokeo ekonomikoa, ordaindu ezinezko kreditu eta alokairuek kalean bizitzera behartutako milaka familien sufrimendua. In the Country of the Last Things (1987) eleberriaz geroztik, kapitalismo bortitz krudelenaren ondorio sozialak islatzen duen lanik ez dut gogoratzen Austerren ibilbide literarioan. Eta oraingoan ere, pertsonaiek egunerokotasunean bizirauteko egiten dituzten ahaleginetan, etorkizun itxaropentsurik eskaintzen ez duen mundu garaikidearen panorama ezkorra da nagusi.

Sunset Park New Yorkeko auzo txiroetako bat baino askoz ere gehiago da; “Munstro ero eta suntsitzaile” (153. orrialdean) horretan txertatutako mikro mundu bat. Bertako etxe abandonatu batean, okupa bizi diren lau gazteen bizitza hondatuaren gordelekua da. Iraganeko gertakari batek ihes egitera bultzatuta, sorterrira itzuli berri diren izaki zaurituak dira. Idazlearengan ohikoa izaten den kontakizun gainjarririk gabe, ongi bereizitako atalez atal, pertsonaia bakoitzaren iragana zabalduz doa. Horrela gorpuztu egiten da hain ezaguna zaigun unibertso austeriarraren konstelazio sare tipikoa: Brooklynen girotu izana, familia barruko tragediak, gizakiaren ahultasuna gogorarazten duen ustekabeko heriotzaren presentzia etengabea, erruaren zama, maitasun erlazio ustelduak eta, noski, testuartekotasun izugarri aberatsa (beisbola, zinea, literatura). Hankaz gora dagoen mundu batean, borrokarako pizgarririk gabeko errealitatean, Wiliam Wyler-en Gure bizitzako urterik onenak (The Best Years of Our Lives, 1946) filmaren presentzia obsesiboak gobernatzen du. Iraganeko gerra batetik eratorritako soldaduen antzera, etorkizunean sinesterik ez duen gazte talde baten erretratu ezkor aski exageratua iruditzen zait.

Inork ez zuen esan bizitza erraza zenik, baina beste topiko bat gaineratzearren, esperantza da galtzen den azkeneko gauza. Eta literatura existitzen den bitartean topiko horrek bizirik dirau.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza