III. Errepublika

Errealitateak normalean fikzioaren lorpenik handienak gaindi ditzakeelakoan gaudenok irudimen-ariketak burutzeari ekiten diogu sarritan, geure ametsetan noraino hel gaitezkeen frogatu nahian. Eta, behintzat, gogoetak paperean idazten ditugunok jakin badakigu ikaragarrizko salto kualitatiboak egiteko gai garela, batere esfortzurik gabe. Bada, errealitateak gu adimentsuok baino askoz indar handiagoa duela kontuan edukitzen badugu, atera kontua zein nolako ustekabeak eraman ditzakegun eguneko edozein unetan.
    

Urteari ekin nion Errege Magoen zerbitzariari eskutitz bat eskuetaratuz, haiek baitira nik miresten ditudan pertsonaiarik iaioenetakoak, normalean geure ilusioei erantzun zuzena eskaini dietelako. A! Eta zer esanik ez, munduko errege guztien artean errespetatzen ditudan bakarrak dira. Kartoizko gainerako guztiak –bai, besteak beste gure Europa zaharrean oraindik erresumaren irudi anakronikoari eusten dioten estatu buru horiek– errefusatzen baititut nire indar osoz. Bada, magoei eskatu nien aurten III. Errepublikaren bidea errazten hastea. Eta eskabidea ume-bihotzarekin egin nien, garbi baitaukat pertsonaia mitologiko horiek ez dituztela haurrak desengainatzen.
    

Aurten 80 urte betetzen dira espainiar II. Errepublika sortu zela. Ia-ia bost urtez iraun zuen, Francoren diktadurak erail baitzuen txikitxoa, 1939ko apirilaren lehenean. Espainiako orain arteko Errepublikak oso gazte hil dira, aurrena ere (1873-1874) bere bigarren urtebetetzea egin gabe desagerrarazi baitzuten, Borboiak berrezartzeko. Eta Borboiek jarraitzen dute espainiar monarkiaren oinarrian, oraingo aldian ere tronoan indarrez jarrita, Franco jeneralaren 1969ko erabakia dela medio.
    

Badakit errepublikek ez dutela, berez, estatuaren kudeaketa politiko egokia bermatzen. Begira, bestela, zer gertatu zaion –adibide denboran hurbila jartzeagatik– tunisiar errepublikari. Baina mahgrebiar lurralde horretako gizartearen erreboltak hankaz gora jarri du lehendakari ustel baten ibilbide politikoa eta une hauetan aro berri baten atarian daude tunisiarrak, aurrerantzean gizarteak berak hautatutako beste lider batek gidatuko duelarik estatuaren lema.
  

Monarkiak iraganeko erakundetzat hartzen ditut eta ezin dut ulertu egun nazio-batasunaren sinbolotzat daukatenen arrazonamendua. Ene ustez, demokrazia eta monarkia bi kontzeptu kontrajarriak ditugu. Lehenak boterea hiritar guztien baitan jartzen badu, monarkiak ezereztatu egiten du haren ahalmena. Francoren “Caudillo de España por la gracia de Dios” harengatik ez bada, zeren izenean eskaini behar zaie Borboiei estatuaren gaineko buruzagitza eternala?
    

Espainian III. Errepublika ezartzeak amets hurreneko lantegia dirudi. Espainiar alderdi politikoek ez bide daukate beren lehentasunen artean balizko errepublikaren berrezarpena. Areago, nik esango nuke espainiar populazioaren gehiengo batek ez dakiela monarkiaz gain beste gobernu motaren aukera dagoenik. Eta, beraz, “zoriontsu” bizi dira beren ezjakintasunean. Alderdi politikoak –baita, noski, sortzez errepublikazale direnak ere– ez daude joko itxuraz arriskutsuetan sartzeko prest, planteamendu berritzaileak ez bailieke botorik erakarriko. Eta horrela, hiritarrek hautatu ez dituzten pertsonaia gero eta xelebreagoen esku geratzen da estatu-buruzagitza. Ia magoek entzuten didaten oraingoan ere. Errealitateak fikzioa gaindituko luke.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude