"PSOE da Espainiak inoiz izan duen alderdi pozoitsu eta minena"

  • “…Zai, zoi, bele, arma, tiro, pum…”.
Carlos Tena
Carlos Tena kazetari probokatzaileaDani Blanco

Medikuntza ikasten hasi eta kazetari lanetan bukatu…


Mediku semea nintzen, eta familia ugaria ginenez, unibertsitatean deskontu handi samarra geneukan. Anaia zaharrenak nahiago izan zuen ingeniaritza agronautikoa egin, eta hori ikusita, nik medikuntzari ekin nion. Dena den, ez dakit bata zuriarekin lanean bukatuko nuen, ez dut irudikatzen nola sentituko nintzatekeen gaixoak artatzen. 20 urte nituela, ordea, aita hil zitzaigun, etxean panorama patetikoa utziz. Pentsa, hamahiru anai-arreba ginen, eta gazteenak hilabete baizik ez zeukan. Lan bila hasi nintzen orduan. Irrati batera jo nuen, eta froga batzuk egin ostean, Luis Del Olmo izeneko batek nahiko azkar fitxatu ninduen. Lanak hala aginduta, 1975ean, berak zioen gisan “maritxuen talde bat” ikusteko bi sarrera eman zizkidan, eta hantxe lur hartu nuen Beatles-en prentsaurrekoan. Egun hartan jabetu nintzen Espainiako kazetaritzaren mediokritateaz. Lotsagarria zen, barregarria. “Paella gustatzen zaizue?”, “zer dakizue flamenkoari buruz?”, “egingo zeniokete kanta bat Osborneko zezenari?” bezalako galderak pausatzen zituzten. Hori ikusita, eta ingelesa ikasteko aukera neukanez, musika arloa jorratzea erabaki nuen, 1977an irratian plaza irabazi nuen arte.


Kazetaritzaren esferetan boterearen morroiak eta iraultzaileak nahasiko zineten.


Ez ginen komunista asko, baina komunistak bakarrik geunden, kar, kar. Kazetaritzako irakasleek informazioak objektiboa eta kontrastatua behar zuela esaten zigutenero “ez ditek egiten baina hala esaten ditek behintzat” pentsatzen nuen nire baitan. Tamalez, egungo kazetaritza eta diktadura garaikoa berdin-berdinak dira, desitxuratzaileak, kamutsak, eta manipulatzaileak. Zenbaitek ederki jarraitu dituzte dotrina zaharrak, eta bitxia badirudi ere, kazetaritza zorrotzago, objektiboago eta ez hain manipulatzailea egiten saiatu garenak bukatu dugu XXI. mendeko zentsura den ostrazismoan. Hizkuntza batzuk nekizkienez, kanpora bidaltzen ninduten musikaz hitz egitera, horrek kikilduko ninduelakoan, baina nik ez nuen aukerarik galtzen mezu probokatzaileak sartzeko. 1971an, Espainiako alderdi komunistako jendea ezagutu nuen Parisen, eta ahotsa aldatuta bertako irrati batean kolaboratzen hasi nintzen. Horri esker Ramon Chao –Manu Chaoren aita–, Ignacio Ramonet eta artista mordoarekin harreman estua lortu nuen. Saiatu nintzen Ez Dok Amairukoak euren kanta eta kontuak irratian pasatzeko konbentzitzen, baina ulergarria zenez, ez zuten deus jakin nahi kazetari espainolekin. Hori bai, harrigarria badirudi ere, irrati espainoletan gaur egun baino askoz euskarazko, galegozko eta katalanezko kanta gehiago entzuten zen. Horregatik diot egungo erregimena askoz zapaltzaileagoa, manipulatzaileagoa eta bereziki, askoz faltsuagoa dela. Diktadurak bere txarrean abantaila bat du, otsoa ez dela ardi-larruz mozorrotzen. Baina diktadura demokratiko hau, erregimen hipokrita, ustela eta torturatzailea da. Horri bai egin behar zaiola kontra.

Ez dira gutxi, ordea, frankismoaren sutan erre direnak.


Telebistan, dena mila filtrotatik pasatzen zenez zailagoa zen ezer egitea, nahiz eta Vulpes-en bideo polemikoarekin ziri ederra sartu genien. Irratian, alta, dena zen zuzenekoa, eta soldatarik gabe aldi baterako kanporatzeetan bukatu ziren mila anekdota dauzkat. Gogoan dut, 1976an, erregimen frankista hankaz gora zihoanean, kanta aldarrikatzaile eta iraultzaile anitz jartzen nituela, eta RNE-ko zuzendariak “tira, badakit zu zer zaren, mesedez ez iezadazu arazorik sortu hau dena erori arte” erregutu zidala, eta oso eskaera koherentea iruditu zitzaidala bere partetik. Ez duzu imajinatzen zenbat barre egin genuen esan zidanean CESID-eko norbaitek ulerrarazi nahi izan ziola militar baten alabarekin ezkondu nintzela, militarren familiak zikiratzeko alderdi komunistaren plan baten baitan. 1978-1979an, beste etapa bat etorri zen, non UCD-k, askatasuna zer zen ez zekielako, egungoa baino mila aldiz irrati-telebista sistema askeagoa garatu zuen. Baina PSOE agertu zen ondotik, eta ahal izan zutena eta gehiago suntsitu zuten. PSOE da Espainiak inoiz izan duen alderdirik pozoitsu eta minena. Oso jende ondradua dauka militantzian, baina agintari koldar eta faltsuz beteta dago, herri honen minbizia izan zen Felipe Gonzálezetik hasi eta egun agintean dagoen Zapatero izeneko mediokritatearen sinboloraino. Alderdi horren historia traizioz, manipulazioz eta orbanez beteta dago Francoren heriotzatik gaur arte, hainbesteraino non, NBEn, oraindik orain, eta arrazoi osoz, Espainia tortura praktikatzen dutenen zerrendan daukaten, giza-eskubideak betetzeko eskatzen diegun Peru edo Kolonbia bezalako herrien ondoan.  


Zenbat eragiten du frankismoa bezalako diktadura batek panorama musikalean?


Frankismoa bortitza bezain tontoa eta ezjakina zenez, ez zeukan gaitasunik estetika jakin edo letra estilo bat bideratzeko. Ekintzaren ordua iristen zenean, ordea, instituzioek dirua jarri behar izaten zuten, eta beti egon da joera gehiago kontratatzeko politikoki zuzena, ertzeko gorria baino. Baina zer gertatzen da gaur egun ere? Frankismoak baino eragin handiagoa dauka egungo ezkutuko diktadura honek, non politikoki zuzena izan eta kondenatu beharrekoak kondenatu behar dituzun lan egin nahi baduzu. Hori larrutik ordainarazi zidaten, 90eko hamarkada hasieran, nire lana RNEko pasilloetan inongo zereginik gabe noraezean ibiltzea bihurtuz. Azkar ikusi nuen hortik alde egin beharra neukala bizirik eta sano irten nahi banuen, eta alabari pisua oparitzeko besteko dirua batu ostean hanka egingo nuela erabaki nuen. Lluvia de Estrellas bezalako programa txatxu batek eman zidan txanponak biltzeko aukera, eta pentsatutakoa eginda, oso lasai geratu nintzen. Horri esker jabetu nintzen erregimen borbondarrak panikoa diola demokraziari, ez duela herriak hitz egiterik nahi, eta politikoki zuzenaren diktadura beste edozein diktadura baino zapaltzaileagoa eta mugatuagoa dela edozein arlotan.   


Zergatik kexatzen da musikaren industria?


Ez duzu imajinatu ere egiten zenbat diru lapurtu duten urtetan. 1984an, CD batek 4.000 pezeta balio zuen, proportzioan egungo 50 euro, eta LP bilduma genuenok CDetara pasako genuela pentsatuz txanponak kontatzen pasa zituzten urteak. Gainera, konpainia multinazionalak horretara baizik dedikatzen ez direla dioen mitoa gezur hutsa da, gehienak armagintzan edo industria farmazeutikoan tximetaraino sartuta baitaude. Baina gaur egun, konpainiek etsi egin dute, eta badakite euren negozioa aldatu beharra daukatela. Internet dela eta ez dela, musika jaistea autorearentzat kaltegarria dela salatzen dute behin eta berriz, baina ekintza eta exekuzio mekanikoengatik dirua biltzeko tenorean editorialak %20a edo gutxiago baizik ez dio emango artistari. Are gehiago, badaude Prisa bezalako marrazoak, editorial propioa daukatenak, eta zure disko bat Ser irratian entzutea nahi baduzu ordaindu beharra daukazu. Diru hori Ser-ek bere editorialarentzat biltzen du, horrekin SGAE-ri ordaintzen dio, eta editoreak direnez, SGAEtik diru bat jasotzen dute bueltan. Horrek zer esan nahi duen? Bestela ere autoreari hutsaren hurrena iristen zaiola. Horri, SGAEn etekinen banaketa ilegala darabiltela, kontu argirik ez daukatela, auditoriak ukatzen dituztela, eta beren buruzagientzat erretirorako hilean 20.000 euroko pentsioak uzten dituztela gehitzen badiozu, zer nahi duzu esatea? Nigatik segi dezatela negarrez malko-hustu arte. Ez didate penarik emango!


Bizi diren bezala jokatzen omen dute futbolariek. Entzuten dugun musika gure bizimoduaren eta izaeraren isla da?


Oso kutsatuta gaude eta auskalo. Nire kasuan, hainbeste musika entzuten dudanez ez naiz inoren fana. Autoreak baino gehiago obrak gustatzen zaizkit. Behin, lagunartean, Benito Lertxundiren kanta bat jarri nuen, kantari jugoslaviar berri bat zela esanez, Emir Kusturicaren laguna. Bukatutakoan soilik esan nien nor zen eta zein hizkuntzatan ari zen. Sekulakoak eta bi bota zizkidaten, horrek eragiten duen ezjakintasuna sekulakoa baita. Niri berdin zitzaidan zer entzun, ez neukan fobiarik. Nik berdin-berdin entzun nezakeen opera ala musika herrikoia, baina ezker mugimenduan popularra zen oro gutxiesten zuen joera bat sortu zen, akats larria iruditzen zitzaidana, eta horregatik beti defendatu ditut obrak artisten gainetik. Zentzu horretan, ez dut jasaten bere iritzia ez emateagatik ezer baino lehen zurea galdetzen dizun jendea. Inork ez luke lotsarik izan behar “hau gustatzen zait” esateko. Inork ez luke lotsarik izan behar Beatles-ek, oso kanta onak dauzkaten bezala, txar amorratuak ere badauzkatela esateko. Autoreak pasa egiten dira, obrak ez. Gauza bat daukat oso garbi: Schubert eta gisakoen musika gaztetatik entzun behar dela, belarria egoki baino egokiago formatzen dutelako, zentzumen oso bat garatzen laguntzen dutelako, eta obra bat baloratzeko lanabesak ematen dizkizutelako. Egia da jende bati ez zaiola gustatzen. Ez dira hizkuntzan murgiltzen, ez direlako jabetzen hizkuntza bakoitza musika bat dela. Niri, esaterako, euskararen musikaltasuna zoragarria iruditzen zait. 

Zer musikaltasun topatu duzu Kuban?


80. urtean joan nintzen lehenbizikoz, eta ideologikoki bihotzekoa izateaz gain izugarrizko jakin-mina pizten zidanez, urtean bi edo hiru bidaia egiten hasi nintzen, 2002an bertara bizitzera joan nintzen arte. Hasieratik jabetu nintzen komunistak izan arren ez zirela errusiarrak. Hainbeste kantatzen, bekaturik gabe larrutan egiten zuen eta gainera iraultzailea zen herria ezin zen errusiarren ereduan sartu. Ez daukate tristura eta ortodoxia kristaurik zainetan. Era berean, Kuba Hego Amerikarekiko ere desberdina zela ohartu nintzen. Kuban ministro bat ustelkeriagatik erortzen denean, ez da kartzelara joaten, erortzen da eta kito. Herritarrek argi eta garbi esango diote pertsona gisa porrot egin duela, baina hori aski umiliagarria denez, handik normaltasunera itzultzen dira eta inork ez du lurrean dagoena zapaltzen. Horretaz gain, herri kubatarra oso pikaroa da, atzerritarrekin gehienbat, baina etxekotzat hartzen zaituztenean kito. Pentsa, orain kontrabaltseroa deitzen didate. Oso herri jantzia da. Ederki dakite zer daukaten eskuartean, baita euren ahulgune eta gabeziak zein diren ere. Badakite zer den argia, telefonoa, ura eta abar subentzionatuta edukitzea. Badakite zer suposatzen duen blokeoak. Ez duzu sekula kubatar bat ikusiko gobernuaren egoitza baten aurrean irainka edo bandera bat erretzen. Zur eta lur, askotan galdetzen didate Espainian zergatik erretzen ditugun hainbeste bandera. “Lurra garbitzeko oso ondo daude, compañero” egiten dute barre. Oso praktikoak dira, oso toleranteak, baina batez ere, maitasun eta begirunean heziak. Baina Kubari mikroskopioarekin begiratzen dio munduak. Adibidez, El Salvador-en askoz miseria handiagoa dago baina inork ez du ezer esaten. Kuba entzun orduko, alta, denak hasten dira bere akatsei begira, ebidentzia positiboak ahaztuta. Bai, Kubako haurren hilkortasun tasa Estatu Batuetakoa baino apalagoa da. Bai, Kuba da Latinoamerikako herririk beharrezkoena, berari esker hitz egin baitezakegu Boliviako liberazioaz etab., etab., etab.

 
Nola irudikatzen duzu Fidel Castroren heriotzaren osteko aroa?


Oso zaila da. Jende batek Fidel botereari estu-estu lotuta zegoen lapa zela uste izan du beti, baina ezagutzen duen edonork daki ez dela hala. Gauza jakina zen ebakuntza larri horren ostean ez zela agintera itzuliko. Fisikoki desagertzen denean beti geratuko da iraultzari lotutako pertsonaia bat, baina iraultza hori biziarazteko jende gazteagoa beharko da, eta jende hori hor dago. 50 urte baino gehiagoko blokeo honetan Kubak 600.000 milioi dolar baino gehiago galdu ditu, eta gaur arte iraun badu, aldatzen eta egokitzen jakin duelako izan da. Bistan da aurrera egitekotan, Kubako sistemak aldatu beharra daukala, uneotan dagoenak ez duela balio. Zergatik uste duzu alderdi komunistak alderdiaren katarsia eragingo duen prozesua jarri behar duela martxan? Zergatik uste duzu garbiketa ideologiko sano baten atarian gaudela? Orain, gauzak dauden bezala egonda, herritar xumeari erabat zintzoa eta ondratua izatea eskatzea hipokresia ikaragarria litzateke. Kubatarra beste pasta batekoa da. Ez dute ulertzen Bartzelonan aitona bat atxilotu izana ogia osteagatik. Pentsa, lapurrek ere ongi hitz egiten dute Kubako poliziaz. Ez dute espainolek duten tortura demokratikoaren kulturarik. Horregatik diot Kubako ereduak Kuban baizik ezin duela funtzionatu, eta orain arte bezala, egoerei egokitzen asmatzen badu, Fidelekin edo gabe, aurrera egiten asmatuko duela.
Nortasun agiria
Madrilen sortu zen 1943an. Kazetari probokatzailea, musika kritikari ospetsua eta disko zenbaiten produktorea Kuban bizi da 2002tik, eta bertako musika tradizionalaren zentroan lan egiten du.
Fidel
“Behin La Habanatik nindoan ‘Con Fidel hasta el fin del mundo’ zioen Espainian erositako kamiseta batekin. Polizia bat hurbildu zitzaidan, kamiseta non erosi nuen galdezka. Azalpenak eman eta ‘Al comandante no le gustaría’ erantzun zidan uniformedunak. Egia da. Oso gutxitan agertzen da Fidel bakarrik. Ez zaio gustatzen. Kamiseta gehienek, Che, Jose Martí edo Cienfuegos daramate. Fidelen estatuak ere apenas dauden”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude