Astekaria

 Liburuak 

Sarri apostolua eta inoiz euskalgeisha

Gema  Lasarte

Gema Lasarte


2262. alea
2011-01-30
alde 0    kontra 0
Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan (Miren Agur Meabe)

Miren Agur Meabe ::Bitsa eskuetan

Susa

orrialdeak ::90

prezioa ::12.83€

Euskal poesiaren arrosa den andre mamitsu honek, hiru atal aski ezberdin dituen poema landa edo itsasoa paratu digu, likidotasunaren semantikak eskaintzen duen jariokortasun guztia literatur aitzakia bilakatuz.

Meabek ondo aitortzen duen bezala, ispiluak ditu azalean eta bere trakeak badu izan bere mintzoa. Nitasunetik idazten digu egileak, ahots propioa ez ezik, identitate eraikuntzarako ispilu anitz jarri dizkio haren bizi esperientziei. Zaila egiten da egilearen eta subjektu poetikoaren arteko diferentziarik aurkitzea, balirudike etenik gabe Meabe bera dela erraietatik idazten ari zaiguna. Esaten digu, oroitzen duena dela, horixe dela, besterik ez; ez dela perfektua, Parkak politago eta argiagoak direla. “Uharte isila eta sakan ozena, neu, uneoro poeta, noizean behin jueza, sarri apostolua eta inoiz euskalgeisha”.

Zahartzen ari den emakume baten testigantza ematen digu. Hala, laster semeak ez diola “pa” emango, laster hilero hilekorik ez duela izango esaten digu. Baina, sekula ahaztu gabe idazle honek sukaldearen minipoetika oso duela maite, jarraitzen duela sukaldean idazten makarroiak edo hitzak egosi bitartean. Eta hori, Meaberen eta bere poetikaren konstante bezala azpimarratu beharko genuke. Izan ere, errelato handiak, egia absolutuak etxeko gauza txikiekin, emakumeen kontuekin nahasteko, josteko etengabeko nahia erakutsi ohi baitu Meabek. Emetasunaren aldarria edozein unetan egiteko gogoa eta beharra.

Egia txiki hauek, ordea, bakardadea, heriotza eta maitasuna bezalako gai handiekin lotu ditu Meabek liburuaren joanean. Horrela, bigarren atala oso-osorik heriotzari begiratu bat da. Amaren heriotza. Ama hitz egiten jarri du Hobia poeman eta estreinakoz poetaren ama mintzo zaigu eta jakin dugu poetak begia galdu zuenean, edota abortuen garaian, ama eta literatura izan zituela sufrimenduan lagun.

Azken atalean, Meabek, gai unibertsalak albo batera utzita, zapitxo intimoak eskaini dizkigu. Bizitzeko beste modu batzuk. Maitasun erromantikoak ahaztuz, kontrabandoko maitasunaz, gurpil gabeko, etxerik gabeko maitasunaz mintzo zaigu beste gauza askoren artean. “Zu maitatzea zen izotz artean saltoka ibiltzea, haize zorrotzaren deiei baietz, baietz esatea (…) Eta beste antartikan, tipula nahiz arima zuritzea, geranioari eta bizitzari lurra aldatzea”.

Hitz gutxitan, binomio fantastikoak ondo josten dakien poeta honek, gairik garratzenak eta txikienak elkarrekin lotuz poema handiak, esanahi handikoak, egiten dakiela erakutsi digu berriro. Horretarako emetasunaren, azalaren, likidoen eta sukaldearen semantikak, Itsaso zabalaren, Heriotzaren nahiz Maitasunaren gai unibertsalekin ezkondu eta parez pare jarri behar izan baditu ere. Eta hor dago, nire gusturako, emakume honen poesiaren handitasuna.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza