Ziberletretan dena dago esateke

  • Zer etorriko den ez dakigu baina bai gauzak aldatzen ari direla. Letrak pantailara doaz eta inozoa litzateke pentsatzea testuak paperean bezala izango direnik. Literatura digitala, ekranean leitzeko pentsatua, hasi da bidea urratzen. Idazle anglosaxoiek hartu dute aurrea, baina katalanez ere obra eta egile interesgarriak plazaratu dira azken urteetan.
University of west Florida
Ia konturatu barik “liburu digitala” bihurtzen da solasaldiaren erdigune, literaturaz eta digitalizazioaz hizketan hasi bezain pronto. Nola ekarri kode binariora orain arte paper, kartoi, kola zen hori. Nola banatu. Zein gailutan irakurri. Nola moldatu argitaletxeen negozio-eredua. Baina testuaz gutxi hitz egiten da, digitalean zabaltzen ari den literatura gehiena paperean publikatzen den berbera delako, ingurune teknologiko berri batean leitzeko prestatu bada ere. Paper eta tinta bihotza dute ekoizten diren ia obra guztiek, pantailetan geroz eta gehiago irakurri arren.

“Ezagunetik –alegia, liburutik– ezezagunera –pantailara– bidea egiten ari gara” dio Laura Borràsek; ibilbide horretan liburua kaskotik ezin aterata ibiltzea ulergarria da, nahiz eta zama moduko ere baden, aukera berriei ikuspuntu zaharrekin erantzuten saiatzea delako. “Momenturen batean, frikzioak sortzen dira, literatur generoak historian osatzen joan direlako, ezaugarri anitzi erantzunez: euskarria, luzera... Aldiz, pantaila unitate bera da guztiarentzat”.

Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, azken hamaika urteetan ohiko irakaskuntza uztartu du ingurune birtualetan eskaintzen dituen klaseekin; eta bere unibertsitateak Grup 62 editorialarekin batera antolatzen duen Literatura aro digitalean masterra zuzentzen du. EHUren Leioako campusean izan da 2010aren hondarrean, pantailan irakurtzeko beren beregi pentsatutako literaturaz berbetan. Iratxe Retolaza irakaslearen bulegoan ari da galderei erantzuten, tarteka gaitik aldenduz, lotura duten kontuak solasaldira ekarriz, berriz hariari helduz. Bai, irakasle honek hipertestua hitz egiten du.

Esperimentuak egiteko momentua

Umeak taka-taka batekin oinez hasten direnean nola, halaxe hasi ziren literatura digitaleko lehenbiziko obrak sortzen Borràsen esanetan. Irakurleari bide diferenteak eskaintzen zizkioten istorioak ziren aurreneko ziberliteratura testuak. “Noski, hori ez da ‘zure abentura bizi ezazu’ erara idatzitako liburu haien translazio ariketa besterik”. Baina apurka-apurka ausartago jokatu dute idazleek, begiekin irakurtzeko literaturatik jauzia egin dute, zentzumen gehiagoren arreta eskatzen duten obrak sortzen hasi dira. Ikus-entzunezko inputak, adibidez, ez dira arrotzak ziberliteratura egiten duten artistentzat. Ezta irakurlearen leitzeko erritmoa manipulatzea ere: “Badago fundazionaltzat jotzen den testu bat, Stuart Moulthrop estatubatuarrak idatzia, hiru segundoro aldatzen dena, eta zu sekulako ezinegonarekin zaude, dena irakurri nahian. Irakurleari tentsio moduko bat eragiten dio, irakurketa-ordena aldatu egiten delako, eta oraindik ez dauzkalako erreminta kritikoak errealitate berri hori ulertu ahal izateko”.

Esperimentazio fasean dago literatura digitala eta hala egongo da bolada luze batean, Borràsen ustez. Pentsa bestela, ezagutzen dugun liburu-ereduak zenbat urteko garapena behar izan zuen aurreneko obra kanonikoak erditzeko. Dante, Shakespeare eta Homero digitalak urrun daude. Idazleek aztertu beharko dute medio berriek zein aukera eskaintzen dizkieten istorioak kontatzeko, probak egin, mila aldiz erori zaldi numerikotik, animalia bezatu eta eredu bat nagusitu arte. “Handi pentsatzeko momentu polita da hau” dio Borràsek. “Think big, ingelesez esaten den moduan: Internet kolaborazioa da, partekatzea. Beraz, bilatu pertsona egokiak buruan daukazun ideia hori egiteko”.

Zineman gaur egun dagoena izan liteke literaturan datorrenaren eredu. Obrek egile kolektiboa izatea, alegia. Testua idatziko duen idazlea bai, baina programatzaileak ere beharko baitira, eta musikariak, bideo sortzaileak. Zernahi. “Deena Larsenek, adibidez, testua idazten du, baina musika beste lagun batek egin du. Eta testuaren egilea kontuan hartzen da, baina baita programazioarena eta musikarena ere”.

Ziberliteratura katalanez

Liburuak L’hora quieta zuen izena, Maria Dolors Farrések idatzi zuen eta Interneten irakurgai jarri 2003an. Sarean ahoz aho funtzionatzen hasi zen, blogez blog zabaltzen, 2007an Sant Jordi sariko finalista bihurtzeraino. Duela bi urte publikatu zen paperean Proa argitaletxearen eskutik, El monestir de l’amor secret titulu berria jantzita. Literatura katalana sarean bizi-bizi dagoela erakusten du nobela historiko horren ibilbideak. Argitaletxeek gertutik jarraitzen dute blogosfera, egile berrien, ahots freskoen, obra ausarten bila. Eta pantailatik leitzen duen irakurlean pentsatuta idatzitako obrak ere ugaritzen ari dira.

Borràsek bi adibide eskaini ditu: aurrenekoa, Lluis Calvok eta Pedro Valdeolmillosek osatutako Isopoema (www.epimone.net/
pieces/isopoema/index.html helbidean irakur daiteke); poema bat hartu eta irakurlearekin elkar-eragina sortzeko interfazea diseinatu diote sortzaileek. Hiru dimentsioko agertoki moduko bat ikusten du erabiltzaileak, lauki bat, hutsik; eta saguarekin botoi batean klikatuta poesia-lerro bat eskatzen du. Ekranaren goiko aldetik erortzen dira hitzak eta lebitatzen geratzen dira laukiaren gainean. Beste lerro bat. Baina oraingoan buelta emanda azaltzen da eta zuzen jartzeko hitzetan klik egin behar. Azkarregi eginez gero, beste botoi bat agertuko da, “impaciència” hitzarekin. Irakurtze-erritmoarekin esperimentatzen du Isopoemak eta papererako pentsatutako poema batek interpretazio digital ugari izan ditzakeela erakusten du, testua bideojoko baten antzeko zerbait bihurtzen.

Bigarren adibidea Anton Ferreten Retorn a la Comallega narrazioa da (www.salnitre.com/
retornalacomallega). Istorioa txat bateko elkarrizketa batekin hasten da, eta idatzi ahala leitzen du irakurleak pantailan: Comallega izeneko herrira doa pertsonaietako bat. Herrialde Katalanetako zein txokotan dagoen ikusteko Google Mapsen klik egin ahalko du erabiltzaileak, baita udalaren webgunea bisitatu ere... nahiz eta Comallega ez den benetan existitzen. Istorioa nabigagarria da parte batzuetan; beste batzuetan, egileak jarritako erritmoan leitzen da; eta erabat barneratzen du Interneteko idazkeraren estiloa: emotikonoak, laburdurak...

Esperimentuak dira oraindik, baina kontuan hartzekoa da katalana bezalako hizkuntza gutxiagotu bateko idazleek ekin diotela esparru horri ere. Euskaraz ez da antzeko biderik urratu –edo, urratu bada, lerrook idazten dituenak ez ditu ezagutzen–, eta pena da, aukera interesgarriak eskaintzen baititu sareak, mota honetako proiektuen bidez diziplina ugaritako sortzaileak elkartzeko.
Zenbait esperimentu ziberliterario
- Holopoesia: Holografiak erabiliz hiru dimentsioko poemak osatzea da diziplina honen funtsa. Eduardo Kac brasildarrak jorratu du poesia eredu hori modu esperimentalean. Haren lanen berri zehatzagoa www.ekac.org webgunean.
- Konputagailuz Lagundutako Poesia: Poema batekin aurrera egin ezinda dabiltzan idazleentzat sortutako softwarea da, hitzak esparru semantikoen arabera gomendatzen dituena (www.motorhueso.net/pac).
- Poesia molekularra: Isaias Herrero bezalako idazleek lantzen dute. Testu-tipologia ugari uztartzen dira poesia molekularrean eta irakurlea ez da gehiago hartzaile huts: hitzetan, soinuetan eta irudietan nabigatuz “wreader” bihurtzen da, “idazkurle”, alegia.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude