Denok trenera, hurrengo geltokia bakea da

ETA

ETA-REN AGIRIA esperotakoa izan da, gutxienez edukiari dagokionez: Gernikako eta Bruselako adierazpenetan eskatutakoak onartu ditu eta kito. Labur eta zehatz, eskertzekoa ere badena. Halako testu zehatz guztietan gertatzen den moduan, denak adierazten du berba bakoitzaren atzean sukalde lan handia dagoela. Baina prozesu honek aurrera jarraitu ahal izateko eskaera garrantzitsuena agirian dago: su-eten iraunkor eta orokorra, nazioarteko komunitateak egiaztatu ahal izango duena. Horixe eskatu zitzaion eta horixe eman du.

Hortik aurrera irakurketa posibleen eremura sartzen gara. ETAk bai esaten du irtenbidea zertan oinarritu behar den –lurraldetasuna eta autodeterminazioa–, baina ez du baldintzarik jarzen, ez prozedura, ez su-etena bera ezta helburu politikoei begira ere. Areago, argi dio gatazka konpontzeko tresnak elkarrizketa eta negoziazioa direla eta prozesu demokratikoa koordenada horietan eman behar dela. Ez du esaten Mitchell Printzipioekin bat egiten duenik, baina hurbiltzen da bere esanetara.

Berdintsu gerta liteke Gernika eta Bruselako adierazpenei begira. Agiriak ez du esaten bi testu horiekin bat egiten duenik. Zehazten du Bruselan eta Gernikan nazioarteko pertsona esanguratsuek eta eragile sozial ugarik azpimarratzen dutela gatazkak irtenbide justu eta demokratikoa behar duela, eta ETAk bat egiten duela horrekin (gaztelaniaz zehatzagoa da, coincide). Baina argi, ez du esaten ados dagoenik adierazpenarekin, gatazka konpondu beharrarekin baizik.

Gernikako Adierazpenean, su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatzen zaio ETAri, eta hori garrantzitsua da zalantza barik. Baina, aldi berean, eskatzen zitzaion neurri horiek borroka armatua desagertze bidean jarriko lukeen prozesu baten barruan kokatzeko. Ez dakigu hau hala den edo ez, baina agirian dio su-eten hau dela “behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa” eta horrek bai adieraz dezake hizkuntz hurbilketa bat Gernikan eskatzen zaion borroka armatuaren amaiera horrekiko norabidean. Zalantzarik gabe, ez da samurra, une batetik aurrera dena baita interpretatiboa eta interpretazioak bakoitzak duen gogo, sinesmen eta informazioaren arabera egiten baitira.

Sarri badirudi ahaztu egiten dela, baina orain arte ere ETA su-etenean zegoen, hori bai, oraingo hau egiaztagarria izango da eta gainera orokorra. Eta ikusi beharko da orokor horrek bere jardun osoari eragiten dion, esate baterako zerga iraultzailea-ri edo hornitze lanei.

ETAk oso urrats garrantzitsua eman du, historian inoiz ez bezalakoa eta hori da baloratu beharrekoa. Azken hilabeteotan, gutxitan moduko kanpaina mediatikoa egin da agiri honen inguruan, eta horren ondorioz, iritzi publikoari begira, ETAren desagerpena ez den edozer hutsala dela irudikatzea lortu da. Ba ozen esan behar da ezetz, hau urrats indartsua da eta norabide egokian gainera. Hobe ETAk bihar bertan borroka armatuaren amaiera iragarriko balu, baina errealitatea ez da hori, eta ongi etorriak izan bitez norabide egokian doazen urrats guztiak. Nahi dena esango da, baina duela urtebete inork gutxik espero zuen egoera hau. Orain eskuartean dugu, orain apurka bakera eramango gaituen prozesu hau elikatzea dagokigu, herritar, gizarte eragile eta politikariei.
Ohikoak entzungo dira, hau ez dela nahikoa, ETAk badakiela zer esan behar duen eta gisakoak. Ados, bai, baina orain PSOEren txanda da, orain pilota bere teilatuan ere bada. Eta EAJrentzat ere ordua da bestelako konpromezua eta bultzada erakusteko. Agiri honen ondoren prozesuak jarrai dezake, trena abian da berriz, eta orain jendea igoarazi behar dugu gainera, hurrengo geltokia bakea da eta.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude