Astekaria

 Bestelakoak 

Teknologia berriak eta zakurraren putza

Eneko Olasagasti

Eneko Olasagasti


2258. alea
2010-12-26
alde 0    kontra 0
(Ines Urrutia)

Nazka, lepo, kokoteraino eginda nago, ez teknologia berriekin baizik eta zenbaitek haien inguruan egiten duten erabilerarekin. Nago ez ote duten berriz ere beren burua zuritzeko baino egiten. Zenbat ekitaldi, jardunaldi, lantegi, topaketa, foro eta abar antolatzen da epigrafe horren babesean? Eta zenbat diru xahutzen da horrelakoetan? Zenbat aditu, jakintsu, sasi-oro-jakitun bizi da horren kontura, denon kontura? Eta zertarako? Ez al da gehienetan gauza bera errepikatzen? Eta hitz magikoa: digitalizazioa. Dena da gaur egun digitalizazioaren ingurukoa, haren beharra, balore estrategikoa, ezinbestekotasuna. Garai bateko homologazioaren pareko dela ikusten dut. 

Eta esan dudana: zertarako? Hainbat erakundek zerbait egiten dutela justifikatzeko? Hemen ere garai berriekin bat goazela erakusteko? Hainbat departamendutako jendearen soldatak justifikatzeko? Azalkeria hutsak. Eta non dago mamia? Zerez beteko ditugu tresna berri horiek guztiak? Nor arduratzen da teknologia berri horiek eduki berriz betetzeaz? Gutxi-gutxi batzuk kenduta inortxo ere ez. Behin eta berriro entzuten dugu gure arloaz, ikus-entzunezkoez aritzean, euskarri berriak hartu behar direla kontutan. Kontsumo ohiturak aldatzen doazela. Eta historiak ez direla hemendik aurrera euskarri tradizionaletarako pentsatu behar. Etorkizuna sarean dagoela, mugikorretan, teknologia berrietan alegia. Eta bitartean gu sarean harrapatuta sentitzen gara. Ezen eta nondik etorriko da historia horiek finantzatzeko dirua? Jomugan horixe daukagu baina finantzabide berriez ez da ezertxo ere aipatzen. Erabili, zabaldu, baina nork ordaindu? Bezeroek? Eta nola egiten da hori? Doakotasunaren aldekoak baikara gainera.

Ze, diru gutxi gastatzen dugu gozokian eta zenbat zelofanean. Baina paketea ederra bada ere, guk gozokia jan nahi dugu, zelofana irenstezina baita. Elikagaia barruan dago. “Nola” oso inportantea da, noski, baina inportanteena “zer” da. Estatistika asko egiten da, baina bateren baten falta somatzen dut. Imajinatzen dut hau arlo guztietara aplikatu zitekeela. Baina gurean oso nabarmena da, zantzuak baino ez badira, datuen faltan. Jakin nahiko nuke zenbat jende bizi den ikus-entzunezko arloan sortzetik eta ekoiztetik eta zenbat diren, barkatu baina, parasito. Hau da, besteek egin dutenaren kontura bizi direnak. Funtzionari, antolatzaile, aditu, aholkulari, jakintsu, abokatu, ekonomista, kritiko, zinemaldi, topaketa, jardunaldi... Beharrezkoak izango dira baina hainbeste bai? Zenbat diru eskaintzen zaio sorkuntza eta ekoizpenari eta zenbat parafernaliari?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 2# | Eñaut | 2011-01-02 13:52:28

    Egi galanta !
    Arlo guztietan lehenengo izan gaitezela nahi dute eta nola egin behar den ere esaten da, baino diru kontuak aipatzerakoan, 1ekin 1000 egin nahi izaten da eta hori eziñezkoa da.

    Ikerkuntza arloetan ere berdin gertatzen da ... gobernu eta komunikabideei ahoa betetzen zaie ikerkuntza eta garapenari buruz hitzegiterakoan, ikerkuntza, garapena, berrikuntza ... I+D+I hizkietan ezkutatua omen dago gure etorkizuna baño dirua jarri behar den momentuan nahiago izaten dute dirua beste gauza batzuetan lurperatzea, literalki gainera. Adibidez 10.000.000.000€-rekin eduki eta mami askorekin bete ahal izango genituzke teknologia berriak edo eta baita osasun arloan ikerketa eta aurrerapen ugari egin ere.

    ... zelofan asko eta goxoki gutxi !

  • 1# | Edorta Barruetabeña | 2010-12-23 12:54:54

    Bete-betean!
    Bazen ordua gauzak argi eta garbi esateko.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza