Astekaria

 Bertso berriak 

Mikel Laboari jarriak

Erika Lagoma


Beńat Gaztelumendi


2258. alea
2010-12-26
alde 0    kontra 0
Lagona eta Gaztelumendi
(Galder Izagirre)
I
Ez nau beldurtzen etorkizunak,
iraganaren ospeak
haize hegoak lanbrotu arren
sarritan festa-osteak;
ez nau beldurtzen nire herrian
Txerokeea izateak
bentara joan orduko urtzen
direlako bi kateak.
Ibiliaren ibiliz lehertu
zitzaizkidan juaneteak
herriak eta hizkuntzak noizbait
egin ditzaten bakeak
behin Iturengo arotzak egin
zituen sabai fuerteak,
baina noiz arte iraungo digu
gaberako aterpeak?

II
Ez nau beldurtzen arnas estuak,
hauspo xumeko errotak
bizi badira gaur mende erdi
abestutako erronkak,
lepoa xamur daukadalarik
harrapatzen banau sokak
zeru beltzean izarren hautsaz
zikindu baititut botak.
Buruz dakizkit bide ertzeko
radarrak eta stopak
liluraren kontra jarri bainau
txinaurriaren borrokak.
Hizki berrien bila dabiltza
gure sorterriko koplak
egunez egun entzun daitezen
martxa baten lehen notak.
 
III
Ez nau beldurtzen lehengo jakintzak
elikatzeak desioz:
Baztan, Urtsua eta Pasaia
bete dira Lekeitioz;
besterik ezagutu ez eta
egonez gero beti hotz
sorginen baga-biga bizia

bilakatzen da heriotz.
Gure ama hil al zaigu bada
aita hiltzeko obsesioz?
Ihesa zilegi bada ere
jantz dezagun tradizioz
txori bat ere horixe baita
bere begi, bere ahots:
liliak hostoz hosto eranzten
diren antzinako bihotz.

IV
Ez nau beldurtzen hosto eriak,
sano badago enborra,
ipar haizeak astintzen badu
ketan dabilen txondorra,
xoxo beltzak bistaratzen badu
Bianditzeko tontorra
Aginan sortzen den oihartzuna
baldin bada hilezkorra.
Ama, oroitzen zaitudanean
ez naiz hain neska ezkorra
hegazti errariak entzuteko
ez bainintzen jaio gorra.
Zaindu dezadan zilbor hestea
eta ez nire zilborra
sabel berean bizi daitezen
itsasoa ta lehorra.
 

Doinua: “Ez nau izutzen negu hurbilak”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza