Lagun bat

Antton Olariaga
Badut lagun bat artikulu hau ez duena irakurriko. Ez dago kartzelan inkomunikaturik, ez da hil, ez da ezta erdalduna ere. Ez zaio idazten dudana interesatzen, besterik ez. Inoiz ez dit argi eta garbi esan (ez dakit “hain zuzen, laguna delako” esan beharko nukeen ala “harrigarriro, laguna den arren”), baina gauza hauek nabaritu egiten dira. Uste dut uste duela ez ohi dudala deus esaten, funtsezko ezer ez. Forma hutsaz arduratzen naizela. Hala ere, ez da egia formaz baino arduratzen ez dena formaz baino arduratzen denik, hain zuzen ere funtsik gabeko forma makerra baita, itxuragabea, antiestetikoa, edo hala izanen bailitzateke gertagarria balitz. Mezudun idatz dezagun, ederra baita, ez beste ezerengatik, zerbait esatea, hitzez.

Badut lagun bat literaturan mezua lehenesten duena. Nire lagunaren irakurketa, beti iruditu zait, gehienbat etikoa da. Teoria irakurtzea atsegin du. Nik ere preziatzen dut hainbat teoriaren edertasuna (etorkizun diren gauzen plazerean edo datu zehatzaren zalantza jartzean oinarrituta), baina, oro har, eta aurrekoarekin kontraesanean balego bezala, modua da, nola erran (esan dezadan jatorki), lehenago begiztatzen dudana eta batik bat kezkabide izan ohi dudana. Hein handi batean ados nago Beñat Sarasolak 2.256. Argiako Ttakun (H)Errenkan esaten eta aipatzen zuenarekin: “Poetak edertasuna eta egiaren artean aukeratu behar badu, lehenengoaren alde egingo baitu itsumustuan. Horixe bera leporatu zion behin Koldo Izagirrek (poema batean): ‘Ez haiz gauza gezurra bezain eder esateko egia’”.

Badut lagun bat liburuak maileguz hartzen baitizkit (nik hari ere bai), eta horregatik edo nire idaztokiaren desordenaren erdian non utzi dudan ez dakidalako, buruz aipatu beharko dut, manipulatuz bada ere, artikulu honen arrazonamendu hala nolakoa aurrera aterako badut, Fredric Jamesonek Marxism and Form saiakeran dioena: “Nork bere esaldien forma aintzat hartzeko betebeharra dauka”. Nire ideien jarioa askatuko banu (jainkoak libra zaitzatela), orrialde hau kaos bat –are handiagoa– izango litzateke. Idazlearen ogibidean sinesten dut: ez da denetaz dakien izaki bat (horretarako, adituak daude), ez da izaki hipersentikor eta irribarretsu bat, fotogeniaren dohain beti eskergarriaz eta nonahikotasunarenaz apaindua, ez da, halabeharrez beti ere, tormentatu bat, ez du jaka, fular edo betaurrekorik janzten; soil-soilik, akaso ez dituen ideiak, edo badituela uste dituen ideiak, ordenan, denik eta ordena egokienean, paratzen dituen izakia da; ideia horiek eszenak baldin badira, narratzailea da; hitzak badira, poeta da; kontzeptuak badira, filosofoa edo, kasurik hoberenean, umorista da.
Badut lagun bat paragrafo guztiak modu berdinean hastea aurpegiratuko eta itsustuko zidana (eta ni ados egongo nintzen berarekin).

Kontatu nahiko banu, nagoen kafetegian, hau idazten –gezurra diot, hau zirriborratzen– dudan bitartean, ondoko mahaian adineko andre batzuek nola hitz egiten duten beraien amei buruz (“¿Y tú madre todavía se vale?”), lehengaia hainbeste beharko nuke maneiatu, oraindik ez dakizkidan helburuak lortzearren (irakurlea hunkitu, amak ere badiren alaba horien egoismoa salatzeko, gizarte osoaren noraeza salatzeko, irrigarri uzteko...), ezen ikusitako eszenaren mertzenarioa baino ezingo nintzen sentitu, droga purua karearekin nahasi ondoren partitzailea bezala –nazkatuko ninduen aitortu behar izateak baina baita ukatzeak ere.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude