ETArenak egin duela, bere kide eta zaletu gutxi batzuentzat ez beste guztientzat, garbi dago. Apur bat gutxiago edo gehiago iraungo du, agian banaketarik gertatuko da bere baitan, baina honek ez du dudarik: amaitu da ETAren garaia. Zorionez.
Ezker ofizialistaren buruzagiek ere badakite, irakasgai hau gainditzeko hainbat kurtso errepikatu behar izan dituzten arren. Horregatik orain, ia bat-batean, lotsa ere ematen duen modu otzanean, Estatuak jartzen dituen proba guztiei amen esateko prest azaltzen dira. Urteetan hori baino askoz gutxiago egin duten abertzaleek (zer esanik ez abertzale ez zirenek) beren aldetik tankera guztietako irain eta mehatxuak jaso behar izan ondoren.
Ez omen da balantzea egiteko garaia. Behar diren datu asko oraindik ez ditugu eskuragarri. Baina artaburu galantak izan direla konturatzeko ez da gehiago behar. Porrot izugarria garaipen gisan azaldu nahi digute eta, bestela saltzeko munduko propaganda guztia erabilita ere, argi eta garbi geratzen da ezker abertzale ofizialistaren buruzagitza politikoa oso txarra izan dela azken urte luzeetan. Hona ailegatzeko ez zen hainbeste denbora, kalapita, berbaldi harro eta sufrimendu beharrik. Areago, hainbeste kalamitaterik gabe beste norabait hobera irits gintezkeen abertzaleok.
* * *
Francoren gerratik galtzaile atera ziren euskal abertzaleak, ez ordea abertzaletasuna. Oraingo honetan, mamiraino kaltetuta atera da. ETAren eta ezker abertzale ofizialistaren jokabidea denontzat izan baita kaltegarri. Kostako zaigu berriro burua altxatzea. Emaitza hauxe da gutxienez: abertzaleen arteko erreten handiak, nazioartean inoiz baino aurkako girorik beroena eta gazteen artean oso interes gutxi euskal politikarekiko. Ez da soilki ezker abertzalearen erantzukizuna, bai nagusiki ordea. Besteak beste, jende gehiena nazkatu eta gogaitu duelako.
Etorkizunari begira, itxurazko damurik ez, baina izan eta duten jokabidearen azterketa zorrotzagoa eskatu behar zaie, kaltegarri izaten jarraitu ez dezan.
* * *
ETAren ezaugarri nagusietako bat izan da, inork etsai bihurtu nahi ez bazuen, hark aldarrikatutako guztiari amen esan beharra. Ez da harritzekoa barruan hainbeste apaizgai ibili dela kontuan hartuta. Borroka politikorako teologia zaharraren egokitzapen merkea zuen diskurtso. Dudarako zirrikiturik ez, erabateko adostasunetik kanpo geratzen zen guztia heresiatzat eman eta amildegitik behera botatzeko modukoa zen.
Ezker abertzale ofizialistak ere kultura hori bera hobetsi izan du. Tirorik gabe, baina bestelako modu askotan, amenzale izan ez direnek nabaritu dute haien geziak nolakoak ziren: kale eta tabernetan, beraien kaleetan ibiltzean bereziki, telefono deietan, bazterketa modu askotan...
Beldurrak nago tiroen desegokitasuna onartuta ere, besteaz jabetzea gehiago kostako ote zaien. Ezagutzen ditudan alorretan behintzat garbiro ikusten da garai berrietarako prestatzen ari dela ezker abertzale ofizialista, boterea biltze aldera, baina burua lehengo lepotik. Komisario politiko gehiegi bazterretan. Eta jokabideak ere halamoduzkoak.
Ezkerreko abertzale denak Euskal Herria sendo, solidario eta independentearen alde lan egin behar du eta horretarako bertako pertsonak ere horrelakoxeak izatea jarri beharko luke helburu. Independentzia ez baita bakarrik politiko-administratiboa.
Independente izatea larrutik ordaintzen dela diote batzuek. Nik uste dut dependiente izatea askoz garestiago ordaintzen dela. Baina botereak amenzaleak behar ditu beti. Amen.
14# | Jose Ignazio Ansorena | 2011-02-09 08:59:03
Jokin laguna:
Oinazetik sortu zaizkizu hitz hauek. Horregatik dira bereziki errespetagarriak. Niri, baina, bai neure oinaze pertsonalak, baita inguruan sentitzen dudanak ere, objetibotasun ahalegina egitea eskatzen didate, guztion alferrikako pairamenak ekidite aldera.
Bihozminak begirada lausotuta, nik esan gabekoak ere aurkitu dituzu artikuluan. Ez naiz inoren zintzotasunaz mintzatu eta ez dut inoren duintasuna zalantzan jarri. Zintzotasunaren kontua etikaren alorrean kokatzen da eta nire burutapenak beste bide batetik zihoazen: sozialki, kulturalki, politikoki, nori egin dioten mesede aipatzen diren jarrera eta ekintza horiek.
Bestetik nire usteak (tesia deitzea gehiegizkoa iruditzen zait) Rubalcabaren eta Grande Marlaskarenetatik hurbil daudela ezin antzeman dezaket nondik atera duzun. Orain arte idatzitako artikuluetatik ez behinik-behin. Bi horiek eta beste batzuk bideratu duten abertzaletasunaren kontrako kanpainan, aldiz, ezker abertzale ofizialistaren jarrerak lagungarri gertatu zaizkiela uste dut. Eurak azkarragoak izan direla, alegia.
Ikusten dut artaburu hitza mingarri gertatu zaizuela hainbati. Neurrizkoa iruditzen zait alor horretan dagoen ohiturarekin parekatuta. Niri, politika urrutitik begiraturik, neure iritziak azaltze hutsagatik, askozaz lodi eta mehatxugarriagoak jaurti izan dizkidate zuk ordezkatzen duzun ezker abertzale horretatik: telefonoz, paskinez, idatzi anonimoen bitartez, kalean egotziz... Etxeko telefonoa ere, oraindik bero-bero dago artikulu honengatik.
Zoriondu nautenek (izan dira batzuk), aldiz, hitz bat errepikatu didate: ausarta izan naizela. Zergatik ausarta nire usteak azaltzeagatik (urte asko daramazkit horrela)? Ni ezker abertzale ofizialistako kide banintz, zer pentsa emango lidake.
Haatik, aspaldiko nire beste artikulu baten izenpurua hona ekarriz, herenegun bertan Euskalduna jauregian esandakoei: Ongi etorri, berandu. Eta espetxeetan dauden eta izan diren guztiei, beren familiei, tortura jasaten dutenei, baita ziaboga egiteko ahaleginean zaudeten guztioi ere, nire besarkadarik adeitsuena. Ideiak kontu txikia dira pertsonen sufrimenduaren ondoan. Hori denok ikasi behar dugu.
13# | Jokin | 2011-01-21 10:04:05
Berriz ere, zuri irakurritakoak, gogoetarako aukera eskeini dit. Oraingoan, ordea, egindako hausnarketa zurekin eta irakurle guztiekin konpartitzeko beharra ere sentitu dut. Inoiz ez bezala.
Azken urte luzeetan, ezker abertzalearen buruzagitza politikoa oso txarra izan dela diozu, baita euren jokabidea denontzat kaltegarri izan dela ere. Ez dut nik defendituko ezker abertzalearen eta bere buruzagitza politikoaren jokabidea guztiz akatsik gabekoa izan denik. Eurek izan baitira, behin baino gehiagotan, publikoki egindako hausnarketetan, euren akatsak aitortu dituztenak. Zuk artaburutzat dituzun buruzagi horiek guztien zintzotasuna eta duintasuna da nik defendituko dudana. Trukean, ilegalizazioa, errepresioa, tratu txarrak, torturak eta espetxea jasoko duenaren jokabidea, konpartitu edo ez, zintzoa eta duina dela ukatzerik ez baitago eta, zintzotasunez eta duintasunez aritzen denaren jokabidea, guztiz zuzena da.
Bere burua ezkertiar eta abertzaletzat duen euskaldun baten aburutik baino, Rubalcaba eta Marlascaren tesietatik hurbilago ikusten dut nik zuk idatzitakoa. Azken hauentzat, ezker abertzaleak azkenengo hamarkadan izandako buruzagi politikoak izan baitira inoiz imajina zitzaketen txarrenak, bake bidean eta aterabide guztiz demokratiko baten bila, atzera bueltarik ez duen prozesu baten ateak zabaltzeko gaitasuna erakutsi baitute. Ezin ukatzerik baitago, ezker abertzaleak, Zutik Euskal Herria dokumentuan adostutako estrategian dagoela bizi garenaren sorrera. Askorentzat beranduegi datorren estrategia aldaketa izanen da, beste askorentzat ordea azkarregi datorrena. Batek daki! Modu batean edo bestean, erantzukizun osoz hartutako erabakia delakoan nago, konfrontazio soilik demokratikora eramango gaituen erabakia. Hots, espainiar eta frantziar estatuen ahultasun demokratikoa agerian geratuko den eskenatokira. Horregatik ez dute gustoko Rubalkabak eta konpainiak ezker abertzalearen jokabidea.
Gazteek euskal politikarekiko erakusten duten interes falta ere aipatzen duzu, baita honen erruduna ezker abertzalearen baitan aurkitu ere. Ez nator bat zurekin. Euskal gazteriak egunero erakunsten digu herri honekiko duen konpromezua eta kezka. Nola ulertu bestela, azkenengo bi urtetan bereziki, hain modu bortitzean, espainiar zein frantziar estatuek euskal gazteriaren kontra diseinatutako operazio mediatiko errepresibo guziak? Argi dago. Espainiar zein frantziar estatuek ere, euskal gazteriarengan ikusten dute herri honen geroa. Horregatik ari dira horren bortizki euskal gazteriaren aurka. Euskal gazteria, herri honek dituen arazo politiko eta sozialekin erabat konprometituta dagoelako. Euskal gazteria Euskal Herri berria eraikitzen ari delako. Jaso dezatela, lerro hauen bitartez, nire animo eta elkartasuna, azkenengo polizia operazioak atxilo eraman eta, gogoeta hauek idazten ari naizen unean, inkomunikaturik eta tortura arriskuan dauden gazte eta euren senideek.
Euskal Herri sendo, solidario eta independiente horren aldeko borrokan ikusiko garelako esperantzarekin, jaso nire agurrik adeitsuena.
Nik ere, ez ditut gustoko amenzaleak.
12# | Joseba | 2011-01-20 11:25:06
Badakizu, Amets? nire ustez ez duzu ezer ulertu. Ansorenak nire ustez oso argi idazten du beti baina zuk ez duzu ondo ulertu. Eskertu behar genioke artikulu denetan ikusten zaion ikusopegi konplexurik gabea. Gainera irakurri nion aspaldi politika ez duela gustokoa, beraz azterketa hauek egiten baditu ez da jarrera interesatu bat duelako, konpromisoa dulako baizik. Neri beti pentsatu arazi dit eta ondo legoke beste askori ere hori egingo balie. Betikoak entzuteko beste batzuk daude. Irakurri dut artikulua igual bost aldiz eta gero eta hobeagoa iruditu zait, eskerrikasko.
11# | amets | 2011-01-13 11:45:33
saludoa denoi eta bereziki zuri Jose Ignazio jaunari: Irakurri dut zure iritzi artikulua eta ados egon nintekeen arren gehienean zurekin desadostasunean nagoela adierazi beharrean sentitu naiz. Izan ere, harrigarria egiten zait 50 urteko historia duen erakunde bat bere alderdi positibo eta negatiboak kontuan hartu gabe horren "erraz" juzgatzea. Noski izanen ditu gaizki egindako gauza ugari baina konbentzituta nago 1959an ETA sortu izan ez bazen gaur egun ez geudekela gauden lekuan eta nazio artean Euskal Herriak ez lukeela gaur duen lekua. Zoritxarrez, heriotzak, bonbak eta antzekoak dauden lekuetara begiratzen baitugu gehienetan. Areago, "Time" aldizkari Estatu Batuarrak -nire uste apalean- ez gintuen independentzia lortzeko aukera duten nazioen zerrendan bigarren postuan jarriko, Eskoziaren atzetik.
Ez nago ados "Behar diren datu asko oraindik ez ditugu eskuragarri" esaten duzunean. Zenbait datu esku artean izangabe ere, bereziki urteetan aurrera goazenok, badugu herri honetako berri, bai behintzat nolabaiteko eskemak egiteko.
Ezker Abertzalearen porrota ere begi bistakoa dela aipatzen duzu. Baina ni aurkakoan nago. Euskal gizartean inoiz baino babes handiagorekin kokatzen dela esango nuke. Baliteke oker egotea baina, Ezker Abertzalea datorren hauteskundeetan legezkoa bada izugarrizko emaitzak izango dituen ustean nago, eta hau zuk artaburu horien porrota azpimarratzen duzunean. Euskal presoen eskubideen alde 64.000 pertsona elkartu ziren Bilbon eta denok dakigu zeinek bildu zituen hango lagunak salbuespenak-salbuespen.
Bukatzeko Euskal Herriko gatazkaren ondorioz bizia galdu duten pertsona guztiak gogoratu nahi nituzke, bai alde batekoak eta bai bestekoak.
Euskaldunok gure etorkizuna -bata ala bestea izan- libreki hautatzeko aukera izaten dugun eguna arte. mila esker.
gaizki esandakoak barkatu eta ondo esandakoak gogoan hartu.
10# | Otsaida | 2011-01-07 23:01:30
Asko eta asko esatera ausartuko ez litzatekeena. Baina asko eta askok pentsatzen duguna. Puntuz puntu baieztatzen ditut zeuk hain argiro esandakoak. Zorionak artikuluagatik eta pena, zeuk diozun bezala, hainbeste urtetan hainbeste gorroto erain dutenengatik. Bai horixe: kostako zaigu oraingoan burua altxatzea.
1 - 3 orrialdea
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa