Astekaria

 Liburuak 

Ametsa egia denean

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2257. alea
2010-12-19
alde 0    kontra 0
Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska

Leire Bilbao ::Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska

Erein

orrialdeak ::35

prezioa ::9.90€

“Armairu zahar bat daukat logelan. Nire aitaren amarena izan zen”. Esaldi horrekin ekiten dio Leire Bilbaok ipuin labur eta interesgarri honen kontaketari. Irakurleak, liburuaren izenburuari erreparatuta, ikusi ahal izan du neskatila bat dela protagonista, liburu zalea –edo ipuinak irakurtzen dituena, behinik behin– eta armairu bat ere ageri dela istorioan.

Eta hain zuzen armairu zahar hori etxetik eraman nahi dute eta asmo horren inguruan eraikita dago ametsa eta errealitatea, oroitzapenak eta oraina nahasten dituen ipuin xume eta lortu hau.

Ane, istorio honetako protagonista eta narratzailea, sarritan bere gelako armairu zahar eta handian ezkutatzen da liburuak irakurtzeko eta oraingoan ere, izeba Mireni armairua eraman nahi dioten honetan Ane barruan ezkutatuko da. Alizia, Tom Sawyer, Pipi… asko dira Anerekin armairu barruan dauden pertsonaiak (guztiak haur eta gazte literaturako klasikoak), eta horiekin konpainian dagoen bitartean Anek hainbat abentura izango ditu armairu zaharra dela eta.

Ipuin laburra da Leire Bilbaok idatzi eta Estibalitz Jalonek ederki, bere estilo propio eta ezagun horretan, ilustraturiko lana. Laburra, baina era berean oso bizia, hainbat lekutan, ametsetan eta errealitatean, plano ezberdinetan… kokaturiko istorioa.
“Amona Antiguaren armairua nire ezkutaleku kuttunena da. Goiko partean linterna bat eta liburuak gordetzen ditut, eta inork molestatu gabe neure kasa egon nahi dudanean bertara sartzen naiz” (10. orrialdea) dio Anek, eta hain zuzen armairu zahar horren magian eta armairua eramatean eginiko bidaian oinarritzen da ipuina; bi mundu dira, armairu barruan Anek bizi duena liburuekin, ipuinetako protagonistekin, eta bestetik armairua eramaten dutenean –Ane barruan geratu delarik– jazotzen diren egoera bitxiak: abandonaturiko traste zaharrez beteriko mendi batean uztean, ijito familia batek hartzen duenean, merkatu batean armairua salgai jartzen denean… Eta abentura horietan –Ane armairu barruan baitago– irakurlea protagonistarekin identifikatzen da; Anek berak narratzeak hori dakar eta; irakurleak neskatilaren begiradaren bidez ikusten baitu guztia, neskatilaren sentimenduen bidez sentitu, Aneren beldurren, jakin-minez edo lasaitasunez –denetarik baitu istorio honetako protagonistak– bizi.

Liburu ederra eskaini digute Bilbaok eta Jalonek, egia eta ametsarekin jolastuz, egia ametsa izan baitaiteke, edo ametsa egia bihurtu. Modu batean nahiz bestean irakurlea ateratzen da garaile obra honetan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza