"Elikagaien subiranotasunik gabe ez dago subiranotasun politikorik"

  • Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatzeko manifestazioan begi biak arranpalo esan zuen, “jendetza hau atzetik banu Hondurasen presidentea nintzateke”.
Dani Blanco

Lurrarekin duzun harremanak genetikoa dirudi.


Gurasoak nekazariak, analfabetoak eta lurrik gabekoak ziren. Morolica izeneko herrixkan jaio nintzen arren, handik gutxira abiatu ginen aitarekin Oroquinara lan baldintza hobeen bila. Mendi erraldoi bat zen hura, eta garai haietan ez zegoenez basozainik, mendiaren sakonenera jo genuen ahal bezainbat lur gureganatzeko. Baina jakina, gure aitak mudatu ahal izateko saldu egin zuen Morolican geneukan apurra, eta Oroquinako lurrak ezer ematen hasterako miseria gorrian geratu ginen. Hori hala, anaia eta biok lurjabe batzuen soldatapeko itzain bihurtu ginen lehenbizi, eta gerora “escolas radiofónicas” alfabetatze programan irakasle eta jainkoaren hitza zabaltzen ibili nintzen. Horretan nenbilela, Honduras hegoaldean, eliza katolikoak babesten zuen Ligas Campesinas nekazal mugimendua sortzen ari zela entzun nuen, eta gurean lurjabe asko eta lurrik gabeko nekazari gehiago zegoenez, mugimendua gurera ekarri eta artikulatzeari ekin nion.

Hor hasi zen nire nekazal borroka. Lurjabeak pistola eta guzti ibiltzen ziren, baina elizak pobreenekin konpromisoa zeukan garaia zen, eta gure borroka klandestinoa izan arren, justua zenez, bere babes osoa geneukan. 1975eko ekainean Horcones-eko sarraskia pairatu genuen, 14 konpañero erail zizkiguten, tartean moja eta fraide batzuk. Latza izan zen, krudela. Handik urte batzuetara Central General de Trabajadores-ek hiriburura igorri ninduen sindikatuen arteko kooperazio plan bat ezartzeko, baina ez nion utzi nekazari mugimendua bultzatu eta zabaltzeari, Vía Campesina sortu eta nazioarteko mugimendu bihurtu arte. Odolean daramat lurra. Gure aitak lekuz aldatu behar izan zuen lur bila. Nik sistema aldatu nahi dut.

Norena da lurra?


Nekazariarena, lantzen, zaintzen eta defendatzen duenarena. “Lurra maite duenak aberria maite du” edo “lurra ez da saltzen, berreskuratu eta defendatzen da” bezalako esloganak dauzkagu gurean. Lurrak ezer emango badu nekazariaren izerdia ezinbestekoa du, eta nekazariak nahitaezkoa du lurra, soldatapekoa izan gabe bizi ahal izateko. Zergatik uste duzu sortzetik daukala nekazariak lurrarekin lotura sentimental eta kultural berezkoa? Askotan esaten dugu lurrik ez daukanak ez daukala aberririk, lurra dela gure euskarria, elikagaien subiranotasuna ahalbidetzen diguna. Denborarekin aldatzen joan da lurraren kontzeptua. Erein eta uzta jasotzeko izatetik berezko merkataritza-balioa izatera pasa da. Horren aurka borrokatu dugu beti, horren aurka isuri dugu odola, horren aurka lurperatu ditugu konpañeroak.

Europan, jendeak lurra berea dela uste du, ez bere ondorengoena.


Europan kapitalismo basatia da nagusi, eta lurra merkantilizatu denez, ondasun komun bat izatetik neoliberalismoaren bitarteko preziatuenetakoa izatera pasa da. Pentsa Europan hektarea bat zenbat kostatzen den, urre gorria baino garestiagoa da! Domino efektuan gurera ere hedatzen ari da izurritea, eta kapitalismoa, multinazionalen bidez, lurra bere egiten ari da, soroak eskuragaitz bihurtuz. Guk oraingoz abantaila bat daukagu alta, populazioaren %52a rurala garela, eta oinarrizko elikagaiak nekazarien izerditik datozela zuzenean. Europan ez, apenas dagoenez nekazaririk, nazioarteko enpresa erraldoiek kontrolatzen dituzte haziak eta elikagaiak. Horregatik da garrantzitsua Vía Campesina bezalako mundu mailako erakunde bat, hegoa eta iparra batuta soilik garaitu daitekeelako kapitalismoa. Bidean goaz, eta ez da kasualitatea Hego Amerikan neoliberalismotik sozialismorako jauzi bete-betean egotea.

Baina bitartean, interes ekonomikoek dantzatzen dute mundua, eta ziklo ekonomikoak naturarenak baino laburragoak dira.


Klase borroka baten erdi-erdian gaude. Nekazariak eta mugimendu sozialak batetik eta kapitalismoa bestetik. Kontua da borroka horretan bizi eta irauteko nola metatzen ditugun gure indarrak. Hego Amerikan gure txinpartek sua piztu dutela sentitzen dugu, baina sua hauspotzeko, boterean eragiteko posturan egon behar dugula jabetu gara. Zer gertatzen ari da Bolivia, Venezuela, Brasil eta abarretan? Horren aurrean kapitalismoa egunetik egunera oldarkorragoa da, modernoagoa, eta garaitzen nekezagoa. Esaterako, lehen askoz errazagoa zen lurrak berreskuratzea. Lurjabeak gerrian pistola sartuta zaldi gainean ibiltzen ziren sonbrerodun aitona tripa-handi batzuk ziren, baina gaur egun teknologiaren puntaren punta maneiatzen duten multinazionalekin egiten dugu topo. Aitona zaharraren kontra borrokatzetik kapitalismoaren kontra borrokatzera pasa gara, eta kapitalismoak dena kontrolatzen du eta kontrolatzen ez duena erosteko ohitura maltzurra du. Zorionez, natura ezingo dute inoiz ez kontrolatu ez erosi, eta goiz ala berant, ziklo ekonomikoak egokitu beharko dira. 

Ez da kasualitatea beraz, lehen nekazaritza-industriak baizik ez zuela balio ziotenek, nekazari txikiek beti bermatu dituzten produktuak eskatzea gaur egun. 


Jakina! Neoliberalismoaren gorenean, nekazaritza-industria modernizatzea zen kontua, enpresek lur guztiak jabetzan hartu eta nekazari txikiei soldata ordaintzea. Saiatu ziren lan iraunkorra eskaintzen, bestela edukiko ez genituen baldintzak eskaintzen, baina hordagoari eutsi egin genion. Zerbitzu publiko guztiak pribatizatzea lortu zuten arren, enpresa erraldoi horiek ez ziren sekula gure landa txikietara heldu. Hori ikusita, estatua konbentzitu zuten nekazari txikiak ez babesteko, eta horrek gainbehera itzela ekarri zuen arren, eman diogu buelta, eta egun mundu guztiak onartzen du oinarrizko elikagaiak nekazari txikiek ekoitzitakoak direla. Jendea hortaz kontziente deno, nekazariak garrantzitsuak izango gara, eta molde neoliberal basati horiek iraganera kondenatuko ditugu.    


Elikagaien subiranotasuna omen da etorkizuneko lorpen bide bat.


Duela 20-25 urte estatuek nekazaritza abandonatu zuten, dena merkatuaren esku utziz, eta boteretsu eta ahulen arteko borrokan ahulak zereginik ez daukala nahita ahantziz. Oraindik orain, toki batzuetan lurra, basoa edo nekazaritza merkantzia huts bezala ikusita dago, baina nekazal borrokari esker estatu batzuk begiak ireki eta gerorako parioak egiten hasi dira. Gu gaude apustu horien gibelean, estatua burgesiaren espresio gorena baita, eta ez du sekula ezer oparitzen.  Kostata baina ulertu dute elikagaien subiranotasunik gabe ez dagoela subiranotasun politikorik. Orain arte ez zuen ardura nondik zetozen elikagaiak, nork ekoizten zituen, nola, alimentuak egotea zen kontua, baina erroetara gatoz berriz. Oraintsu arte, nekazaritza erreformez hitz egitea delitua bazen, Hego Amerikan nekazal iraultzari buruz mintzo da jendea. Hego Amerikan muturrera eraman dugu lurraren borroka, lurra baita elikagaien subiranotasuna lortzeko oinarrizko bitartekoa, eta elikagaien subiranotasuna interes publiko bat denez zirkulua ixten ari gara.

Mundu mailako ezkerraren aitzindaritza zarete?


Beti esaten dut hiru mugimendu baizik ez daudela mundu osoan artikulatuak: kapitalismoa, eliza eta Vía Campesina. Horrek ahalbidetu digu borrokak antolatu eta bultzatzea, bai maila lokalean bai mundu mailan, beti ere kapitalismoaren erakunde korrosiboenen aurka. Gu gara kapitalismoaren mundu mailako krisi honen errudunak. Beti gustatu izan zait Mao Tse-Tung-i irakurritakoa. Etsaiak eraso eta aurre egin ezin zaionean beldurrik gabe egin behar da atzera, baina guk atakatu eta ihes egiten digunean azkeneraino jazarri behar zaio. Beraz, pertsegitu dezagun kapitala, segi dezagun ahultzen. Horretarako garbi daukagu ezin dugula borroka hori bakarrik eraman, aliantzak behar ditugula, aliantzak sektore guztiekin. Aitzindaritzaren pankarta badaramagu ez da argazkian agertzea gustatzen zaigulako, kaltetuenak geu garelako baizik. Kaltetuenak eta konbentzituenak ere bai. Itsu-itsuan sinesten dut sozialismo berri baterantz goazela, baina ez sozialismo orokor baterantz, tokian tokiko errealitateari erantzuten dion sozialismo baterantz baizik. Bukatu da arazo bat dagoenean Marxen manuala errepasatu eta aplikatzea. Horrek ez du balio. Bakoitzaren errealitatetik abiatuta soluzio eta aurrerabide berriak sortzea dagokigu. Horixe da aitzindaritza.

Honduras estatu kolpista da.


Zelaia presidentearekin aurrera gindoazen. Erreforma politiko eta sozialak martxan zeuden, lurrari lotutako 18/2008 dekretuak onura asko zekartzan, Honduras ALBA-ra sartu zen, eta petrolioaren kontrola multinazionalei kendu eta estatuaren eskuetara pasa zen. Baina multinazionalei petrolioaren kontrola kentzea lehoiari bere presa ebastea bezala da, eta ez dago dudarik, estatu kolpearen gibelean multinazional horiek zeudela, Bushen gobernua, alderdi tradizionaletako kupula, eliza katolikoaren kardinala eta Honduraseko oligarkia. Iazko ekainaren 28ko goizeko 5:40ean gertatu zen, goizeko 6etan “constituyente” berri bati buruzko herri-kontsulta hastekoa zenean. Jendeak azkar erreakzionatu zuen, mobilizazioak ikaragarriak izan ziren. Nazioarteko komunitateak ere estatu kolpea kondenatu zuen, Amerikako Estatu Batuak ordena konstituzionala itzultzearen alde agertu ziren, eta egungo Frente Nacional de Resistencia Popular deritzonaren hazia izan zen Frente Nacional de Resistencia Contra el Golpe de Estado sortu zen. Esku artean borborka genuen marmita ikusita, diktadura erortzen ari zela sentitu genuen, baina azarorako hitzartuta zeuden hauteskundeetatik ateratzen zen gobernua onartuko zuela esan zuten Amerikako Estatu Batuek nazio-arteko komunitatearen iritzia aldaraziz. 

Beste behin ere interes ekonomikoak interes politikoen gainetik.


AEBek erabakitzen dute gure herrietako politika. Kolpistekiko jarrera irmoa zuten bitartean, kolpisten zilegitasuna ezdeusa zen, baina zizpa sorbaldaz aldatu zutenean, bakarrik geratu ginen, ezer gutxi egiteko aukera eta medioekin. Hauteskundeetan ez bozkatzera deitu genuen eta herritarren %70ak ez zuen botorik eman. Pentsa zenbatekoa zen gure indarra, sei hilabetez jarraian, 194 egunez, mobilizazioak mantendu genituela. Astelehenetik ostiralera kalean egoten ginen, zapatuetan artista erresistenteek kontzertuak eta poesia errezitaldiak eskaintzen zituzten, igandeetan asanbladak, eta astelehenean berriz kalera. Hor sortu zen indar itxaropentsuak politiko bihurtzeko bokazioa du, gobernu kolpistak hor dirauelako, AEBen eta nazioarteko komunitatearen babes osoarekin.


Zer suposatzen du estatu kolpista bateko erresistentziaren liderra izateak?


Oso garrantzitsua izan da estatu kolpearen aurka nekazariek jokatu duten papera. Eurak dira oraindik orain bideak eta zubiak blokeatzen ari direnak, eta horrek erresistentzia zabalagoa antolatzeko zilegitasuna eta betebehar morala ematen digu. Baina horrek bere prezioa dauka, eta jazarpen izugarriak jasan ditugu, 127 konpañero erail dizkigute, asko zauritu, espetxeratu, mehatxatu... Vía Campesinako egoitza lau aldiz utzi dute hankaz gora, balaz josita. Izuaren politika gailentzen denean ez dakizu ezer, ez duzu ezeren bermerik, eta egoera hain dagoenez polarizatua ez naiz karrikara bakarrik irteten. Badakit jende asko daukagula atzetik, baina baita beste batek erail nahi nauela ere, oligarkiak gu desagerraraziz mugimendua desartikulatzea baitu helburu. Kuriosoa dena da, giza eskubideen erakunde gorenaren arabera estatu kolpistak bizkartzainak jarri behar lizkidakeela, baina zorionez ez dit inork ezer eskatu, eta nik ez daukat eskatzeko asmorik. Nola babestuko naute akabatu nahi nautenek? Eskerrak konpañeroen babes eta zaintza osoa dudan.
Nortasun agiria
Morolica-n (Honduras) sortu zen 1953an. Honduraseko nekazal mugimenduaren artikulatzaile eta antolatzaile nagusietakoa izateaz gain, Vía Campesinako bozeramailea izan da, eta gaur egun, Honduraseko Frente Nacional de Resistenciaren lider enblematikoenetakoa da.
Honduraseko hurrengo presidentea?
Nekazari askok diote heldu dela tenorea benetako protagonismoa hartzeko. Gehiengoa gara, borrokaren lehen lerroan ikusten gaituzte, zergatik ez boterean? Errekonozimendua badudala esaten da, nekazariek ez ezik gizartean ezagutzen nautela, Evo Morales eta Hugo Chavezen aspaldiko laguna izateak ere aldeko puntuak ematen omen dizkit, baina nik ez dut horretan pentsatzen.

Frente Nacional de Resistencian gogoeta fasean gaude, eta oraindik alderdi politiko bihurtuko garen ez badakigu ere, zaude ziur erresistentziari tresna politikoa emango diogula. Horregatik nire eguneroko zeregin eta borroketan jarraitzen dut, konbentzituta bainago estatu kolpetik hona Honduras desberdina dela, eta martxan den prozesu honek ez daukala atzera bueltarik.
Zergatik?
Munduan bueltaka ibiltzearen neke eta jet-lagaren ajeaz harago, atsegina, limurtzailea eta gertukoa da hizketan. Hitz ederrak baizik ez ditu gure herriarentzat. Hitz ederrak, kanpora atera garen arte. “Zergatik hainbesteko hotza hain herri ederrean?” galdetu digu, justizia sozialaz ari balitz legez.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude