"Ildo estrategikoarekiko atxikimendua erabatekoa da"

  • Bilbo, 1963. Ezker abertzaleko kidea da; Elorrioko alkatea (ANV-EAE). Arte Ederrak ikasia. Politika posiblearen artea ei dela-eta, mundua ez, baina Euskal Herria eraldatzeko konpromisoa hartu zuen gaztetan. “Askok galdetzen didate: ‘zer, errepikatuko duzu?’. Zintzoki esaten diet, militante fidela naizela, eta eskatzen didaten lekuan izango naizela”, esan digu datozen hauteskundeak hizpide harturik.
Niko Moreno
Dani Blanco
Datorren maiatzeko Udal eta Foru hauteskundeak hizpide hasi gara berbetan. Haatik, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena kaleratu zuenetik zabaldutako egoera politiko berria ere agertu da elkarrizketan. Bake edo normalizazio prozesuaren gaia, alegia.


Ezker abertzaleak (Batasuna) Udal eta Foru hauteskundeetan parte hartzeko aukera ikusten al duzu?


Asmo hori badugu behintzat. Guretzat oso inportantea litzateke parte-hartzea, baita Euskal Herriarentzat ere. Alderdi guztiontzat berdintasunean lehiatzea mesedegarria izango litzateke, eta prozesurako lagungarria. Une honetan, egoera politikoa ikuspegi horretatik interpretatu behar dugu. Gu horretan ari gara lanean. Dena den, hauteskundeetarako bide luzea dago oraindik. Gu orain gehien kezkatzen gaituena prozesua ondo bideratzea da. Hori egiten den momentutik errazago izango da galdera honi erantzun finkoagoa ematea.

Normalizazio prozesuan al gaude?


Ezker abertzaleak Euskal Herria normalizazio politiko-demokratiko egoerara eramatea du xede, hau da, eskubide guztiak errespetatuak eta proiektu politiko guztiak gauzagarriak izango diren agertokira. Hori litzateke benetako egoera normalizatua. Zutik Euskal Herria adierazpena kaleratzean horretarako erabakia hartu zuen, eta modu batez edo bestez panorama politikoan prozesuaz berba egiten da. Oraindino prozesurako osagai guztiak mahai gainean ez badaude ere, prozesua bideratzeko jartzen ari diren bitartekoez berba egiten dugu denok. Ezker abertzalea bakarrik abiatu zen, eta gero beste eragile batzuk etorri dira: EA, Aralar, Alternatiba... EAJ, PSE eta PP ere, beren ñabardurekin, zabaltzen ari den jokaleku posibleari begira daude nolabait. Teknikoki, bake edota normalizazio prozesuan ez bagaude ere, bidea egiteko osagaiak denok daramatzagu motxilan.

Mario Zubiaga irakasleak “hauteskundeak distortsio izugarria dira prozesuetan” esan du orriotan.


Izan litezke, baina osagai argigarria ere izan daiteke. Hauteskundeak distortsionagarriak izango dira, noski, eragile politikoek ez badugu berauen irakurketa egokia egiten. Alderdien eginkizuna hauteskundeak gotorlekua bihurtuz gero, izan litezke distortsionagarriak. Ordea, prozesuari edota Euskal Herriari begiratzen badiogu, argigarriak izan beharko lukete. Noski, horretarako hauteskundeetan aukera guztiak egon ahal izatea funtsezkoa da, horrela artikulatu litezke soilik mugimendu politikoak zentzu batean edo bestean. Noski, hauteskundeen aitzakian “geratu dezagun prozesu posiblea eta gero gerokoak” pentsatuz gero, hauteskundeak egoera nahasteko izan litezke. Guk hauteskundeak egoera argitzeko gura ditugu, orain zabaltzen den unea garrantzitsua baita denok gure planteamenduak mahai gainean ipintzeko.

Altsatsun hasi zen ezker abertzalearen prozesu berria. Zer ekarri du ibilbideak ordutik gaur arte?


Ezker abertzalea fase eraikitzaile batera pasa zen, lanerako fasean gaude orain. Giro politikoak astindu ederra hartu zuen, bai gure etxe barruari dagokionez, baita gainontzeko alderdiei dagokionez ere. Ilusioa ekarri du. Nik, oro har, dudan sentsazioa da gizartean baikortasuna handitu dela, orain dagoen ilusioa duela urte bete zegoena baino handiago dela. Egoera politikoaren pertzepzioa ez da zapuzgarria, osterantzean, gatazka ate berriak zabaltzeko parametroetan kokatu dugu, parametro ilusionagarrietan.

Hauteskundeak hizpide, zuzen eta artez: NaBai berria osatu daiteke Batasuna edo ezker abertzalearekin?
Osa liteke. Nafarroan formula bat adosteak posible izan behar luke, baldin eta Nafarroan aldaketarako baldintzak badaudela benetan pentsatzen badugu. Ezker abertzaleak eskaintza egin badu, aukera izan beharko luke, alderdien siglez harago joateko.

Uxue Barkosek Batasunak NaBai hautsi nahi duela esan du.


Alderdien eta independenteen nahi pertsonalez harago joan beharko genuke nik uste, eta ez dut hori esaten inolako espektatiba faltsuak zabaltzeko. Aurreiritziak laga behar dira, guk ez dugu NaBai hautsi nahi. Gure proposamena zintzoa da, ezker abertzaleak eragin gura du, ez NaBain, Nafarroan baizik.

Iñigo Urkulluk “ez dioela ezker abertzaleari lurrartzeko pista jarriko” dio.


Kuriosoa da EAJk beto eskubide hori behin eta berriro erabiltzea. Gure proposamena ez da EAJ inkomodatzeko, Nafarroan aldaketa gauzatzeko aukerak ematen direlako baizik. Proposamena NaBairi egin zaio. EAJk zer egingo duen? Bada, berak hartu beharko du erabakia. EAJk asumitu du Aralarrekin edo EArekin Nafarroan aritzea eta ez EAEn. Aralar bere momentuan EBrekin batera aurkeztu zen EAEn eta Nafarroan beste batzuekin...

(....)


XXI proposamena ezer hausteko asmoz egina dela esatea larregi da. Horiek gotorlekuetan mantentzeko egiten diren irakurketak dira. Nafarroan, aldaketarako egon daitezkeen aukerak goi-ikuspegi batetik aztertu behar dira. Ezker abertzaleak ez du siglei begira aurre-baldintzarik jartzen, egoera politiko zehatz honen aurrean indar metaketari azkeneko bultzada ematea planteatu du. Benetan sinesten badugu Nafarroan aldaketa posible dela, dokumentu hori da gure ekarpena; baina ez inori lekua kentzeko, gure herriaren proiektuak hortik pasa behar duelako baizik.

ETAk Bruselako Adierazpenaren eta Gernikako Hitzarmenaren sinatzaileei erantzutea espero al duzu?


Bai. espero dut eta espero dugu, eskaera hori egin dugulako. ETAri egin diogun eskaera ezker abertzalearen borondatearen adierazle argia da. Adierazgarria da ere esperoan egotea eta itxaropena izatea. Eskaera zuzena da orain arte ETAk pauso garrantzitsuak eman dituelako. Egin dituen ekarpenak batzuentzako “ez nahikoak” izan arren, guk ekarpenak norabide konkretuan eta oso baliogarriak egin izan dituela diogu. Erantzun horien esperoan egoteko itxaropena eta konfiantza daukagu. Orain ezin dugu pazientzia galdu eta buruari epeak markatu.


Ekarpen “ez nahikoak” esan duzu. Hauteskundeetan ezker abertzalea ez egoteko “ez nahikoak”.


Bai, batzuek langa hori jartzen ari dira. Gu, aldiz, egin beharrekoak egiten ari gara, gure etxeko lanak, ea hau edo beste hori ematen den itxaron barik. Batzuek diote “urtarrilerako ez bada, berandu izango dela hauteskundeetan egoteko”, baina nola esan dezakete ezer, urtarrilean gerta daitekeena ez badakite? Ematen du langa gordeta daukatela mahai azpian eta urrats bat ematen denean, beste langa bat aterako dutela: “Orain beste hau gainditu behar da, beraz, beste langa bat...”. Guk konfiantza osoa dugu ETAk Gernikako Adierazpenari eta Bruselakoari norabide zuzenean erantzungo diola, ez dakiguna da noiz. Laster egiten badu seinale ona izango da, baina geroago egiten badu ere, ez dut uste seinale txarragoa izango denik.


Brian Currin eragile askoren ahotan dago azkenaldion. Batzuentzat berebiziko rola dauka, beste batzuek gutxietsita dago.


Brian Currin-en rola eta presentzia garrantzitsua da oso. Pertsona aditua eta aritua da, mota honetako ekimenetan trebatua, eragile oso inportantea da: berak eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek gatazka panorama internazionalean ipini eta ardurak banatu dituzte. Besteak beste, “presioa” sakatu du eragile guztien artean eta etxeko lanak banatu, ez bakarrik alde batean. Halaber, gatazka parametro politikoetan kokatu du. Hein handi batean, gatazkaren konponbiderako prozesu politiko elkarrizketatuaren premia zabaldu du. Ez da alde batek edo besteak egiten duen diskurtsoaren aldean paratu, erdian dago nolabait. “Etorri zaitezke hona” ari da esaten, “konponbidea etorriko bada, hemendik etorri behar duzue”.


Urkulluk esana hau ere: “Egiaztatzea Eusko Legebiltzarrari dagokio, ez nazioarteko ikuskari batzuei”.


Hori beste langa bat ipintzea da. Orain arteko eskaera ETAren su-ten “egiaztagarria eta behin betikoa” zen. Hori zen langa. Orain gaindituko balitz, “ez, ez, egiaztagarria izatea Legebiltzarrari dagokio”. Ez dut ulertzen. Zaila da legebiltzar horrek eskumen hori edukitzea. Legebiltzarrak esku hartu beharko luke? Ez dakit, baina esklusibitatea izatea, ez da ulergarria. Holako oztopoak jartzeko ohitura kendu behar dugu, irakurketa positiboak egin behar dira. ETAk horrelako eskaintza egingo balu, zuzena litzateke zentzu positiboan onartzea. Hasteko, ikus dezagun ETAk zer dioen. Areago, Legebiltzarrean ezker abertzaleak ez du ordezkaritzarik, zertara dator hori? Ordezkaritzarik ez daukagun foro batek egiaztatu behar al du?

Jesus Egiguren da beste izen propio bat. Zer deritzozu bere jarrerari?


Egigurenek ildo koherente bat mantendu duela esan daiteke. Patxi Lopezi bidali zion gutunean –filtratutakoa– “has gaitezen urratsak ematen” zioen. Egigurenek Euskal Herriko egoerari buruz irakurketa zabala eta sakona egiten du, aurrera begirako proiekzioz egina. Gero, ETAren adierazpena Gabonak baino lehen etorriko dela esaten duenean... Ni horretan ez naiz sartuko. Bere pertzepzioak dira, nik ez dakit ezer horretaz. Mezuak zein medioetatik datozen ere neurtu behar dira. Badago gauza esanguratsua: honetan hasi zenean PSEko presidentea zen eta izaten jarraitzen du egun ere. Interesgarria litzateke bere ikuspegia zabalagoa izatea PSEn.


Ezker abertzalean hausturarako proportziorik ikusten duzu?


Ez, erabateko ez. Ezker abertzalea oso kohesionatua iritsi da une honetara. Une gorriak pasa ditu, prozesua gogorra izan da, baldintzak ez dira onak izan. Joan den urriko atxiloketak eta gero etorri diren oztopo guztiak gogoratzea besterik ez dago. Horrek prozesua oztopatzea baino barne kohesioa ekarri du. Ildo estrategiko berri honekiko atxikimendua erabatekoa da, eraikitzailea delako, berritzailea delako, eta esan bezala, ilusionagarria delako herri honentzat.


Ezker abertzalearen eta ETAren arteko hausturarako proportziorik ikusten duzu?


Ezta ere.
AHTren proiektua laster Elorrion

AHTren proiektua nola doa Elorrion?


AHTri buruzko herrian eraman dugun politika informazioan oinarrituta izan da. Jendeari helarazi diogu informazioa, eta jendea lagundu dugu bere eginbide guztietan. lur desjabetzeak izan direnean, errekurtsoak planteatu direnean. Udala afektatuekin zuzenki aritu da. Udalbatzaren joera, eta ni alkate bezala AHTren proiektua ez laguntzea izan da, inposatutako obra delako. Gure herrian itzelezko eragina izango du AHTk, ez herri kaskoan baina bai ingurunean.


Afektatutako lurjabeen erreakzioa nolakoa izan da?


Proiektua pixkanaka gauzatzen doa, eta horrek eragin handia du: lurjabeek eta herritarrek orobat Amurrion ikusten dute egiten jada, Abadiñoko obrak ere bai. Atxondo, Elorrio eta Bergarako zatia dago oraindik definitu gabe, zundatzeak hasi dira baina lanak hasi gabe daude.

Lurjabeak hasieran kontra zeuden baina denborarekin makurtzen joan dira. ADIFek (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) erabilitako taktika “zatitu eta bentzutuko duzu” izan da. Lurjabe bakoitza banan-bana jo dute, eta azkenean lortu dute jabeek baimena ematen joatea, pixkanaka ailegatu dira akordioetara eurekin. Gatazka luzea izan da. Tentsio handia zegoen legealdi hasieran, baina tentsio galtzen joan da, jabeak amore ematen joan baitira. Horrek kontrako jarrera mantentzen duena ahuldu egiten du.
Niko Moreno
"Kalean beste alderdiak ezker abertzalearekin batera normaltasunez agertzea oso garrantzitsua da"
Elorrioko alkate Niko Morenorekin (ANV-EAE) bake eta normalizazio prozesuaz eta datozen hauteskundeez egin du berba ARGIAk. Datorren astean kaleratuko den elkarrizketaren aurrerapena da hau.

Zer balantze egiten duzu legealdiaz?



Legealdia oso mediatizatua izan da. ETAk su-etena bertan behera laga zuen unean, baita ANVren ilegalizazioa izan zenean ere. Egoera politikoa nahaspilatu egin zen eta horrek ondorio gogorrak ekarri zizkion ezker abertzaleari. Udaletako errealitatea zaildu egin zen eginkizun politikoak aurrera eramateko. Dena dela, Elorrioko udal lanetan emaitza baikorrak lortu ditugu.

Nola ikusten dituzue datozen maiatzeko Foru eta Udal hauteskundeak, ezker abertzalearen egungo egoeratik?



Hauteskundeei begira guk hauxe esaten dugu: gero eta denbora gutxiago geratzen da, baina une honetan oraindik oinarrizko edukietan jardun behar dugu. Orain arte egindako ibilbidea eta emandako urratsak akordio estrategikoen ildoan izan dira, Gernikako Akordioa da horren emaitza. Gutxieneko demokratikoak adostea eta hainbeste eragile politiko ipintzea horien inguruan ados jartzea oso garrantzizkoa da.

Hauteskundeetan nola itzulikatuko den hori? Oraindik ez dakigu, subjektu elektoralak finkatu gabe daudelako. Nafarroan oraindik hor dago osatzeko. EAEn ez dakigu oraindik nola formulatuko den. Ezker abertzalearena da botila hutsik agertzen den aldea.

Artean, azpimarratu nahi dut ezker abertzalearentzat oso garrantzizkoa izan direla kaleko presentzia eta azken aldian izan diren manifestazioak, bai torturaren aurkakoak, bai hauteskundeei begira egindako agerraldiak. Kalean gu bakarrik ez egotea, beste alderdiak ezker abertzalearekin batera normaltasunez agertzea eta aritzea oso garrantzitsua da. Euskal gizartearentzat, ezker abertzalea EA, Aralar, Alternatiba –eta batzuetan EAJrekin– egotea, errebindikazioak elkarrekin plazaratzen ikustea baikorra da. Zentzu horretan jendarteari indar metaketa edota polo subiranistaren kokapen fisikoa eta bisuala zein den transmititu nahi diogu.

Gizarteak sinetsi behar du sukaldeko lana egiten ari garela, akordio zabala egiteko aukera dagoela, baita akordio bat baino zer edo zer sakonagoa ere bai. Hauteskundeak hor daude, eta guk parte hartzeko arrazoiak jarri ditugu mahai gainean.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude