Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Lurralde marka

Ana Urkiza

Ana Urkiza


2254. alea
2010-11-28
alde 0    kontra 0
(Dani Blanco)

Ez, ez da gauza bera literatura eta komunikazioa. Nahiz eta biek daukaten zerbait batak bestearengandik. Idazle asko dira komunikatzeko eta iristeko premiaz mintzo direnak, eta komunikatzaile zein publizista dezente literaturarekin saiakera egindakoak; azken hauek, beren lana ere artea dela esatera iritsi dira (sormena eta teknika zehatz batzuen erabilerari erantzuten diotela argudiatuz) edota liburuaren izenburua dela slogan adibiderik onena defendatuz.

Baina ez, ez dira gauza bera inondik ere. Literaturak bide luzeagoa du egina komunikazioak baino (maila komunikatibo behinena gaindituz gero, noski), nonahi, eta baita gurean ere. Urteak dira konbentzitu ginela euskal literatura esportagarria zela (hau da, erbestean ere ekarpenak egiteko edo gure tasunen berri emateko gai). Ez dirudi, ordea, hala gertatzen denik komunikazioarekin.

Eta Euskal Herriko erakunde publiko eta enpresa pribatu nagusienetako komunikazio zuzendariek, hau da, komunikazioaren profesionalek, argi dakusate “Euskadin produktua dugu” diotenean, hau da,  “badugu zer saldu; ez, ordea, izenik”. “Zer” saldu hori berezia da, “tasun” propioz jantzia. “Tasun” horiek guztiak kontuan hartuta, eta adostasun orokor batera helduta, herri honek bere izena eta izana zehazteko eta aldarrikatzeko eskubidea eta premia du.

Aurki, Espainiako Gobernuko Komunikazio Idazkariarekin izan da estatuko Dircom elkartea (Komunikazio Zuzendariena), eta eskaintza berezia egin diote: Espainiaren markaren gaineko aholkua ematearena.

Albiste hau goiburuetara igo baino pare bat aste lehenago, Deustuko Unibertsitatearen baitan herri honetako erakunde publiko eta enpresa pribatu nagusienetako komunikazio zuzendariekin eztabaida irekia burutu zen lurralde markaren inguruan. Eta, laburpen gisa, arestian aipatutakoa: ez dela behar adina sozializatu komunikazioaren ekarpena, herri bakoitzak bere identitatea edo nortasuna saltzen jakiteak dakarren onura, batez ere, ekonomiarako, eta hemen produktua badaukagula. Esanaz bezala, egiten jakin badakigula baina saltzen “ez hainbeste”.

Komunikazioaz dakitenek argi daukate. Erbestean saldu behar dute enpresek eta erakundeek ere bai. Nondik hasi?
Krisi ekonomikoak harrapatu gaituen garai honetan, ez da krisiaz eta ekonomiaz baizik hitz egiten. Eta kulturaz? Kultura krisitik kanpo dago ala? Kultura ez al da ba, baita, ekonomiaren parte?

Kultura aspektu askok osatzen du: literaturak, musikak, zinemak... eta baita produktua egiteko moduak, gauzak kontatzeko erak edota herriaren etorkizunaz izan genezakeen ideiak berak ere.

“Herri marka indartsu bat behar dugu” diote komunikazioko profesionalek, gure izaeraren tasunak edo atributuak azpimarratuko dituena, guztiongandik onartua izango dena, erakunde publiko, enpresa pribatu eta komunikazioan adituak direnen bidez eratuko dena, turismoa erakartzeko ez ezik, enpresentzako etekin ekonomikoa lortzera bideratua legokeena, eta lurraldearekiko atxikimendu sentimendua eta harrotasuna sustatuko dituena.
   
Zeren eta zer da herriaren identitatea, nortasuna, izaera eta izena deskubriarazten duen arrazoia, berezi egiten gaituen kultura ez bada?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza