Astekaria

 Liburuak 

Odol xurgatzaileak bogan

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2253. alea
2010-11-21
alde 0    kontra 0
Vampiria

Aitor Arana ::Vampira

Ikasmira

orrialdeak ::117

prezioa ::7,95€

“Banpirozaleei” dago eskainita liburu hau, eta izenburuak berak adierazten duen moduan badu zerikusirik banpiroekin. Erdaraz gazteen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari den tematika dugu hori, eta orain, badirudi euskarazko literaturara ere iristen ari dela –gogoan izan, esaterako, Beste Gu Mikel Zarate saria irabazi zuen obra ere–.

Aitor Aranak idatzitako nobela honek oso egitura berezia du; kapitulu laburretan banaturik dago eta, era berean, narratzaileak ere ugari dira. Irakurleak hainbat moduren bidez jasotzen du istorioaren haria: protagonista nagusiaren egunerokotik, Mikelen ordenagailu mezu laburretatik, kontakizuneko protagonisten inguruan hirugarren pertsonako narratzaile orojakilearen aldetik… Hots, ikuspuntu ugari eta protagonista asko batzen duen egitura bizi eta arina lortu du Aranak. Baina horrez gain istorioaren argumentuan asmatu duela esango nuke. Banpiroen istorioa da, banpiroa dela uste duen neska batena, baina hori baino gehiagora doa abentura edo misteriozko nobela honen argumentua, izan ere Valatek, banpiroen nagusiak, Joana neskatoa bereganatu nahi du banpiroen erabateko nagusitasuna eskuratzeko. Helburu hori lortzeko bidean, baina, Mikel aingerua eta honen nagusia tartekatuko dira nobelari amaiera lortua emanez.

Vampiria nobelak 2010eko Baporea saria eskuratu zuen. Idazlan bizia eta entretenigarria da, arestian aipatu bezala; nahiko erraz eta ongi irakurtzen den lana, baina baita irakurlearen interesa harrapatzen duena ere, eta horretan badu zerikusia Aranaren estiloak: “Zain geratu naiz, bakarrik, euriari begira. Barruan egonezin handia daukadan arren, euriak lasaitu egiten nau, lurraren eta leihoaren kontra zarra-zarra jotzean egiten duen hots musikalak nire bihotz asaldatua laztantzea lortuko balu bezala” (8. orrialdea).
Atseginez irakurtzen den obra baten aurrean gaude, beraz. Irakurlea harrapa dezakeen argumentu interesgarri eta bitxiarekin; hala ere, batzuetan irakurleak zerbait galtzen ari dela senti dezake, ez duela haria erabat harrapatzen. Amaierak, ordea, airean geratutako ideia horiek lotzen ditu.

Poztekoa da, esandakoak esanda, Aitor Aranaren lan hau euskaraz argitaratua ikustea, are gehiago urtean ia-ia libururik plazaratzen ez duen argitaletxean publikatu delarik. Edozein modutan, Aranak epe nahiko laburrean sari hau hiru aldiz irabazi izanak kezka puntu bat sorrarazten dit. Ez al dago idazle gehiago? Idazleek ba al dute deialdiaren berri? Baina uste dut kezka hauek –eta beste batzuk– euskal literatura sari gehiagotara ere zabaldu beharko genituzkeela.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza