Astekaria

 Bestelakoak 

Tortura eta hedabideak

Pako Sudupe

Pako Sudupe


2252. alea
2010-11-14
alde 0    kontra 0

Idazten ari naizen honetan, oihu ozenena egiteko gaitasuna duten hedabideek gai hau jarri dute jendaurreko plazan: sozialistak eta ezker abertzalea hitz egiten ari ote diren, hitz egite hori legez aurkakoa dela argi eta garbi adieraziz, edota, izan daitekeela iradokiz. Hitz egite soila amore ematea balitz bezala!

Hedagailu ozenenak dituzten horiek beroiek isilgailua jarri diote Portu eta Sarasolaren auziak erabat garbi agertu duen auzi bati: tratu txarren eta torturen egiazkotasunari. Onenean mezu hau zabaldu dute: bai, larria da, baina fiskalaren lan zuzenak argi uzten du zuzenbide estatuak funtzionatzen duela.

Sinesgarritasuna aitortzen diedan hedabideetara jorik, lehen egiaztatze axola handikoa: estatuaren abokatuak bat egin du gezur zikinena fabrikatu duten guardia zibil, haien abokatu eta medikuekin.

Gipuzkoako fiskalburuaren lana ona izan da, eta, besteak beste, adierazpen hauek eskertzekoak: guardia zibilek emandako bertsioa gertagarria edo sinesgarria ez beste edozer izan daiteke; erasoa etengabea, nahita egina, erabakigarria eta alde batekoa izan zen, hots, guardia zibilek Portu eta Sarasolari egina eta ez alderantziz; eta, defentsak proposaturik epaiketan deklaratu zuten bi medikuak epaimahaiari argitasunak ematera etorri beharrean akusatuei laguntzera etorri ziren. David del Valle eta Lurdes Goenaga Donostiako Auzitegiko medikuek egindako txostenak, aldiz, dio bi atxilotuek gorputzean zituzten zauri nagusiak bateragarriak direla haiek atxiloketaz emandako bertsioarekin eta ez guardia zibilek emandakoarekin.

Basakeria honetan parte hartu zuten bost guardia zibilek ez dute zigor eskaerarik; basakerian parte hartu zuten beste sei guardia zibilentzat zigor irrigarria eskatu da –10 egunez non dabiltzan jakinarazi beharra–, eta basakeriaren ardura nagusia dutenentzat, 2 urte eta 3 urteko kartzela eskaerak.

Estatuaren jarrera ikusirik, lau horiek zigortuak izaten badira, izan litekeen kartzelaldi onena izango dute, eta laster indultua jaso dezakete, eta aurrerago dominaren bat ere bai.

Eta Amaia Izko defentsaren abokatuak dioena bete gabe: inkomunikazioa kendu eta atxiloketak grabatu gabe jarraituko dute. Zerbait laburra esatearren: zuzenbide estatu izugarrian gaude; tratu txarrak eta torturak ametitzen ditu, hedabide indartsuenen laguntza gaiztoarekin.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza