Troitiño eta Parot: bi familiaren erretratuak

  • Garai batean, zain zituzten aita eta ama. Gaur egun, presoak aita eta ama dira, baita aitona-amona ere.
    700 inguru dira. Hauetako batzuen seme-alabak espetxean sortu dira. Asko oso gaixo daude. Badira hogei urte baino gehiago kartzelan daramatenak. Horietako askok, legea eskuetan, kalean izan beharko luke. Familia horien guztien adibide bi ekarri ditugu: Troitiño eta Parot.

Dani Blanco

Mattin Troitiño 1984ko irailaren 9an jaio zen, Donostian. Aita, Txomin Troitiño, osaba Antton eta Jon anaia espetxean ditu. 1987ko urtarrilean atxilotu zuten osaba, eta irailean aita. Anaia berriz, duela sei urte: “1987ko irailaren 3an atxilotu zuten aita, nik hiru urte egiteko zorian... Ez dut gogoratzen, noski”. Amaren familia donostiarra da. Aitaren aldetiko amona Palentziakoa (Espainia): “Tariego de Cerratokoa, herri txikia...”. Aitona, galiziarra, Itsas Armadako militarra izan zen. Francoren alde borrokatua. Frankista. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: “ETAkoak izanik ere, aitonak aitari eta osabari errespetua gorde zien hil zen arte. Nire amona seme-alabak aske ikusiko dituen esperantzarekin bizi da”.

Mattinen egoera bizi duen inork, azaltzen gogorrak diren gertaerak ezagutu ditu: “Nik kartzelaren irudia txikitatik bizi dut, gorde dudan irudia da. Prozesu ‘normala’ izan da edo hala bizi dut. Heziketaren barnean neureganatu dut kartzela, asimilazio prozesu bezala: kartzelak, presoak, bisitak, funtzionarien jarrerak... Hori guztia txikitatik bizitzea ‘egokitu’ zait. Gaur egunera etorrita, kartzelatik kanpo kartzela bizi dudan pertsona naiz”.

Espetxean dagoen pertsonarekin harremanak bereziak imajinatu ohi ditzakegu. Hona Mattinen kasua: “Pertsona bat ia betidanik preso ezagutzea latza da, eta zure aita bada, pentsa. Kartzela mundu berezia da, mugatua, traba izugarria da. Aitarekiko harremanak ez nituzke beste aita-semeen arteko harremanekin konparatuko, desberdinak dira. Nik aita beti maite izan dut horrela. Urrun izanik ere, harreman ona landu dugu”. A Coruñan dago aita, Curtisko espetxean. 55 urte ditu eta 23 daramatza barruan... “23 urte kartzelan pasatzea ez da samurra, ez berarentzat eta ez ondoan garenontzat”.

Aitak eta osabak elkarren antza dutela dio Mattinek, “baina gauzei aurre egiteko moduan oso ezberdinak dira. Osaba atxilotu zutenean inor ez zen harritu, aita atxilotzea aldiz inork ez zuen espero, inork ez. Lehen harremanetan aita osaba baino serioagoa da, osaba irekiagoa”. Huelva IIn dago osaba.
Aita eta osaba baino gogorragoa egin zitzaion anaia kartzelan ikustea: “26 urte ditut, eta hogei urte nituenean espetxeratu zuten. Anaia ere ETA erakundean sartuko ote zen aski kontziente nintzen, baina urte asko eman nuen bizitzen berarekin. Anaia ‘lapurtu zidaten’. Atxilotu zutenean lau urte zeraman ihes. Ez da erraza onartzea, ez duzu nahi zuri tokatzea”. Aitaren –eta osabaren– bidea hartu zuen anaiak ere: “Kartzela lehendik ‘ezagutu’ duzunez gero, are gogorragoa da onartzea. Anaiarenak errealitatearen alde are gordinagoa erakutsi zidan”. Jon anaia duela hiru hilabete estraditatu zuten Frantziatik. Fresnesen egon zen, Marseillako espetxean ondoren, eta gero Toulonen. 31 urte ditu eta Foncalant-en dago egun, Alacanten.
 

Bidaiak eta bisitak

Espetxea eta estuasuna hitz kidekoak dira Mattinen hiztegian: “Kartzela estutzen zaituen espazioa da. Ateak, funtzionariak, itxiturak, kristalak, usaina... Ezaugarri asko dauka espetxeak, estuasunak hoztasuna dakar. Nahiz eta batzuetan, kontrastean, berotasuna ere sentitzen duzun, presoen senidearengan aurkitzen duzun berotasuna”.
Aita izaera sendokoa dela dio, “baina hogei urte luze kartzelan betetzen duzunean, beste askok bezala, zerbait mugitzen zaizu barruan. Egunerokotasunean pilatzen den zamaz gain, hogei urteko koska handia da. Izateko moduarengatik denbora erraz betetzen du aitak. Burua ondo dauka. Margolaria da, kirola egiten du, kanpoko jendearekin harreman oparoa landu du eskutitzen bidez. Kanpoko errealitatearen jabe da, eta horrek balio dio barruko egoera gainditzeko”.
Aitak eta osabak, laguntzen dien jende ugari daukate inguruan. Bisita asko eta babes sozial azkarra dute lagunen aldetik: “Nik beste egoerak ezagutzen ditut, inguru sozial murritzagoa duten presoena. Den-dena familiaren bizkar geratzen diren kasuak. Alde horretatik ni ez naiz kexatzen. Noski, hiru senide izaki, gastu ekonomikoa izugarria da”.

Gastu ekonomikoa, denbora eta errepideetako arriskua: “Ez dut inoiz gogorik izan egindako kilometro kopurua ezagutzeko. Igoal, beste pertsona bat banintz bai, baina ni horrekin jaio nintzen, eta ez dut ‘berezitasun’ bezala bizi. Kilometro asko egin dut aita, osaba eta anaia ikusteko, asko”. Curtis-era autoz joaten dira, ez daukate autobusez joaterik, bertan diren preso kopurua txikia baita. Espetxearen helburua zailtasunak jartzea da, sakabanaketa dela edo beste dela eta. Presoak ikusteko bidaiak milaka bilakatu dira. Granadara bidaia egiten zuen garaia dauka gogoan Mattinek, autobusean zegoen giroa. Jende eta errealitate ezberdinak ezagutu zituen: “Nik badut fijazio bat: amak eta seme-alabak elkarrekin ikustea. Irudia buruan iltzatua daukat. Ama haien azalean nire ama jartzen dut, eta umea neu naiz. Txikitako nire egoera ikustea gogorra egiten zait, bizitakoa hogei urteren ondoren errepikatzea...”.

Kanariar Uharteetako Salto del Negro espetxeko narraskeria ere badarama buruan. Hirugarren Munduko espetxea. Humanitate ezaren isla. Txomin Troitiño han egon zen 1989-90 urteetan, sakabanaketa garaian: “Egoera oso gogorra zen eta gu urtean behin joaten ginen. Hegazkinez, bi hegalditan: Bilbotik Madrilera eta handik Uharteetara. Bi egun pasa eta buelta. Diru eta denbora xahutze ikaragarria zen”.
Duela hiru urte, berriz, Granadara aita bisitan joan ziren eta min ikaragarria egin zieten berari, Oier anaia txikiari eta amari: “Urtea betetzen zuen Oierrek. Anaia bere aitarekin aurrez aurrekoan egotea zen oparia [Oierrek osaba bezala identifikatua du Mattinen aita. Ama bera dute, baina beste aita dauka]: “Familia Liburuarekin sartu behar zen Oier, karnetik ez baitzeukan. Funtzionariek ez zioten utzi pasatzen, ez zuten inolako malgutasunik izan. Ez zen lehen aldia. Datu basean zegoen, bazeukaten identifikatzea. Argazkia ere bazuten. Robotek bezala jokatu zuten, ez zioten sartzen utzi. Robotak jarriko balituzte berdin”.
 

Etxerat-en ari da

Mattinek Etxerat elkartean dihardu lanean: “Aitak eman zidan gomendio bakarra ‘ardura ondo ezagutzea eta betetzea’ izan zen. Elkartean eta senideengan sufrimendu handia dagoelako. Harrezkero ez dit ezer gehiago esan”.

“Badakizu –segitzen du Mattinek– momentu gogorretan galdetzen digute nola gauden, eta askotan ‘ondo’ esaten baino ez dakigu. Horretan akatsa izaten dugu. Ni kontziente naiz aita preso dagoela, ez duela askatasunik, eskubide asko urratua duela, egunerokoa zama bihurtuz doala eta berak badaki, zoritxarrez, nik txikitatik bizi izan dudan errealitatea dela. Horrek ez du esan nahi zama ez denik, elkar ulertzea dago, enpatia. Bisitetan hitz gutxi egiten dugu batzuetan, komentario txikiak dira, ez dugu halako diskurtso luzerik izaten. Une gogorretan izaten diren detaileak laguntzen digute aurrera egiten. Elkar laguntzen dugu”.
 

Ursoa, Jon eta Unai Parot

Ursoa Parot Aljeriako Sidi-bel-Abbes probintzian jaio zen, 55 urte ditu. Jon Parot Aljerian jaio zen, 58 urte ditu. Unai Parot aldiz, Aljer hiriburuan, eta 52 urte ditu. Anaia-arrebak dira. Bi anaiak preso daude: “Unai Al Qaeda-rekin lotu nahi izan dute zenbait alditan, parotarrak arabiarrak garela erranez”. Ursoaren aita zuberotarra zen. Ama, nafar jatorrikoa: “Gurasoak Aljereko Euskal Etxean ezagutu ziren, hiriburuan. Gu jaio ginen garaian Aljeria, Maroko edota Tunisiako Euskal Etxeak oso ezagunak ziren munduan. Parot familia, aitaren aldetik Muskildikoa da. Parotüa etxea Garindain-en dago. Ene amatxi Ühalt zen, Altzürükükoa”.

Aita, Anbrox Parot Ühalt, 1917an sortu zen, hamabi anaia-arraben artean gazteena izaki. Familia Bordelera aldatu zen halabeharrez. Bere anaia-arrebek ez bezala euskara galdu zuen. Bordeleko josulagunen etxean heziketa jasoa ukan zuen halere: “Besteek ez zuten ikasketarik ukan, aitak bai. Aitak euskara galdu zuen, baina euskal kontzientzia erne atxiki zuen”.
 
Anbrox Parotek Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen: “Alemanek preso hartu zuten bi aldiz eta bietan ihes egin zuen. Beste batzuek alemaniarren menpe bizitzea onartzen zuten, haien etxaldea okupatzea. Aita erresistentzian sartu zen. Gerra ondoren Aljeriara destinatu zuten maisu bezala. Frantziako Eskola Publikoko errienta izan zen” diosku Ursoak.

Aljeria kolonizatuaren garaia zen. Frantziar herritarrak bortxaz eramaten zituzten bertara. Ursoaren ama, Antonia, jatorri nafarreko Lorca herri andaluziarretik joan zen Aljeriara. Postetxean lan egin zuen. Aitak eta amak han ezagutu zuten elkar: “Aljerian sortu ginen, baina aitak Jon, Unai eta Ursoa izenak eman zizkigun. Orduan ez zizkioten onartu, debekatuta baitzegoen”.

Amaren familia Espainiako Gerra Zibila garaian iritsi zen Aljeriara. Ursoaren aitona-amonak frankismoaren aurreneko garai katolikoan jaio ziren. Amak ere, familiako gazteena izan zenez, ikasketak egin ahal izan zituen. Errefuxiatuei sostengua eman zieten: “Gure aitona-amona katolikoak ziren, baina beren etxeko atea beti irekita zegoen errefuxiatu errepublikar, anarkista edo komunistentzat. Ez ziren katoliko erreakzionarioak. Laborari jatorriko langile xumeak ziren. Guk txikitatik errefuxiatuen mundua modu naturalez bizi izan dugu. Amaren aldetik kultura komunala jaso genuen, aitarena baino komunitarioagoa. Aitaren aldetiko kultura, zuberotarra, indibidualistagoa zen. Zuberotarra izanagatik, zentzu horretan, aita ezberdina zen”.
 

Aljeriako Independentzia Gerra

Aljeriako Independentzia Gerrak eztanda egin zuenean Parot familia han bizi zen. 1962an, Pieds-Noirs delakoak itzuli ziren, Parot familia urtebete lehenago: “Aljeriarrei bozkatzeko eskubidea ukatu zietela salatu zuen publikoki ene aitak. Hara, mehatxatu zuten demokrata zelako. Aitaren eta amaren jarrerak oso nabarmenak ziren gizarte hartan. Gure familia ez zen kolonizatzailea. Bekaizkeriak, salaketak eta mehatxatuak behartuta aterarazi zituzten aita eta ama handik”.
 

Orhiko txoriak Orhira nahi

“Altzürüküra itzuli eta irakasle jardun nahi zuen aitak. Bere bokazioa zen. Euskal Herrira itzuli nahi zuen, baina ez zioten errienta plaza bermatzen. Sorterrian ez zegoen plazarik. Nerbio-depresio izugarria jasan zuen”. Tolosan (Okzitania) bizi izan ziren parotarrak: “Oporretan Zuberoara jiten ginen. Frankismoaren azken garaia zen. Aitak asko irakurtzen zuen eta errepresioaren berriak ematen zituen familian. Unaik, hamalau urterekin, idazlan bat egin zuen eskolan eta torturaren gaia landu zuela oroitzen dut”.

1975ean Parot familia Tolosatik Baionara aldatu zen. Hemengo irakasleek Parot errienta Pied-Noir bat bezala hartu zuten: “Parot familia atzerritarrak sentiarazi gintuzten, lana lapurtzen omen genien bertakoei. Diskriminatuak izan ginen. Alta, aita Euskal Herriaz mintzo zen. Ez zen politikaz mintzo ere, herriaz eta kulturaz baizik”.

Hogei urte zituela, Batallon Vasco-Españolek Jon anaia zauritu zuela gogoan dauka Ursoak: “Etxabe tabernan; Baionako Pannecau karrikan”. Aita erretretan zegoen garaia ere gogoratzen du: “Gurasoak errefuxiatuen giroan mugitzen ziren. Aitak errefuxiatuen semeei frantses klaseak dohainik ematen zizkien. Aita 2002an hil zen. Aljeriako ikasleak etorri ziren bere hileta elizkizunetara, oso gizon maitatua izan zen”, dio Ursoak. Ama bizi du.
 

Parotarrak laidotuak

Unai eta Jon atxilotu zituztenean haiei buruzko irudi lazgarriak zabaldu zituzten hedabideek, laborria hedatu zuten. Parisen bizi zen familiarengandik jaso zuten inpresioa azaldu digu Ursoak: “Deitu ziguten esanez hiltzeko pena jarriko zietela biei Frantzian. Gurasoek pentsatzen zuten mundu abertzalean ari zirela, baina ez zuten hain sartuta zeudenik uste. Gurasoak ez ziren jabetzen anaia-arreben engaiamenduaz. Zabaldu zuten irudia ez zuten hedabideek ematen zituzten irudiekin lotzen ahal. Kontrastea ikaragarria izan zen”.

Aitak ezin izan zuen Unai ikusi lehen zazpi urteetan, debekatu egin zioten: “Unai bost egunez eta bost gauez torturatu zuten. Ondoren, Herrera de la Manchan (Espainia) zegoela, poliziak xantaia egin nahi izan zion. Galdeketak eta mehatxatuak jasan zituen”. El Puerto de Santa Mariako III. espetxean dago egun. Jon berriz Parisko hainbat espetxetan izan ondoren, Tolosara eraman zuten: “Amak –83 urte ditu– espetxeko lehen urteetan hiru bidaia egiten zituen hilabetero: Unairengana bat eta bi Jonengana. Unaik torturen ondorioz laguntza handia behar izan zuen. Oso egoera gogorra bizi zuten gurasoek”.
 

Parot doktrina

Unairi ez zaio gustatu Parot doktrina izendapenaren bidez bera egunero prentsan egotea. Auzitegi Goreneko doktrina da. Parot doktrina gabe ere, nahiko ezaguna zen Unai: “Unaik ez du gustuko preso bati pena luzatzen dioten bakoitzean bere abizena entzutea, gogorra egiten zaio. Eni berriz, Unai ahanztea egingo litzaidake gogorragoa”.

Ursoa alarguna da eta ez du seme-alabarik. 2.400 km. egin izan ditu hilabete oro, batez beste, anaiak bisitatzeko. Unairi, berezko erregimena zuenez, ez zizkioten bisitak onartzen beste presoen egun berean, eta familia aparte ibili zen beti. Denbora luzez ezin izan zuten Etxerat-eko autobusa hartu. Eta hainbatetan, amarekin edo ilobekin joan eta... “Unai bisitatzera joan, Madrilera iritsi eta Guardia Zibilak furgonetan eramaten zuela ikusi dugu”. Espainiako espetxeak jasangaitzak dira, ankerrak eta inhumanoak.

Haizea eta Oihana alabak ditu Unaik, 25 eta 22 urtekoak. Beste alaba bat dauka bigarren emaztearekin: Izar, 12 urtekoa. Aitona ere bada. Oihanak Kima izeneko alaba du. Jonen alaba, berriz, Ihitza da: “Atxilotu zituztenetik, funtsean ni izan naiz Unairen alaben ama”. Lehen alabak zazpi urte zituela ikusi zuen lehen aldiz aita barroteen eta kristalen bestaldean: “Haizeak hutsune izugarriak dauzka gogoan. Haizea, Oihana eta Ihitzak Unai telebista matxuratu batean ikusita bezala gogoratzen dute. Kristal zikinen bestaldean oroitzen dute, mintzatzeko funtzionatzen ez zuten mikrofonoak tarteko. Ezin elkar ulertu. Espetxeratu zutenean, Unai ama zen alabentzat, asko zaintzen zituen”. Zorionez, Ihitzak ez duela esperientzia hori bizi dio Ursoak. “Haizeak eta Oihanak memorian hutsune edo zulo bat daukate. Frantziako egoera gogorra da, baina Espainiako espetxea gogorragoa izan da gure familiarentzat”.
 

Al Qaedako Unai Parot

Unai kartzelako motinen antolatzailetzat jo zuen Antoni Asunción Espainiako Barne ministro oihak. El Puerto de Santa Marian zegoela isolatu zuten. Euskal preso guztiak alde batean eta bera bakarrik bestean utzi zuten. Amak kontatua gogoratzen du Ursoak: “Amak arretaz segitzen zuen Unairen egoera. Bere zeldaren aurrean preso sozial baten burua moztuta utzi zioten. Puerto I-n elkarren kontra dihardute presoen bandak. Hainbat preso soziali xantaia egin nahi izan zieten, Unai bera eta beste euskal preso bat hiltzeko”. Unaik, halere, izaera lasaia dauka eta ondo moldatu da preso sozialekin. Puertoko egunkarietan Unairen “izaera arabiarra” zabaldu dute han dagoenetik: “Behinola, Unairen abizena Al Qaedako kide baten agendan aurkitu zutela zabaldu zuten egunkariek. 2007 urtean, Madrilgo kartzelan izan zen bitartean, bere ondoan islamiar bat jarri zuten preso. Patioan eta pasilloetan islamiarrarekin zegoela irudiak grabatzen zituzten eta manipulatu. Epaiketetan ‘ez duzu arabiarra mintzatzen?’ galdetu diote. Hortik asmatu zuten arabiarrekin harremana zuela”.

Ursoak Frantziako administrazioan lan egiten du, etxebizitza sailean. Denbora librean itzulpen lanak egiten ditu Le Journalen: “Ene bokazioa hizkuntzak dira, aitaren ondarea da. Ni naiz familian oharkabean pasa dena, baina anaiek diotenez, haien eskuetako hatzetako bat naiz”.   

Mattin Troitiño: "Biktimaren esanahia desitxuratu da interes pertsonal eta partidisten mesedetan"

Biktimak, presoak, sufrimendua, errekontziliazioa...

 



“Biktima hitz bat da. Esanahi bat dauka. Azken urteetan erabilpen bat eman zaio. Biktimaren esanahia desitxuratu da interes pertsonal eta partidisten mesedetan".

Biktimak eta kaltetuak parametro berdinetan jartzen ditu Mattinek: “Nik biktima naizela esan dezaket. Txikitatik bizi izan dudan egoeraren ondorioz kaltetua naiz. Gatazka politikoaren ondorioz. Biktimak ez dauka errurik. Aitzitik, errua du biktima bere nahiaren arabera erabiltzen duenak. Hitzak ez du errurik, hitzak norberak errealitatea ikusteko modutik interpretatzen, erabiltzen ditu".

"Idealizatzearen kontra nago. Aita, osaba eta anaia –beste 700 lagunekin batera– preso dauden herritarrak dira. Kezkak eta beldurrak dituzte, zoritxarrak eta zoriontasunak, familia dute beren atzean, herri bat aurrean, erabaki bat hartu zuten pertsonak dira: herri honen aldeko askapen mugimenduan, molde batez edo bestez, parte-hartzea. Ez dira heroiak ere".

"Ezin da batzuen eta besteen sufrimendua konparatu, sufrimenduaren jatorria konpondu behar da. Guztiontzako berdin balio du sufrimendu hitzak. Errekontziliazioa izango bada, herri honetan baldintzak eman behar dira oinarrizko gaiez berdintasunez hitz egin ahal izateko, inolako diferentziarik gabe. Eskubideak guztiak eta guztiontzat behar dira".

"Gauzak konpontzeko modu bakarra hitz egitea da. Niri ETAren indarkeria jasan duen pertsona batekin egotea gustatuko litzaidake, edo bestelako indarkeria jasan duenarekin, errealitateaz eta bakoitzaren bizipenaz hitz egiteko, sufrimendua jasango ez dugun testuinguru batera iristeko moduaz mintzatzeko. Nik besoak zabalduta dauzkat, inolako gorrotorik gabe".

Bake prozesu posibleaz


"Etapa berri bat zabaltzen ari da, oinarrizko giza eskubideetan, eskubide zibil eta politikoetan oinarrituta. Berriz ere esperantza zabaldu da, sufrimendua eragiten duten eragile guztiak geratzeko. Sufrimendua, besteak beste, presoen eta iheslarien senideek jasaten dugu".

"Egoerak bi alde ditu. Ona da bata: poza sortu da, nahi bat, gero eta jende gehiagok desio du presoen arazoa konpontzea. Eta txarra bestea: kalean gero eta urrats gehiago ematen diren heinean, Espainiako Estatuko botereek, Gobernua tarteko, mekanismoak are gehiago zorrozten dituzte, gero eta gehiago estutzen dituzte presoen lagunak eta senideak. Beraiek jakingo dute zergatik egiten duten hori, ez naiz sartuko baloratzera. Baina, aurreko prozesuetan bezala, honetan ere, poza eta nahiarekin batera urduritasuna areagotzen da. Urduritasuna, Espainiako Estatuaren indarren aldetik ez dagoelako borondaterik herritar guztien nahiak marko demokratiko baten baitan ahalbidetzeko".

Kanal honetatik interesatuko zaizu: 'Parot doktrina'
Grande Marlaska tortura salaketen inguruan: "Egia bakarra egia judiziala da"

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.


2015-01-13 | ARGIA
Etxeratek "Parot doktrina"-rekin alderatu du Gorenaren erabakia

Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


ETAko presoen kondenak "gehiegizkoak" direla dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek

Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.


2014-04-29 | Iera Aranburu
Euskal presoen kondenak luzatzeko doktrina berri bat eratu dute Espainiako epaileek

Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.


Eguneraketa berriak daude