Astekaria

 Bertso berriak 

Gizonari jarriak

Imanol Lazkano

Imanol Lazkano


2250. alea
2010-10-31
alde 0    kontra 0
Imanol Lazkano
(Nagore Legarreta)
I
Ziurrenik lau hankan
hasi zen aurrena,
zutituta abitzeko
munduan barrena.
Adimen lantzeari
ekinez hurrena,
giza historiaren
lehenengo herrena.
II
Pentsamentua janzten
zihoan heinean,
ez zen ados besteen
maila berdinean:
Kokatu nahiak beste
guztien gainean
jarri zun betirako
nahi ta ezinean.
III
Adimen hori lantzen
hari zenez nonahi,
bata botere gose
bestea ere bai.
Ordura arte zena
kide edo anai,
gizona bihurtu zen
gizonaren etsai.
IV
Hasieran zen harek
lau hankako abere,
munduko ondasunak
nahi lituzke bere.
Arrazoiak ez dio
balio batere
indarra nagusi ta
dirua botere.
V
Betitik egin ditu
amets aberatsak
gehiegi neurtu gabe
zekartzan akatsak.
Horrek ekarri ditu
ondorio latzak:
kontaminatu gaitu
sosaren kiratsak.
VI
Besteren bizkar bete
denean kartera,
mundu xume hontatik
nahi luke atera:
Heldu da ilargira,
agian Martera,
nahiz anaiak behartu
lokatza jatera.
VII
Alferrik izango da
asmo onekua
ta maite bere herri
edo sorlekua
ez dezala defenda
bestela lepua...
Mundu bat egin dugu
bihotz gabekua.
 VIII
Indar militarreri

emanik garrantzi
armamentuz beteta
gizalegez ahantzi.
Hiltzaile txikieri
kartzelak erantsi,
handieri txaloak
ta medailak jantzi.

IX
Errepara elizan
edo politikan:
egingo dizkigute
promes politikan
baina beraiek gertu
diru pilotikan,
txikiak ezin aska
korapilotikan.
X
Eskaintzen dizkigute
dozenan hamalau
baina guztia lege
ta guztia arau.
Garratzetik soberan
gozotikan barau
aurreratu nahiaren
atzeraka da hau.
 XI
Dena degu presa ta
dena itsumustu,
bakoitzaren bizitza
bihurtuz apustu.
Ez al dugu burua
neurriz kanpo puztu?
Esne txarretik bete,
umoretik hustu.
XII
Bada zertan kezkatu
ta zertaz goibeldu
azken muturreraino
ez al gara heldu?
Izan behar zuenak
guztien eredu:
lur madarikatu hau
gizonak erre du.


Doinua: “Mando baten gainian”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Bidaniko liburutegiko taldea | 2011-01-21 11:15:30

    Imanol Lazkano Jaunari: Bidaniako Liburutegian biltzen garen emakume talde bat gara. Gaur, urtarrilak 17, Argian 2250. zenbakia, argitaratutako bertsoak irakurri ditugu, ez kantatu, ez gara gai eta. Arrazoi guztia daukazu, horrelakoxeak gara, egi borobilak dira hasieratik bukaeraraino.Hala ere erabat ezkorrak iruditu zaizkigu. Hau da gure eskaera: hurrengo batean berriz idazten duzunean bertso horiei buelta emaiezu mesedez,hau da,zalantza izan dugu zu triste xamar ote zauden, nahiz eta denean arrazoi izan,eguzki pixka bat ikusi nahi genuke,gizakiongan esperantza izpi bat badagoela zuk bertsotan adieraztea nahi genuke. Bide batez nahi duzunean hona etortzea gonbidatzen zaitugu. Espero dugu gure eskaera lotsagabea ez izatea. Besterik gabe, izotz ondoko eguzkiak goxatu gaitzan, Bidaniatik.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza