Liderra

Arnaldo Otegi
ARNALDO OTEGIK El País-i emandako elkarrizketa ez da edozein indar politikoren buruzagik ematen duena. Arrazoi askorengatik ez da elkarrizketa bat gehiago: espetxean dago, ez da bere elkarrizketarik irakurri oso aspaldi eta datorren garaian dator, irailean zehar ezker abertzaleak bake prozesu berri hau mugiarazteko erakutsitako ekimen politiko indartsuaren ondoren.

Otegik elkarrizketa eskaera asko izan ditu, zalantzarik gabe, baina El País-i eman dio oraingoan, eta ez egunkari honetako edozein kazetariri, John Carlini baizik. Kazetari britainiar honen lan ezagunena Playing the Enemy da eta bertan sakon aztertzen du Hegoafrikako bake prozesua nola elikatu zen. Carlinek ondo ezagutzen ditu hango bazterrak. Eta ez dugu ahaztu behar, halaber, Brian Currin hegoafrikarra dela nazioarteko bitartekaritzaren dinamizatzaile publikoa.

Elkarrizketak PSOEren oniritzia ere baduela pentsa liteke eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren erantzun azkar eta baikorrak ere itxura hori indartzen du. Gidoirik badagoen ala ez, hori bestelako kontua da, baina badirudi Zapaterori interesatzen zaiola Espainiako iritzi publikoak Otegik pentsatzen duena jaso dezan. Elkarrizketa honen bidez, halaber, nazioarteko komunitateak ezker abertzalearen iritzia bere liderraren eskutik jasotzen du.

Bai, liderra. Eta hau da seguruenik elkarrizketaren atalik garrantzitsuenetakoa, Otegiren lidergoa argi adieraztearena. Preso batek oso gutxitan hitz egiten du maila horretan eta halako tinkotasunarekin, baldin eta ez bada Presoen Kolektiboaren izenean edo, aitzitik, kolektibo horretatik kanpo kokatua. Eta Otegik hasieratik argi uzten du ezker abertzaleko buruzagi moduan mintzo dela. Besteak beste, zorrotz jardun du ezker abertzalearen estrategia berriaren izaeraz: “Bide baketsu eta demokratikoak soilik, independentziarantz ez da beste biderik”. Balizko atentatu bat, zerga iraultzailea, kale borroka... eta gisakoak ere ezker abertzalearen estrategia politikotik kanpo uzten ditu. Eta ETAk egin beharko lukeena ere oso zehatz azpimarratu du: “Anbiguetaterik onartzen ez duen ezker abertzaleko oinarrien agindua dago eta bete egin behar da”.

Berak esandako gehienak sarri atera dituzte mahai gainera ezker abertzaleko hainbat buruzagik, baina berak orain eta molde honetan esateak beste balio bat du iritzi publikoari begira, bereziki Espainiako eta nazioarteko iritzi publikoei begira.

Azaroaren 11n epaituko dute Otegi, –Joseba Permach eta Joseba Alvarezekin batera– oraingoan 2004an Anoetako Proposamena egin eta, besteak beste, “terrorismoa goresteagatik”. Iaz sasoi honetan ETA berrantolatzeagatik –ETA eta Batasuna bat baldin badira, Espainiako Justiziak dioen legez– atxilotu zuten gisara. Tesi horretan murgilduta, Otegik ETA berrantolatzen du honek borroka armatua utz dezan. Hara delitua. “Baina jakina, hauteskundeei begirako estrategiak dira” (amaitzen du tesiak).

Herritarren gero eta gehiengo handiago bati, ordea, gero eta sinesgaitzagoa egiten zaio ipuina. Egia da ezker abertzaleak gizartearen aurrean sinesgarritasun arazo handiak dituela, baina ez da inongo zalantzarik ezker abertzale hori astetik astera ari dela sinesgarritasuna irabazten euskal gizartean. Otegiren elkarrizketa honek sinesgarritasun hori are eta gehiago sendotzen du, Espainian ere gero eta zabalduago dagoen mezua –”Batasuna serio ari da”– finkatzen laguntzen du eta ezker abertzalearen baitan Otegi lider gisara agertzen da.

Mandela bezala espetxeratua dagoen liderra. Eta atzerrira begira –eta bien arteko inongo konparazio pertsonalik egin gura barik– irudi horren itzala zabaltzen da. Barne Ministerioaren politika errepresiboaren mende egon ezean, nekez uler baitaiteke nola egon litekeen espetxean borroka armatua alboratzeko ezker abertzalea egiten ari den bide gaitz horren protagonista nagusietakoa.

Elkarrizketa honek Otegi sendotu egin du eta, aurrerantzean gehiago, espetxeak ere sendotu egiten du.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude