I Kaixo Xenpelar idazten dizut gizon onaren bentajak jakin ditzazun, nahiz ia entzun zure ijiji-ajajak. Ez gara horren señoritoak, ez gara hain maharajak… Edozein etxek nahiko lituzke gu bezalako alhajak. |
II Garaiak nola aldatu diren jakingo balu Txirritak! Zazpi lan egun dauzka asteak, baina zuloa patrikak… Ugaldu dira langintzak eta ugaldu dira fabrikak: orain erratza eta fregona dira gure erremintak. |
III Esnatu eta jeikitzerako, aita zintzoak bezela, ondo dakigu seme-alabak prestatu behar direla. Honi esnea berotu eta hari aldatu pardela… Aritzen denak bakarrik daki horren erraza ez dela! |
| IV Haurtzaindegira eraman eta lantokirako tartean soilik dabiltza etxeko lanak guregandik apartean. Eta han ere lan egin behar nagusi denen artean, behintzat soldata lan egin gabe etxeratzen den artean… |
V Sutan jartzean probatzen denez eltzea nolakoa den, ikustekoa da sukaldean zeinen mainatsuak garen! Tortilla sarri prestatu arren arrautzak bota baino lehen, jaki guztiak dira gozoak norberak egin ondoren. |
VI Xaboiak eta leungarriak aski dituenez beti, labadorari ere eskerrak nola eman bageneki! “Start” sakatu eta gerora soilik atea ireki… Gure arropa gobernatzen du geronek baino hobeki! |
VII Hamaika gailu daude etxean eta askotan zalantzan egoten gara behar duguna ipini aurretik martxan… Xerrekin edo arroparekin maiz aritzen gara plantxan, hartutakoa dagokiena izateko esperantzan. |
VIII Garbitasuna gure etxean sarri dago erbestean… Nahiz maiz garbitu beti aritzen da gehiagoren eskean! Aspiradora esku batean eta trapua bestean, beltzune asko desagertzen da gure kopetak belztean. |
IX Kalera ere irteten gara, nahiz eta gutxi aukeran, gaurko legeek derrigortuta abstemioen tankeran. Tabernariak krisian daude, sagardogileak greban… Kotxea hartzen baldin badugu ezin dugulako edan. |
X Alkoholik gabe bizimodua denez erabat kaskarra, egarriaren erruz sarritan izaten dugu liskarra. Legea egin zuen pertsona nahiz izango zen azkarra, baldin neronek ikusi banu hautsiko nion bizkarra! |
XI Gaurko gizonak izan behar du oso gizon zerbitzala, langile fina etxean eta kalean berriz formala. Orain guztia da erdibana eta eskerrak den hala! Dena guretzat den egunean Jaunak anpara gaitzala! |
XII Idatzi dizut Xenpelar, nola gabiltzan jakin zenezan. Lazkao-Txikik par egingo du ez baitu hartzen sorpresan; baina, mesedez eskatzen dizut, Txirritari deus ez esan bizi ez duen garaiagatik ere sufritu ez dezan. |
Doinua: “Eguna pasa lanean eta” edo “Andre txarraren bentajak”.
Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa