Aurreko egunean lagun batek mezu bat bidali zidan posta elektronikoz. Ohiko triste, broma edo bitxikeria izango zela uste nuen baina izenburuak nire arreta erakarri zuen hasieratik: irakasleak eta hezitzaileak zioen.
Termino biak sinonimoak izango zirela uste nuen baina oker nengoen. Ez dut ezer berririk esango komentatzean irakaslearen figurak garrantzia galdu duela gure gizartean. Duela hamarkada gutxi batzuk irakaslea zen zientzia eta ezagutza zabaltzen zuena, berari esker –edo bere lanari esker– prestatzen zen haurra eta gaztea munduari aurre egiteko. Irakurtzen, idazten, munduko beste errealitateen berri ezagutzen zen eskoletan. Eta irakasleak, maisuak, maistrak, bazuen pisua, garrantzia, prestigioa herrian.
Gure artean orain ez da horrelakorik ikusten eta horren adibidea da irakasle-ikasle kexen inguruan dagoen anekdota ezaguna. Duela urte batzuk ikasle batek zerbait gaizki egiten zuenean irakaslea kexatu eta gurasoek neurriak hartzen zituzten haurrarekin; orain, gurasoek neurriak irakaslearekin hartzen dituzte.
Gure gizartean ardura eta betebehar ugari utzi ditugu irakasleen esku. “Ez, ez, nik ez diot berdurarik emango etxean, eskolan ikas dezala ongi jaten. Nirekin bi egunetan bakarrik dago eta bi jatordurengatik ez naiz hasiko eztabaidatzen” (guraso bati entzuna) edo, “hiru urteko haur bati behin esan nion hori ez egiteko. Haurra harrituta begiratu zidan; uste dut EZ hitza entzuten zuen lehen aldia zela” (irakasle batek kontatua). Etxean egin beharrekoak, telebistak erakutsi behar duena, gizarte ardurak... guztiak geratzen ari dira eskolaren esku (sexu informazioa, errepideetatik nola ibili, bakearen aldeko jarrera, elkarrekiko errespetua...) eta nik buruan ditut nire aiton-amonak, eskolara joan gabeak, haiek heziak izan ziren, giza-formazio sendoa zuten. Nola lortu ote zuten? Zer egingo zuten haiek gure artean?
Familiak gehiago egin behar du haurrak hezteko orduan, botere publikoak ere bai, bai eta komunikabideek. Eta irakasleen formazioan aritzen garenok ere badugu gure ardura, izan ere, jasotako posta elektronikoan komentatzen zen bezala, Andaluziako institutu batean irakasleak sarritan esan arren ikasleei ez pintatzeko ispilua emaniko musuen bidez garbitzaileak etorri behar izan zuen eta erakutsi ikasleei berari zenbat kostatzen zitzaion ispilua garbitzea... komuneko ura erabiliz. Hura bai hezitzaile ona! Behin erakutsita ikasi zuten ikasleek… lortuko al dugu hori gure irakasleekin!
1# | Nora Barroso | 2010-10-12 13:47:21
Kasu askotan, murgilduta gauden gizarte honetako partaideek, haurtzaindegi, haur-eskolak, eskolak, ikastolak, unibertsitateak, musika-eskolak, dantza-eskolak.... eta orokorrena ezagutza arlo desberdinetako erakundeetan ikusten dituzte ezagutzaren erakunde ahaldun bakarrak, bizikidetza ere ezagutzaren zaku bakarrean sartuz. Baina alde batetik, ezagutza ez da instituzio batean kabitzen, ezagutza izate handiago bat dauka. Oinarriaren zati bat arlo desberdinetako jakitun edo ikasitakoengatik jasotzea garrantzia izan dezake, baina sustraiak haratago ugaltzen direnaren ustekoa naiz ni. Zabalkuntza berezi hori da adibidez sorkuntza piztu dezakeena, edota bizitza zoriontasunean bizitzeko aukera ematen diguna; jakinduria ikasitako ildo finkoetatik atera eta jakintza propioak mamitzeko aukera sortuz. Ikasketak jasotzen diren tokietan landu daiteke hemen aipatzen dudan azken hau, baina kanpoan, kalean, bizikidetzan, barruko bakarrizketetan, eta norberaren bideen jorraketa horietan dago funtsa. Konturatu gabe, hemen agertu da, askok eskolen esku uzten duten bizikidetza. Baina hau, enpatia, maitasuna eta bestelakoekin batera, ingurua biziaz, ikusten eta sentituz garatzen da, bizitza ematen den toki guztietan; eskoletan, familian, parkean, lagunekin, etabar.
Xabierrekin guztiz ados, guztiok daukagu erru puntu bat gizartearen bilakaera honetan. Niretzako erru handiena boterearena da, ezen, berak maneiatzen baititu askotan burmuinak manipulatzeko erabiltzen dituzten hedabide arrunten kanalak eta momentuz bere esku baitago heziketaren zati bat. Heziketan edo ikaskuntzan parte hartzen duten profesionalen ardura da bide berriak lantzea, egoerak aldatze aldera. Bide horiek jorratzeko askotan ez da gehiago ikasi behar, keinu txikiak izan daitezke desberdintasuna markatzen dutenak (Andaluziaren kasuan bezala). Gurasoek, familiakideek, lagun-taldeek, komunitateek..., beste gauzen artean, konformisko erosoan ez erortzearen ardura daukate. Eta nola piztu bada familia-lagunek egin dezakeen lana? Ba... ni ez naiz aditua, ama bat besterik ez naiz. Baina agian, haur eta ez hain haurrek edukitzen duten zoriontasun propioa garatzeko bidean, inguru familiarrak jar dezakeen aletxoaren garrantzia erakutsiko baligute, horretarako erabiliko balituzte baliabideetako batzuk, agian, kontzientziak mugitu eta sikiera batzuengan aldaketak nabarituko genituzke. Gure seme-alabak maite ditugu eta maitasun horri helduz, horretan oinarritutako urratsengan jaso genitzake onurarik politenak.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa