Horoskopoa

  • Aries. – Aita hilko zaizu aste honetan. Baina ez alde tragikotik hartu. Zure amak, alargun gaixoak, berehala topatuko du hutsunea (zentzurik hertsienean) norekin bete: zure osaba; aitaren heriotza berak eragin ote zuen zalantzak loa galaraziko dizu. Ez ahaztu pilulak hartzea, edo ahotsak entzun ditzakezu.
Angel Erro
Taurus. – Bizitza batzuetan korapilatsua da, ezin askatuzko hari bat bezainbat. Zuk zeuk sortu duzun labirintotik ihes egin beharko zenuke. Bidaia bat komeniko litzaizuke, ozeanoan zeharreko hegalaldi bat, esaterako. Kontuz: harreman familiarrak zaindu itzazu, senitarteko bat ez baduzu galdu nahi.

Gemini.– Zorionekoa zara. Zure nagusiak huts egingo du lanean eta eguna libre hartuko duzue bulegoan (edo dena delako lantokian; halakorik bazenu, noski). Pub batean jaieguna ospatzera abiatuko zarete denok. Bertan pertsona berezi bat ezagutuko duzu.

Gemini. – Zoritxarrekoa zara. Zure nagusiak huts egingo du lanean eta eguna libre hartuko duzue bulegoan (edo dena delako lantokian; halakorik bazenu, noski). Pub batean jaieguna ospatzera abiatuko zarete denok. Bertan pertsona berezi bat ezagutuko duzu.

Cancer. – Norbait berezia ezagutuko duzu gaur. Eman zaitez desiretara. Oraindik ezagutu gabeko plazer mailetara eramango zaitu, baginaren bidezko orgasmoa edo prostataren bidezkoa (edo biak) azkenekoz deskubriturik. Minbizia duzula, bide batez esanda, ahantzaraziko dizu.

Leo. – Horoskopoa leitzen ari zara (Berriakoa, nork daki zergatik, kendu zutenetik, lehenengo aldia da euskaraz egiten ahal duzula); susmoa duzu hura idatzi duen bekariak eleberri ezagunetako laburpenak eta burutik pasatzen zaion lehen lelokeria baino ez dela jartzen ari. Aurrera gabe, idazki serioagoetara joko duzu, erraza da asmatzen.

Virgo. – Sexu joera aldatzeko garaia heldu zaizu. Jauzia egin beharko zenuke eta badakizu. Osasunari dagokionez, aste honetan atentatu batean hilko zara (ni ere sinetsita nengoen oraingoan baietz). Kontsola zaitez pentsatuz helburua ez zinela zu eta edonola ere ez zinatekeela inoiz ausartuko armairutik ateratzera.

Libra. – Bi emakumeren artean hautatu beharko duzu, zein baino zein dotore eta erakargarriagoak. Bata hemengoa eta bestea atzerritarra izateak ez dizu kinka gaiztoan lagunduko. Ez zaitez lar obsesionatu, edo (zer gertatzen zaizue euskaldunoi?) bakarrik amaituko duzu.

Escorpius. – Lanpostu hobe bat proposatu eta lankide jasangaitz hori begi-bistatik galtzetik hasita, eremu profesionalean dena ongi joango zaizu. Osasun kontuak ere primeran (fuma puta horregatik ez balitz). Zerari dagokionez, Gemini batekin, ala bestearekin, harreman bat hasteko bolada ona iragartzen dute izarrek.

Sagitarius
. – Ezuste handia hartuko duzu. Makrosumario batean prozesatuko zaituzte, horrek demokrazia honetan dakarren guztiarekin. Baina, etsipenik ez hartu: zure bihotzeko futbol taldeak hil ala biziko partidua irabaziko du aurki eta herri honetan aurki ere gauzak aldatzera doaz.

Capricornius
. – Gaur ere ez zaizu ezer gertatuko [horoskopo honen egilearekin –berriro diotsut– egon ezean].

Aquarius. –Hurbileko lagun bat oso gaizki pasatzen ari da osasun arazoak direla eta. Gaur ez da hitzordu batera etorriko; horrek kezkatuko zaitu. Trantze txarra pasatzeko, jan ezazu konpultsiboki.

Piscis. – Zerbait garrantzizkoa joan zaizu burutik. Ez da gertatzen zaizun lehenengo aldia, eta eskerrak, orain, lasai, aldizkaria eskutan, apur bat pentsatzera geldi zaitezkeela... Ez, argi dago, ezingo duzu gogoratu.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude