Astekaria

 Liburuak 

Harrotasuna

Igor Estankona

Igor Estankona


2246. alea
2010-10-03
alde 0    kontra 0

Asier Serrano :: Hiri gorritik

Elkar

prezioa ::12€

Hasieran Asier Serranok harrokeria jarrera bat hartu duela iruditu zait. Leonard Cohenen arrandikeriaren –“segi arraunean ibaian gora, maitea. Nik ez zaitut abandonatuko”– eta rap kantarien zabarkeriaren arteko –“zaindu zaitez laztana”– tonu distantearekin hasten da Hiri gorritik. Baina liburuak harrotasunerantz egiten du gero, leundu egiten da hizkera apatikoa, eta eibartarrak maitasunari buruzko beste lezio bat uzten digu, bere hitz terrible horiekin. Ondo etorri, atzera be, emakume biluzi eta gizon beldurtien unibertsora, larruzko jakak aldean dabiltzan kantari xamurren letretara, sentimendu eder eta irudi bortitzak nahasten dituen Asier Serrano itzuli delako, finean: zinismo eta apaltasunaren nahaste perfektu horretan erabiliko zaitu berrogeita bederatzi piezatan zehar.

Castillo Suarezek hitzaurre labur bikainean dioen legez, hiri gorrian ezagutu genuen elkar. “Gazteak ginen artean, eta hiri ezezagunean geratuko ginela uste genuen, biok elkarrekin. Hitz egin genuen bizitzaz, heriotzaz eta maitasunaz gainontzeko guztia sobran zela uste genuelako”. Bada hiri gorri bat (Elkar, 1997), Picassoren zaldia (Elkar, 2007) eta oraingo hiri gorri honen artean, izan ere, eten ez den hari bat dago, hirurogeita hamarreko hamarkadan jaiotako poeten soinu banda entzuten da atzetik.

Asier Serranoren poemak leitzea da ametsak errepasatzea. “Ezkontza” eta “arma” eta “bihotza” eta “larrosa” eta “bakardadea” bezalako kontzeptuak ahapaldi berean sartzeko kapaz den mugimendu estetiko bateko idazle gailena oraindik badabilela ikusteko aukera eskaintzen du liburu honek.

Hiri gorritik Picassoren zaldia
baino hobea da, eta Bada hiri gorri bat aurreko biak baino askoz hobea begitandu zait, eta orrialdeak pasatu ahala otu zait Serranoren jarioa ez dela etengo, irudimenak bizi duelako idazle hau. Narratiban baino askoz presenteago dago, gainera, bere berba poesian: korapilatsua da, baina erraz ulertzen dugu; poemek ez daukate ia esanahi logikorik, baina ederto adierazten dute adierazi beharrekoa. Epikaren eta poeta erromantikoen amodio ilunaren arteko hiri gorri gehiago etorriko direla badakigu, honenbestez. Hiriok behar ditudala ohartu naiz orain, beharbada. Batzuetan denok behar izaten dugu era honetako artea: buruak atseden hartzen du, eta bihotza hasten da irakurtzen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza