Astekaria

 Osasuna 

Aurre hartu ahoko aftei

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2243. alea
2010-09-12
alde 0    kontra 0
ahoko afteak

Kasurik gehienetan prozesu onbera dira, eta egun batzuen buruan desagertzen dira normalean. Baina ahoko aften edo aholegarraren azpian nutrizio-mailako akats edo eskasiaren bat egoten da sarritan. Nola saihestu daitezkeen ikusiko dugu.
Ahoko aftak, aholegar izenaz ere ezagutzen direnak, ultzera txiki samarrak dira, aski mingarriak; kolore zuri edo horixka izaten dute, eta forma biribila, ertz gorriekin. Ahoaren inguruko eta barruko mukosetan agertzen dira. Esan bezala, bere kasa sendatu edo desagertzen dira egun gutxi batzuen buruan, baina behin eta berriz errepikatzen direnean, hobe genuke geure dietari erreparatu eta zerbait aldatzea.

Batez ere burdina eta zink eskasiek sortuak dira ahoko aftak –haragi, arrain, arrautza-gorringo, barazki berde, zereal integral eta lekale gutxiko dietak egiten dituzten pertsonengan–. Izan daitezke baita burdina faltagatiko anemia baten aurreneko sintoma ere. B taldeko bitamina eskasiak ere eragin ditzake, azido foliko gutxi –hosto berdeko berdurak, platanoa, gari-ernamuina–, edo B12 gutxi –esnekiak, arrautzak, haragia eta arraina– kontsumitzeagatik.

A bitaminak, bere aldetik, ahoko mukosa eraberritzea errazten du, molestiak arinduz eta sendaketa azkartuz. Non aurki daiteke A bitamina? Esnekietan, batez ere. Eta probitamina moduan, berriz, fruta eta barazki gorri, hori edo laranja kolorekoetan –kalabaza, azenarioa edo mertxika, nagusiak aipatzearren–.

Aftak gordin-gordin daudenean, janari-edari minak eta garratzak baztertu behar dira, irritatzaileak direnak –zitrikoak, tomatea, olio-ozpinetakoak, piperra, baratxuria, edari gasdunak–. Eta elikagai kurruskariek edo ertz gogor samarrak dituztenek ere –ogi-azala edo biskoteak, esaterako– erresumina areagotzen dutenez, baztertu egin behar dira.

Faktore emozionalak garrantzi berezia du. Horregatik, aftak defentsak behera egiten dutenean agertu ohi dira –estresa, tentsio emozionala, atseden falta–. Une horietan ahoa sentiberagoa da birus, bakterio eta onddoen aurrean.

Aftak errepikatzen badira, egun gutxiren buruan sendatzen ez badira edo neke handiarekin batera agertzen badira, onena medikuari galdetzea izango da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza