Astekaria

 Landareak 

Hatz-bizarrak belzten

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2240. alea
2010-07-25
alde 0    kontra 0
(Fotoruffian)

Intxaurrondoak bere pean bizi nahi duten landareak akabatzeko pozoia darabil. Bere pe horretan intxaurrak jasotzen ditugunean, hazia inguratzen duen mamiaren urak, hatz eta azkazal belzten dizkigu. Belztaile hori da pozoia, kontuz bada Intxaurrondorekin bezala intxaurrarekin.

Oilanda busti, koittadu alaenok! Geure kultura ezerezera eta izaera bereratzen ari diren kanpotarren ikur ere bada intxaurra, Juglans regia, hitzez hitz estatuaren babeslearen hotsandiko ezkurra. Milaka urtetan, amonaz amona, ehunka euskaldun belaunaldi mantendu dituen hurra (Corylus avellana) ostikoz jo eta haren ordez, intxaurra sartu dugu ospe eta ohore guztiz gure sukaldeetan. Eta jaki klasikoetan betikoena bailitzan biziki miretsi; sagardotegietara begiratu... Sagardoaren, geu geutzen gaituen elikagai bakarrenetakoaren lagun min bihurtu dugu intxaurra. Eta, okerrena, betikoa dela esan, gainera; sagardotegietan bakailaoa eta txuleta besterik ez dela jan esaten den bezala, edo zutik jan dela bezala, edo sagardoa kristal meheko baso handian edan dela bezala, edo... Oilanda bustia baino okerragoa da bai oilasko harro ezjakina.

Zerutik zetorren hurra zelako, eltzetik eltzaur, gailendu ote zitzaion hurritzaren hurrari? Jakiena bakarrik ez, mitoen tokia ere irabazi zuen eltzaurrondoak, lizarra, artea eta haginari etxe atariko toki nagusia kentzeraino. Deabruaren arbola dela ere badiote, nekazaritza biodinamikoaren bueltan dabiltzanek ez dute ikusi ere egin nahi. Intxaurrondo multzo ikusgarri batez inguratutako baserri bat erosi eta denak ipurditik bota dituenik ere bada. Beste muturrean, etxe barrurako altzaritarako intxaur-zura ikusgarri ordaintzen da, eta beltza bada itxuragabe. 

Hilabete pare bat barru etxeko intxaurrak biltzerakoan hatz-bizarrak belzten zaizkizunean mutur hauetaz gogoratu, eta eskuak azkar garbitu... Herodes! Ala Pilatos zinen?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza