Astekaria

 Bertso berriak 

Elizari jarriak

Aitor Albistur

Aitor Albistur


2240. alea
2010-07-25
alde 0    kontra 0
I
Badut dudamudarik
nire barrenean
Eliza gai gisara
hartu dudanean…
Jaungoikoaren eta
euren izenean
ez al dabilen asko
debalde lanean
munduko enpresarik
aberatsenean.
II
Zenbatzen hasiz gero
herriz herrikoa
eliza kopurua
da infinitoa.
Beraz, badut zalantza
kategorikoa,
ez ote den eliza
apostolikoa
lehen espekulatzaile
urbanistikoa.
III
Kristauentzat izanik
horren kristau onak,
kardinalak, gotzainak
zein elizgizonak
sortarazi ohi dizkit
zalantza sakonak:
zer babesten dituzte
bakarrik pertsonak
edo eurak babesten
dituzten poltronak?
IV
Armaniren sotana,
urrezko kaliza,
papamobil berrian
luxuzko geriza…
Pobreei laguntzea
bada lehen premisa,
ez dakit Aita Santu,
ez dakit Eliza,

guzti hau har daitekeen
adibide gisa…

V
Hamaika artzai eta
hamaika artalde,
libre izanagatik,
debekuen alde
dabiltzalako egin
nahi nieke galde,
behingoz egin daitezen
egiaren jabe,
ba al den aingerurik
deabrurik gabe?
VI
Nahiz zalantzak agertu
ditudan nabarmen,
gure aiton-amonen
aiten eta amen
sinismenik ez nuen
egurtu nahi hemen;
pekatarien gisan,
berandu baino lehen,
konfesatu nahi nuen…
Hala bedi, amen.

Doinua: “Agur sagar beltzaran”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza