Lenin oporretan

Lenin lanean
Lenin laneanbritannica.com
Mosku, 1917ko uztaila. Urriko iraultza komunista ate joka zela, hainbat langile eta soldadu Errusiako behin-behineko gobernuaren aurka altxa ziren. “Uztaileko egunak” izeneko matxinadan boltxebikeen parte hartzea funtsezkoa izan zen, handik hiru hilabetera izango zen moduan, baina alderdiaren buruzagien erantzuna zalantzatia eta kontraesankorra izan zen udako istiluetan.

 Altxamendua zuzendu eta bidera zezakeen buru nagusia ez zegoen hiriburuan; Vladimir Ilitx Lenin oporretan zen, Finlandian.

Kanadako Carleton Unibertsitateko Carter Elwood-ek Lenin on Holiday (Lenin oporretan) ikerlanean adierazi duenez, boltxebikeen burua kanpoan izatea ez zen kasualitatea izan. Alderdikide gehienek ez bezala, Leninek maiz hartzen zituen oporrak. Bere artikuluen truke lortzen zuen diruari esker eta familia nahiko aberatseko seme izanik, oporraldi luzeak egin zituen maiz, boterea eskuratu baino lehen bereziki. Baina 1917ko urria eta gero ere, lanpetuagoa egon arren, opor laburragoei ez zien uko egin.

Bidaietan kirola egiteko eta naturaz gozatzeko aukera aprobetxatu ohi zuen Leninek. Bizikletan ibiltzea, igeri egitea, eskalatzea eta mendian ibitzea zituen gustuko. Oporrak bai, baina ez zuen atseden handirik hartzen. 1904ko udan, esaterako, emaztearekin batera ibilaldi luzea burutu zuen; ia Suitza erdia egin zuten oinez. Hala ere, batzuetan oporraldi lasaiagoak egiten zituen. Adibidez, 1902an Bretainiara egin zuten bidaia eta boltxebikeak ia oporraldi osoa lorategian eserita, itsasoari begira, eman zuen.

Leninek ez zuen kontraesanik ikusten bere ideien eta oporren artean. Harentzat, oporraldietan bidaiak egitea ez zen jarduera friboloa edo luxu kapitalista, etorkizunean izango zituen borroka politikoei gogotsuago heltzeko bidea baizik. “Fisikoki eta mentalki ondo egonda buruzagi gisa lan hobea egingo zuela uste zuen”, Elwooden hitzetan.

Leninek berak, 1907an kostaldera egindako bidaian, zera esan zion amari: “Jenderik eta lanik gabe, halaxe egotea dut gustukoen”. Baina 1917ko udazkenean, Finlandiako oporraldia amaituta, jende andana eta lan mordoa zituen zain.

Azkenak
Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Eguneraketa berriak daude