"Kurdistanen utzi dut bihotzaren zati bat"

  • Isiltasunari mikrofonoa jarri eta, hara: isiltasuna ez da existitzen. Motxila hartu eta ahots berrien bila abiatu da kazetaria.
Urtzi Urrutikoetxea
Urtzi UrrutikoetxeaDani Blanco

Bidaiatzea, zein erraza batzuentzat eta zein zaila gehienentzat!


Bidaiatzean jabetzen zara zuretzat lagunengana joatea zein erraza den, eta lagunak zugana etortzea zein zaila. Europa ze gotortuta dagoen arin ohartzen zara. Oraintsu, Istanbulen bizi ginenean lagun europarrekin erraz geneukan asteburu pasa Greziara joatea, baina lagun turkiarrentzat izugarrizko buruko mina zen bi egunetarako bisatua lortzea. Bestalde, lan finkorik ez izateak asko erraztu dit bidaiatzea, edozein momentutan, maleta txiki bat prest eduki eta edonora joateko moduan nintzen. Zailena abiatzea da, eta lotzen gaituzten konpromisoetatik askatzea.

Latinoamerikak erakarri zintuen lehenbizi, eta ekialdeko Europak gero. Nola joan da osatzen zure bihotzeko mapa?


Beti egon izan naiz hizkuntza txikiei oso lotua, euskalduna izateak, eta Bilbon euskaldun izateak eragin dit horretan. Bilbon euskaraz bizi naiz, baina badakit anormalitate baten barruan bizi naizela: nire inguru hurbilerako eta kontu afektiboetarako euskara dut, baina eguneroko gauza arruntetan behin eta berriz aldatu behar izaten dut hizkuntzaz. Hizkuntzarekiko kontzientzia txikitatik izan dut, eta beti izan dut sentsibilitatea eta sinpatia antzeko egoeran bizi direnekiko. 1988an edo 89an, nik 10 edo 11 urte nituela, Argiak Europako hizkuntzen mapa atera zuen. Mapan, hizkuntza bakoitzak kolore bat zeukan, eta kolore bakoitzaren atzean zer egongo ote zen galdetzen nion neure buruari. Kolore bakoitza leku bati dagokio eta leku horretan jendea dago, pentsatzen nuen. Zer jende da? Nola bizi da? Zer dute diferentea alboko kolorearen atzean dauden pertsonengandik? Bidaiatzeko, liburuak adina erabili ditut mapak eta atlasak, eta mapa politikoak bezala hizkuntzen mapak. Hizkuntza gutxitua daukagun guztiok antzeko esperientziak dauzkagu Europan eta Ekialde Hurbilean: zer da gure hizkuntza? Etxerako hizkuntza da? Kanporako balio du? Antzinako munduarekin loturiko zerbait da? Mundu modernorako balio du? Horrelako diskurtsoak han eta hemen entzuten dira, leku batzuetan aurreko belaunaldietatik datoz, eta beste askotan orain-oraingo kezkak dira.

Urteekin aldatu egin da zure bidaiatzeko modua?


Bai, asko. Bidaiatzea beharrizan  bilakatu da jende askorentzat. Badirudi, norbait izateko, gure hipotekaz eta lanaz gain gure bidaien curriculuma izatera ere behartuta gaudela, eta bidaiatzeko behar horrek puntu kontsumista nabarmena du. Nik beti izan dut hainbat leku ezagutu nahia, baina lehen, hara joan eta porrot sentsazioa izaten nuen. Lekura iristen nintzen eta pentsatzen nuen: hau da, beraz, halako eta halako gertatu zen lekua... eta? Orain jendea da bidaien oinarria: lagunak egitea, jendea aurkitzea eta haiekin egotea, geografiara pertsonen bidez iristea. Orain, bidaiatzea, batez ere, pertsonen bilaketa da niretzat, eta itzultzea, bihotzeko mapara behin eta berriz itzultzea, Kurdistanera, batez ere.


Euskaldun izateak zertan eragiten dizu bidaiatzerako orduan?


Kanpora zoazenean “nongoa zara?” izaten da aurreneko galdera, eta espainiarra, frantsesa edo australiarra izatea normala da, baina euskalduna izatea ez. “Euskalduna naiz” esateak distantzia markatzen du. Alemanian askotan galdetzen zidaten: “Euskalduna zara, beraz, nazionalista, ezta?”. Espainiarra zarela esanez gero inork ez du zuzenean nazionalista zarenik pentsatzen. Istanbulen bizi izan naizenean lagun espainiar dezente izan ditut, eta ohartzen zara ze erosoa den espainiarra izatea: lasai asko, zure buruari nor zaren galdetzen aritu beharrik gabe, identitate arazorik gabe... Atsegina behar du: talde handi bateko kide zara, normala zara, jendeak badaki ze taldetakoa zaren, identifikagarria zara, ez zara susmagarria. Eta euskaldunok beti aritu behar dugu “barkatu, baina ni ez naiz zuen taldekoa” esaten, “nire taldea beste txikiago bat da”. Era berean, leku askotan sinpatia berezia, interesa sortzen du euskalduna zarela esateak. Ni izan naizen leku askotan euskaldun agertzeak badu plus bat, eta ate asko ireki dizkit.

Notiziak bilatu eta kontatzeaz gain saldu ere egin behar izaten ditu free-lance dabilenak. Saldu beharrak zertan eragiten dio kazetariari?


Euskal prentsa idatziko sektore zabal batekin ez dut arazorik izan nahi nituen istorioak nahi nuen bezala kontatzeko. Telebistan eta ikus-entzunezko medioetan zailtasun handiagoak daude. Ikus-entzunezkorako lan egiteko beste ikuspegi batekin aritu behar zara: kasu horretan, istorioak irudiak dira, eta istorio garrantzitsu batzuek ez dute irudi ikusgarririk. Beste batzuetan, oso istorio gogorra ari zara grabatzen, eta ikus-entzunezkoak fribolitate puntu hori kutsatzen dizu. Esaterako, pentsatzen duzu: “Hankak grabatu ahal izango dizkiot hankarik gabeko honi?”. Eta gaizki sentitzen zara. Zure buruari esaten diozu, zoaz istorioa entzutera eta kito. Saldu behar horrek fribolizatzera edo gaiari beste era batera begiratzera eraman zaitzake.

Gerran eta gerra ostean dauden herriak ezagutu dituzu. Euskal Herrian askotan aipatu izan da gerra osteko isiltasuna. Isiltasun hori aurkitu duzu beste herrialdeetan ere?


Lekuaren arabera. Kosovon, esaterako, irabazleak dira, independentzia lortu dute, indartsu eta kontatzeko gogoz daude. Iranen, ostera, beldur handia ikusi dut. Gertatu zait semea heriotzara kondenatua daukan ama ezin elkarrizketatzea elkarrizketak semearen aldeko kanpainan lagun zezakeela jakin arren. Beldurra. Halakoetan, kazetari bezala konpromiso altua ari zara hartzen, eta ez dakizu betetzeko gai izango zaren. Amak semearen istorioa kontatzen badizu, erantzungo diozu berak espero duen neurrian, berak behar duen moduan? Ama ere inplikatu dezakezu, konpromisoan jarri, arriskuan... Txetxenia, berriz, gerra galdu duen herria da eta erabateko eskizofrenia aurkitu nuen. Behin eta berriz bahitu eta torturatu duten pertsona batekin egon nintzen, eta esaten zidan ausartuko balitz armak hartuta mendira joango litzakeela momentuan bertan... eta handik bi minutura esaten zidan, “jo, baina gure presidenteak ze polita utzi duen hiria”. Beldurrak jotako jendea ikusi dut, kontrola eta oreka erabat galduta duen jendea.


Harkaitz Canori entzun nion behin, poetak zoritxarren aurrean zatituta izaten duela barrua, batetik pena sentitzen duela, baina bestetik “ze poema ona” pentsatzen duela. Berriemaileari antzeko zerbait gertatzen zaio?


Bai eta, gainera, free-lance izateak jendearekiko oso harreman estuetara eramaten zaitu, asko enpatizatzen duzu jendearekin eta une batzuetan ia-ia militante sentitzen zara, eta gero distantzia hartu beharra dago. Eta kontrakoa ere gerta liteke, pentsatzea norbait kontatzen ari zaizuna ze ondo saldu daitekeen, edo grabatzen ari zarela irudietan pentsatzen hastea, zeinen ikusgarriak diren, zeinen ondo geratuko diren... eta gaizki sentitzen zara, norbait bere istorioa eta bere sentimenduak azaltzen ari zaizu eta zu erreportaje horrek izango duen forman pentsatzen. Zentratzen jakitea da kontua.
Nola uztartzen dituzu politika hotza eta istorio humanoak?
Nik gustuko dut politika lehorra eta gordina, zifren politika irakurtzen dut eta gustatzen zait, baina aitortu behar da, eta azken joerak hortik doaz, gauzak ahalik eta humanoen eman behar direla, zifra horien atzean nor dagoen azalduz. Badu arrisku puntu bat, hala ere: fribolizatzea eta istorio pertsonalak egoera orokor bat azaltzeko aitzakia moduan erabiltzea. Erdibidea topatu behar da.

Ez zara zapuzten istorio batzuek, larriak izan arren, duten oihartzun apala ikusita?


Arazoa da albisteen justaposizioan zein gailentzen diren, beti baitaude nazioarteko hiru-lau albiste beste guztiak estaltzen dituztenak. Beste ezerk ez dauka lekurik, eta min egiten du. Maiatzean lau kurdu urkatu zituen Iranek eta data horietan uranioa aberasteagatik zigorrik jarriko ote zioten ala ez eztabaidatzen ari ziren Brasil eta Turkia. Lau kurdu urkatu berri zituzten, baina inori ez zion axola. Halakoek nazkarazi egiten zaituzte ofizio honekin baina, zorionez, Euskal Herrian badaukagu istorio horiek non kontatu.


Momentu latzak eta momentu pozgarriak jaso dituzu hitzez eta irudiz. Zeintzuk dira burutik inoiz ezabatuko ez zaizkizun argazkiak?


Kosovora bigarren aldiz joan nintzenean, abendua zen eta independentziaren zurrumurrua zebilen, baina ez zen izan. Otsailean berriro zioten bazetorrela, eta nik banekien herri baten independentzia eguna ezagutu nahi nuela. Iritsi ginen momentutik, hotelean sartu eta jendearen irribarreak ikusten genituen, jendearen poza, mozkortuta baleude bezala zen, pozez mozkortuta... Asteburu osoa izan zen oso berezia, baina, batez ere, independentzia aldarrikatu zuten momentua: igandez izan zen, arratsaldeko 15:00etan, izugarrizko hotza egiten zuen, jaia sekulakoa zen hiri osoan, eta kazetari gehienak leku berean bilduta geunden, denok elkar besarkatuz, malkotan... Kanpotik begiratuta, jaiak fribolitate puntu bat izan zezakeen, futbol ospakizun baten antza izango zuen akaso, baina hor atzean sufrimendu asko zegoen, ilusio asko eta azkenean lortutako ametsa. Ez zait behin ere ahaztuko hainbeste sufritutako herria bere ametsa lortzen ikustean sentitutakoa. Hori izan da momenturik pozgarriena. Jakina, kontrakoak ere ikusi ditut, oso istorio gogorrak, desagertuen senideak, gerrako haurrak, aireportuan noiz arte jakin gabe bereizten ziren familiak...


Herrialdeak adina polizia eta segurtasun indar ezagutu dituzu. Mugak eta mugen zaintzaileak. Arazorik izan duzu alde horretatik?


Egoerarik txarrena Txetxenian bizi izan nuen, eta gerora jakin dut askoz larriagoa izan dela. Ingushetian nengoela birritan atxilotu ninduten eta, gainera, checkpointean espainolez zekien polizia bat jarri zidaten. Itxura txarra hartu nion, eta handik alde egiteko momentua zela erabaki nuen. Etxean nintzela, Unai Aranzadik idatzi zidan, orain Suedian bizi den free-lance batek, eta esan zidan ni izan nintzen desagertuen elkarte berean izan zela Ingushetian, eta bertako mutil batek kontatu ziola, nik alde egin eta bi hilabetera, nire itzultzaile izan zen gizona atxilotu egin zutela. Bi hilabetez izan zutela bahituta, sekulako torturak egin zizkiotela, gu bion argazkiak erakusten zizkiotela eta esaten ziotela agente amerikarra nintzela. Hori gertatu eta gero, aurten Abkhaziara joan naizenean antzeko zerbait gertatu zait. Abkhaziako Gobernuarekin aspalditik egin izan dut lan, eta nahiko harreman onak ditut, baina iritsi nintzen eta hango elkarte batean egon ostean, galdetu zidaten: “Aizu, ze galdera egin dizkiezu?”. Galdera normalak egin nizkiela esan nien baina, gobernukoek ezagutzen ninduten arren, elkarte hartara kazetaria nintzela erakusteko zerbait bidaltzeko eskatu zidaten. Agente amerikarra nintzela uste omen zuten. Eta esan nuen, hau ez da kasualitatea: Txetxeniako torturatzaileek nire itzultzaileari esandakoa eta Abkhaziara etorri eta zurrumurru bera. Kasualitatea? Ezin liteke, argi dago FSBk, lehengo KGBk hori zabaldu nahi izan duela.

Geroztik hitz egin duzu itzultzaile izan zenuen gizonarekin?


Berarekin zuzenean ez, beldur da, ez du hitz egin nahi, baina bitartekarien bidez ari gara saiatzen. Elektrodoak aplikatu zizkioten, eta irtendakoan ebakuntza egin behar izan zioten. Orain oso-oso beldurtuta dago. Gizon apal-apala zen, sekula itzultzaile lanetan aritu gabea, lagun baten lagun baten bidez ezagutu nuen: ingeles irakaslea zen, langabezian zegoen, eta nik errusieraz oso-oso gutxi dakidanez, pare bat egunean elkarrekin lan egitea proposatu nion. Pozik hartu zuen. Baina halako harremanak, batzuetan, ze arriskutsuak diren ikasten duzu. Gizona beldurrak jota dago, ea handik ateratzea lortzen duen.

Gatazkak, gerrak, injustiziak... erakusten dizkiguzue, baina ez al gaude anestesiatuta?


Bai, frustrazio hori sentitzen da. Hala ere, lehenengo eta behin autokritika egiten dut, bai baitaude jendea mugiaraztea lortzen dutenak. Badaude talde batzuk etengabeko lanean ari direnak eta, kasu batzuetan, lortzen dute jendea kontzientziaraztea, hurbiltzea. Euskal Herrian, esaterako, sinpatia handia dago Palestinarekiko, Sahararekiko, Latinoamerikarekiko, bere egunean Nikaragua eta Kubarekiko... Nik, aldiz, Kurdistanen utzi dut bihotzaren zati bat, horrek harrapatu nau, baina egia da kausa honekin ez dugula jendearengana iristea lortu, hizkuntza gutxitua duen herri bezala hurbilen daukagun herria izan daitekeen arren.

Sarri egokitu zaizu Kurdistango egoera politikoa eta Euskal Herrikoa alderatzea?


Bai, Istanbulen nengoela, adibidez, DPP alderdi kurdua legez kanpo utzi zutenean NTV telebistakoekin hitz egin nuen Batasuna kasuaz. NTV Amerikako telebista baten adar turkiarra da, eta DPPren kasua Batasunarenarekin konparatzen zuten. Turkiako lehen ministro ordeak ere DPPkoei mehatxu egin zien alderdia legez kanpo utzi baino hiruzpalau egun lehenago: “Adi zer esan duen Estrasburgok Batasuna kasuari buruz”, eta errotulua ere hala jarri zuten: “DPP Batasuna al da?”. Konparaketa etengabe gertatzen da, baina konparaketa baino interesgarriagoa da zubi lana egitea, kurduak etortzen direnean hemengo kontuak erakustea eta hangoa ezagutu eta ezagutaraztea. Dena ezin da konparatu. Abdulá Ocalanen abokatuarekin egon nintzen batean Euskal Herrirako zein ideia neukan galdetu zidan, eta nire ustez herri bezala irauteko euskaldunok estatu propioa behar dugula erantzun nion. “Ondo, ondo” esan zidan, eta joan egin zen. Bost minutura independentziaren ideia hori baztertu egin behar genuela esanez itzuli zen. Kurduek orain, ofizialki, baztertu egin dute estatu propioaren ideia, estraofizialki jende gehienak estatu kurdua nahiko lukeela uste dudan arren. Baina dena ez dago norbere prismatik begiratzerik, azken beltzean, konparazioak konparazio, herritarren borondatea errespetatzen den ala ez da kontua, eta hori da juxtu Kurdistanen eta Euskal Herrian gertatzen ez dena. Kontua ez da herri bakoitzaren estatusa zein den, herritarren hitza errespetatzen den ala ez da gakoa.


Une honetan atzerritar bati Euskal Herriko egoera politikoaren kronika egin behar bazenio?


Gure herria oso momentu interesgarrian dagoela esango nioke: fase baten amaieran gaudela uste dut. Independentziaren alde dagoen sektoretik bada apustu bat, ETAren bidea azkenetan dagoela uste dut, eta horrek Euskal Herriak aspalditik duen egitasmoa lortzeko bide bat agortzen du, bide bat itxiko du. Uste dut, independentziaren aldeko jende gehienak ikusten duela, zapalkuntzak zapalkuntza eta Espainiaren ukazioa betikoa izanda ere, armen bidea agortu egin dela, Euskal Herriarentzat kaltegarri dela eta, aldiz, Espainiari aitzakia handia ematen diola gure ukazioan, zatiketan eta errepresioan sakontzeko. Uste dut badatorrela benetako frente independentista bat Espainia atakan jarriko duena. Galderari erantzun beharko diote: zer zara lehenengo, espainiarra ala demokrata?


Nazioarteko kazetaritzatik Hamaika Telebistara. Zer moduzko lur hartzea?


Oso esker oneko nago lan hau eskaini didatelako. Martxan zegoen proiektu batera iritsi naiz, oraingoz apala eta txikia da, baina etorkizun handia daukan euskarazko telebista izango dela uste dut. Oso ondo pentsatutako proiektua da, herri telebistetatik sorturikoa izan arren bokazio nazionala ere baduena. Gure erronkak ahalik eta gehien hedatzea eta erreferentzialtasuna lortzea dira. Euskalgintzan eta euskal prentsa idatzian badauzkagu erreferente batzuk, eta telebistan ere lortu behar dugu erreferentzialtasun hori. Hamaika Telebistak ahotsa emango die euskaraz diharduten guztiei, eta ahalik eta hurbilenekoa izaten saiatuko da.
Nortasun Agiria
Urtzi Urrutikoetxea Vacas Bilbon jaio zen 1977ko urriaren 12an. Kazetaria eta idazlea da, eta bertsotan eta itzulpengintzan jarduna. ETBko albistegietan eta hainbat kazetatan aritutakoa: Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Garan, Jakinen, ARGIAn... Azken urteetan munduko hainbat txokotan aritu da free-lance gisa lanean: Guatemalan, Mexikon, Haitin, Puerto Ricon, Kolonbian, Venezuelan, Turkian, Iraken, Kurdistanen, Abkhazian, Hego Osetian, Txetxenian, Kosovon, Albanian, Israelen eta Europa eta Afrikako beste herrialde askotan. Berlinen berriemaile izan zen. Hiru poesia-liburu, bidaia-liburu bat eta eleberri bat argitaratu ditu: Borroka galduetatik gatoz (1997, Susa); Gaur ere ez du atertuko (1998, Arabako Foru Aldundia); Utzidazu karmina kentzen (2000, Kutxa); Auzoak (2005, Susa) eta Afrika Express (2008, Elkar). Hamaika Telebistak Bilbon duen egoitzako zuzendaria da.
Azken Hitza
Piknika Iraken
“Gerrilla kurduarekin lehen aldiz egon nintzeneko irudia da. Kasu honetan Iranen aurka borrokan diharduten PJAK gerrillako kideak dira. Egun osoa mendi zoragarrien artean eman nuen bizpahiru gerrillarirekin eta bertako familia batekin, eta biharamunean jaitsi ziren gainontzekoak. Emakumez osatutako komandoa zen, mugaz gaindi Iranen menpeko Kurdistanera joateko prest. Elkarrizketa egin, eurekin bazkaldu eta halaxe alde egin nuen, horietako batzuk laster hil zitzaketela jakitun. Eta mendebaldean ia inoren babesik gabe, Iran Estatu Batuen etsaia izanik, ezkerrak ezikusi egiten baitie erregimen horrek kurduen, emakumeen, komunisten eta abarren aurka egiten dituen desmasiei.
Menditik jaistean, hainbat kurdu ikusi nituen baso batean piknika egiten, udaberriko egun ederra zen. Grabatzea erabaki nuen. Telebistan horixe hartu zidaten Iraken piknika gauza bitxia zelakoan, baina gerrillaren bideorik ez. Berrian baino ez genuen lortu elkarrizketa ateratzea. Horiek dira askotan free-lancearen miseriak, lanik duin eta txukunenak non atera ez dituzu izaten, eta azaleko istorioak hartzen dizkizu telebistak”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude