Turkia, Europa atariko potentzia zahar-berritua

  • Mendebaldean, Europa barne, aitortzen zaie Brasil, Errusia, Txina eta Indiari potentzia berrien estatusa. Ez ordea Turkiari, ziurrenik aurreiritzi askoren eraginez. Baina munduko 17. ekonomia turkiarrena da, 2050ean baliteke hamargarrenak izatea, Europarako energia hodien giltza edukiko dute eta Ekialde Hurbileko potentzia bilakatu dira.
Irudian Recep Tayyip Erdogan "“ezkerretan"“ Turkiako lehen ministroa, Israelgo presidente Shimon Peresi errieta egiten Gazan armada israeldarrak egindako sarraskiagatik. Suitzako Davosen gertatu zen 2009ko urtarrilaren 30ean, munduko politika eta ekonomiako agintariak biltzen diren konferentzian. Ondoko egunetako deklarazioetan Erdoganek berak goxatu zuen gertakizunari esanahi ezberdinak irakurri zitzaizkion. Dudarik gabe Gazako herritarren defentsa egin zuen Erdoganek, baina bere haserreak bazeraman Turkiaren aldarrikapena ere berekin: solasaldia gidatzen zuen moderatzaileari errieta egin zion aurpegiratuz ez zegoela eskubiderik "Shimon Peresi 25 minutu emateko eta niri 12". Israeli Turkiari baino minutu gehiago eskaintzea, alegia. Europar Batasunerako sarbidea kasik itxitzat emanik, Ankarako gobernuak Ekialde Hurbileko potentziatzat onartu dezaten nahi du.
Recep Tayyip Erdogan galdetu eta Googlek Davoseko errieta erakutsiko dizu, 2009ko urtarrilaren 30ekoa: munduko agintari nagusiak bilduta zeuden bilkurako mahai-inguru batean nola Shimon Peres Israelgo presidenteari hiltzaile deitu eta alde egin zuen. Historiak elkarri loturik gogoratuko ditu Erdogan, Peres eta Gaza, aste haietan israeldarrek txirtxilatua. Baina hiru minutu eta erdiko bideoa arretaz ikusentzuten duena jabetuko da Erdoganen protestak bigarren mamia ere bazuela: Shimon Peresi 25 minutuz hitz egiten laga zioten, eta berari 12z baizik ez. Turkiako agintariei ez diete gehiago horrelakorik egingo.

Jhon Feffer nazioarteko ikerketak egiten dituen Foreign Policy In Focus erakunde iparramerikarreko zuzendaria da eta berrikitan TomDispatch gune aurrerazalean turkiarren indar berria aztertu du artikulu mamitsu batean: Stealth Superpower. How Turkey Is Chasing China in Bid to Become the Next Big Thing, euskarara libreki ekarriz “Superpotentzia zuhurra. Nola ari den Turkia Txina harrapatzen hurrengo erraldoia izateko ahaleginean” emango lukeena.

Txinarekin alderatzea ez ote da gehiegizkoa? Dudarik gabe, biztanle kopuruei begiratuz gero. Baina Turkia jadanik planetako 17. ekonomia handiena da, 2050ean askoren ustez hamar handienen artean egongo delarik. OTANen barruan eman dituen urteetan indar handiko armada garatu du eta laster Europak kontsumitu behar duen energiaren zati handi bat Turkiatik pasako da.

Oraindik europar gehienon irudimenean “turkiarrak” aipatu eta doner kebab, turistentzako bazar eta langile etorkinak azaltzen zaizkigu. Euskal folklorean Zuberoako pastoraletan begi gaizto papera egiten dutenak dira türkak, Otomandarren inperio garaiko oroitzapena ziurrenik. Baina topikoetatik landa, 72 milioi biztanlerekin eta abiada bizian indartzen ari delarik, Turkiak gaurko munduan dagokion lekua bilatzen du.

Kefferrek nabarmendu duenez, indar ekonomiko eta militarraz gain, kokagunea du Turkiak bere alde, Europaren, Ekialde Hurbilaren eta Erdiko Asiaren arteko zubi-lanak egiteko aproposa, musulmanen,  juduen eta kristauen artekoa egiteko ere bai. Mende berriarekin lortu du Errusiatik eta Asiatik Europaranzko energia hodiak bere lurretik pasatzea. Orain, geopolitikan dagokion lekua aldarrikatzen du, horrela baino ezin dira ulertu Istambuleko agintarien azken aldiko mugimenduak.

Turkiako eliteetan halako giro “neo-otomandarra” nabari omen da gaur, Kefferren arabera. Ankaran ia mende osoz agindu duen botere sekular zurruna demokrazia islamista moderatu aldera aldatu da. Barruko edozein ezberdintasun etniko edo kulturazko –galdetu kurduei edo armeniarrei– etsaitzat hartzen zituen nazionalismo hertsia hasi omen da turkiar izateaz bere buruari galdezka. Eta ekonomia mailan, urte luzeetako lozorrotik iratzarrita “kalbinista islamiarrak” ugaritu omen dira.

Bitartekaritzarako jaioak

Kemal Ataturk-ek 1924an estatu berria Frantziakoaren ereduaren gainean sortu omen zuen arren –aginte zentral sendoa, armada modernoa, pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa garbia– militarrek gidatu dute estatua laurogei urtez, barne kontraesanak ere gerraren legez konponduz, izan komunisten suntsiketa edo nazionalista kurduena, milaka hildako eraginez.

1980 inguruan hasi zen Turkiako trantsizioa, globalizazioaren lehen zantzuekin bateratsu. 1997an, islamistek agintea hartuko zutelakoan, militarrek estatu kolpea eman zuten. Hala ere 2002an boterera iritsi zen Justiziaren eta Garapenaren Alderdia  (AKP, turkierazko sigletan) eta 2007an berretsi zuen bere indarra.

Islamista moderatuen gobernuek hasieratik honako dotrina ezarri zuten: “Zero Arazo auzokoekin”.  Laster erakutsiko zituen fruituak.

Deigarriena, Irakeko Kurdistanekikoa: etsaitzat jotzeari uko egin eta laster bidali zuen lehen diplomatikoa Kurdistaneko Arbil hiriburura. Kefferren informazioen arabera gaur Irakeko Kurdistanen egiten diren inbertsioen %70 eta kanpotik erositako produktuen %80 turkiarrak omen dira.

Mantsoago mugitu dira gauzak Turkiako Kurdistanen. Kefferrek dio 1990a arte Ankarako gobernuarentzako kurduen hizkuntzarik izan  ere ez bazen, orain kultur mailan irekitze prozesu bat dagoela. Karlos Zurutuza bezalako aditu batek ez lizkioke aurrerapen guztiak berdin aitortuko. Baina hori da, antza, Turkiak munduan saltzea lortu duena.

Greziarekiko gatazka aspaldikoan ere urratsak egin dituzte AKPko agintariek. Ez arrakasta osoz, Txipren gauzak nola joan diren ikusirik, baina beti badira keinuak eta mugimenduak. Krisi ekonomikoak menturaz harreman horien hobetzea ekar lezake, bi gobernuak behartuko baititu armadetan egiten dituzten gastuak murriztera.

Ankarako gobernuak hurbiltze ahaleginak egin ditu Armeniarekiko, nahiz eta turkiar nazionalistek barruko armeniarrei duela 95 urte egindako genozidioaren orbainak errez sendatzekoak ez diren. Siriarekiko harremanak hobetu ditu. Errusia eta Iranekikoak ere bai. Azkenik, persona non gratatzat joa izan den Balkanetako eskualdetik ere deitu diote Turkiari –agintari serbiarrek!– etxeko musulmanekin bitartekaritza egin dezan.

Hala ere, erraz esaten da “Zero Arazo Auzokoekin”, laster sortzen dira arazoak. Hamasekin bitartekari egiteagatik Egipto haserretu zaie turkiarrei, Armeniarengana hurbiltzeagatik Azerbaian kexatu, Errusiarrekiko loturengatik Georgia muturtu... baina guztien gainetik, Israel sumindu da gehien Turkiarekin, hau Gaza dela-eta mugitu denean.

Gazako inbasioaren ondorioz asko hoztu dira Israel eta Turkiaren arteko harremanak. Ordainetan, Turkiak nagusitasun berria erakutsi du herrialde musulmanen artean... aldi berean turkiarrek Israelen dauzkaten ehundaka negozioak eten gabe.

Energiaren bitartekari ere izan nahi du Ankarak. Otomandarren inperioak urte batzuk gehiago iraun izan balu, haren lurretan egongo ziren munduko petrolio eta gas hobi nagusiak, Irak, Kuwait, Libia... baina Turkiak ez dauka gaur horrelakorik. Europarako bidean dago, ordea, eta bertatik pasatzen edo pasako dira Errusiatik, Kaspio itsasotik edo Kazajstandik datozen hodi erraldoiak: Nabucco, South Stream, Samsun-Ceyhan...

Eta mendebaldar asko ohartu ez garen arren, Yunus Emre Fundazioaren bidez 80 herrialdetan hedatzen du bere kultura Turkiak, turkierazko eskolak, han egindako telebista serieak, Kefferren esanetan islamismo moderatuaren babesean aski liberalak omen direnak. “Adi –dio Kefferrek– Itsaso Beltzaren eta Mediterraneoaren arteko bidegurutzeari. Berandu baino lehen, Turkia egonen da denon ahotan”.

Informazio gehiago:

- John Feffer-en artikulua AlterNet gunean
- John Fefferren gune pertsonala
- Foreign Policy in Focus gunea
- Recep Tayyip Erdogan errieta egiten Shimon Peresi Davosen, bideoa
- Madrilgo El Pais-en, M.A.Bastenierren analisia “La década de Turquía”
- AKP alderdiaren gunea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude