Astekaria

 Zirtak 

Krisiari, musu

Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxea


2237. alea
2010-07-04
alde 0    kontra 0
(Antton Olariaga)

Hura negu beltza, udaberria behar zuenean. Hutsik zeuden kaleak. Museoak eta elizak, jolastokiak eta parkeak, denak hutsik. Lau hilabetean, ezereza egin zen gabeziaren jaun eta jabe.

Hamaika errekastoren gainean eraikitako herri hartan, zero eta batere ez hitzak egin ziren elkarrizketa denen giltza. Beste erantzunik ez zebilen jendearen ahotan. “Zein nota atera duzu hautaprobetan?”. Zero, zioten. “Joango al gara medira, igandean?”. Ez dut gogorik batere.

Aurberan galduak. Ezinegon larri hartan, datila orbaindu zitzaion palmondoari. Gerezia eta sagarra lehertu zituen txingorrak. Tipula usteldu, sargoriak. Hondamendi hartan, segituan agortu ziren errekak. Erre egin ziren mahastiak, mendiak eta basoak. Gainbeheratu parlamentuak eta herriko-etxeak... Eta, delako krisi bati leporatu zioten gaitz denen gaineko errua.

“Nork dauka krisi horren errua?” galdetu zuen baten batek.

Bildu ziren Hogeita Zazpi Gobernariak, erantzuna bilatzeko. Sinodora deitu zuen Elizak, kristauei argibideak emateko. Mekara joateko gonbita egin zien profetak fededunei. Manifestazioan elkartu zituzten langileak sindikatuek.

“Norena da erruaren errua?” idatzi zuten filosofo existentzialek egunkarietan. “Ez du bost hankarik katuak, beraz, bila dezagun fite konponbidea” erantzun zieten politikari pragmatikoek. “Noren katuaz ari dira?” atera zen San Pedroko leihora Aita Saindua, ad aeternum luzatzeko proportzioa hartu zuen konfliktoaren erdian.

Musu-truk. Eztabaida burutsuen ondoren, akordio batera heldu ziren herriko jaun txit preziatu denak: bankariak, gobernariak, gotzainak, petrolio-ustiatzaileak, burtsako korredoreak eta bonba-fabrikatzaileak.

“Funtzionarioek dute errua”. Halaxe idatzi zuten pergamino batean. Alegia, irakasleak, postariak, lorazainak eta anbulantzia-gidariak zirela krisiaren errudunak. Jaitsi zieten horiei soldata, lehendabizi. Oporrak kendu, ondoren. Azkenera, musu-truk lan egitera kondenatu zituzten denak, komunitatearen hobe beharrez.

Gorriak jo zuen irakaslea, goseak postaria, agorrak lorazaina, sukarrak anbulantzia-gidaria. Banan-banan, desagertzen hasi ziren herri-langileak. Hil zen, bada, hil, txakurra; baina, berehala bukatu behar zuen amorruak ez zeukan amaierarik.

“Nork du errua?”, entzun zen berriro bilera-lekuetako lau bazterretako whisky garestiko botilen artean, ardo beltz onduarekin bazkaltzen ohitutako gurien ahoetan, umeak eskolara auto ezinago garestietan eramaten zituzten emakume begi-urdinen eztabaidetan.

“Iturgin, elektrikari, okin, farmazia-laguntzaile eta zahato-josle... horiena da errua”, esan zuten bankari, enpresari eta gobernuburuek.

Autonomo horiek guztiak ere kondenatu zituzten: zerga altuak ordaintzera lehendabizi, musu-truk lan egitera ondoren... Gauza bertsua egin zuten dendari, siderurgia-langile, nekazari, arrantzale eta meatzariekin... denak desagertu arte.

Berriz bildu ziren Hogeita Zazpi Gobernariak. Oraingoan Aita Sainduarekin. Baita Babilonia eta Heliopoliseko orakuluen apaiz, igarle, sibila edota pitonisekin bildu ere. Galdetu zion, serio, Armagheko artzapezpikuak presidenteari: “Nor jarri behar duzu orain lanean fabriketan eta tailerretan?”.

Arrapostu hark, serioago: “Afrika, Asia, Amerika eta Ozeaniako azal-kolore guztietako esklaboak hor daude. Badugu sarea non bota. Bada, ez du hondoa joko berehala gure pagotxak! Alegia, Kapitalismoak!”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza