Astekaria

 Landareak 

Lepaluzeak

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2236. alea
2010-06-27
alde 0    kontra 0
(static.zoomr.com)

Zeta harrak marugatzearen (Morus alba) edo haritzaren (Quercus robur) hostoa, hortzerara duena, jaten duen bezala, animalia gehienok hostoren bat edo beste jan behar izaten dugu. Beharko! Landareek beren kasa, beste inor jan beharrik gabe bizimoduari eusten diote. Guk, animaliok, bizi nahi badugu beste bizidun batzuk jan beste erremediorik ez dugu. Bizitzeko hil egin behar... Urtea joan eta milurtekoa etorri, landare gajoek hortzetatik babesten ikasi behar izan dute. Eboluzioaren bilakaeran bakoitzak bere trikimailuak asmatu, antolatu, ondu eta zorroztu ditu.

Batzuek hostoa bera egokitu eta arantzez josi dute. Gorostia, Ilex aquifolium, hauetakoa dugu. Aziendak eta bestelako hosto-jaleak iristen direnerainoko hostoak arantzadunak zabalduko ditu, handik gorakoak, ordea, ertza leun-leuna dutenak. Inork jateko beldurrik ez dagoen hostoak arantzaz hornitzen zertan energia alferrik galdu?

Beste batzuek, hostoetan beharrean, arantzak egurrean dituzte: elorriek (zuria, Crataegus sp., eta beltza, Prunus spinosa), arkakaratsak (Rosa canina), laharrak (Rubus fruticosus), sasi-akaziak (Robinia pseudoacacia), akaziak (Acacia sp.)... Edozeinek hurbiltzen ditu ezpain leun sotilak edo mingain sentikorra arantza hauetara... Animaliok badakigu, baina, landare hauei kosk egitez gero, puja erabat egurtu eta gogortu aurretik egin behar. Ardiak laharrari honelaxe heltzen dio, puntta berri gozoenetik.

Bada Afrikan ardiarena egiten duen beste berde-jale bat, jirafa. Acacia xanthophloea, akazia handien gainera lepoa luzatu eta bertako adarretako kimuak jaten ditu, arantza bigunak ere jangarri. Jirafaren moduan, akazia ere ez da motza, eta bere burua babesteko hostoa mingosten duen substantzia bat eransten dio. Alarma ere pizten du, inguruko akaziek jirafak aldean dabiltzala jakin eta substantzia hori hostoetara eraman dezaten abisua zabaltzen du, airez hedatzen den “leherketa” baten bidez, agidanean. Jirafa ere, lepo eta guzti, motz ez eta haizearen kontrako aldetik hurreratuko da akaziara.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza