Astekaria

 Denboraren makina 

Roland Garroseko euskal txapelduna

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2234. alea
2010-06-13
alde 0    kontra 0
Jean Borotra
Jean Borotra (1898-1994) 1931ko urtarrilean, Berlinen jokatutako tenis txapelketa batean. “Euskaldun jauzilaria” ezizenaz ezaguna, txapela buruan jokatu ohi zuen. (www.wikimedia.org)

Paris, 1925. Ordura arte Frantziako tenis txapelketa nazionala zena zabaltzea eta nazioarteko jokalari puntakoenak gonbidatzea erabaki zuten. Bestela esanda, Roland Garros sortu zen, izen hura hiru urte geroago estadio berria eraiki arte hartu ez bazuen ere. Lehen Roland Garros hartako finalera René Lacoste –krokodiloa bordatuta duten arropengatik ezaguna, gaur egun– eta Jean Borotra euskalduna (Miarritze, 1898–Arbona, 1994) iritsi ziren.
 
Indarrak parekatuta egon arren, aurreko urteko emaitzak ikusita Borotra faboritoa zen Roland Garroseko palmaresa estreinatzeko. 1924an, torneoa oraindik nazioartekoa ez zenean, Miarritzeko tenislariak irabazi zuen Frantziako txapelketa, Lacoste bera mendean hartuta. Urte hartako Wimbledoneko finala era biek jokatu zuten eta berriro Borotra izan zen garailea.

Baina 1925eko finala erraz irabazi zuen Lacostek, hiru setetan (7-5, 6-1, 6-4). Txapela jantzita jokatzeko ohitura izan arren, Borotra ez zen orduko hartan txapelduna izan. Eta urte hartako Wimbledoneko finala ere galdu zuen, Lacosteren aurka berriro.
Hurrengo urtean, Borotrak finalaurrekoetan egin zuen topo Lacoste amesgaiztoarekin, eta finaletik kanpo geratu zen. “Euskaldun jauzilariak” –hala esaten zioten, jokoan egiten zituen salto ikusgarriengatik– 1929an lortu zuen berriro finalean sartzea, eta berriz arerio beraren aurka. Partida estua eta borrokatua izan zen, eta Lacostek bost setak agortu behar izan zituen Borotra menperatzeko (6-3, 2-6, 6-0, 2-6, 8-6)

1931n beste aukera bat izan zuen Miarritzekoak txapelketa lortzeko. Baina parean ez zuen René Lacoste izan, Christian Boussus baizik. Eta lehenengo seta galdu arren, hurrengo hirurak jarraian irabazi (2-6, 6-4, 7-5, 6-4) eta, azkenean, Roland Garroseko txapelduna izatea lortu zuen, buruz buruko torneoari dagokionean behintzat. Gizonezkoen binakako finala lehenago irabazia zuen, 1925eko lehen nazioarteko txapelketa hartan, hain zuzen. Eta ezetz asmatu nor izan zuen bikotekidea: René Lacoste arerio eta laguna.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza