Astekaria

 Bestelakoak 

Euskal Herria Parisen aipagai

Jakes Bortairu

Jakes Bortairu


2234. alea
2010-06-13
alde 0    kontra 0

Pasa den maiatzaren 25ean hasi da frantses asanblada nazionalean Lurralde elkargoen erreformari buruzko eztabaida. Erreforma honekin Sarkozyk instituzioen antolaketa sinplifikatu nahi omen du, eskuduntzak berbanatu eta dirua aurreztu. Kritika ugari entzun dira proiektuaren kontra eta besteak beste, 30 urteko deserdiratze aro baten ondotik, birzentralizazio joera azkarra ikusi diote anitzek egitasmoari.

Eztabaidaren karietara, Euskal Herria aipagai izan da diputatuen artean. Alabaina Poulou jaunak hitza hartu du Ipar Euskal Herrian erreformak hautetsi eta jendarteko sektoreen artean sortzen dituen kezkak aipatzeko: Pays egitura ezabatuz eta Departamenduari eskuduntza orokorra kenduz, azken 15 urteetan zutik ezarritako prozedurak, Garapen eta Hautetsien kontseiluak, lurralde kontratuak eta instituzioen arteko kooperazioa oinarririk gabe geldituko dira.

Duela urte bat pasa, erreforma aipatzen hasi zelarik bi Kontseilu horiek dokumentu bat helarazi zioten legea prestatzen ari zen batzordeari, hiru hipotesi marraztuz: statu quo atxikitzearena, egitura bati eskuduntza batzuen delegazioa eta Lurralde Elkargo propioa, Korsikan bezala. Denbora berean Batera plataformak, aukera garrantzitsua ikusiz, egiazko hordago bat bota zuen: Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalari buruz eskatzen zuen herri kontsulta, berak antolatzea ahal bezainbat herritan, Euskal Herriaren ahotsa entzunarazteko. Ekimena arrakastatsua gertatu zen, hiru irakaspen argi utziz: instituzio arazoa bizirik da, herritarrek kontsultatuak izan nahi dute eta gehiengo zabal bat Lurralde elkargo baten sortzearen alde da, hain zuzen bi Kontseiluen azken hipotesia. Ondoko Biltzar Nagusian Batera plataformak proposamen berri bat zabaldu zuen: lau urteko prozesu politiko bat irekitzea, Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren sortzeari begira.

Bitartean, lege proiektua ezagutu bezain laster, bi Kontseiluek lehen hipotesia galdutzat eman zuten eta bigarrenaren gauzatzeari lotu zitzaien. Lege proiektuak aurreikusten zituen “pôle métropolitain” delakoak moldatzeko zuzenketak landu zituzten Euskal Herriari aplikatu ahal izateko baina legearen kudeatzaileak ez zituen onartu, legearen izpirituaren kontra zihoazelako. Bigarren hipotesia kanpora! Baterak bere proposamenaren inguruan indarrak biltzen segitzen duen bitartean, hautetsi eta Kontseiluetako kide batzuk bi beldurren artean dudan dira: borrokan inplikatu ala deus gabe gelditu?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza