Sare berdea Bilbo Handiaren bihotzean

  • Hemeretzi parkek, sei lorategik eta hamasei biribilgunek osatzen dute Leioako sare naturala. Biztanleen eta bisitarien gozamenerako ez ezik, sare berde honek herriaren berezitasunak nahiz historia ezagutarazteko atea ere izan nahi du.
Álvaro Hilario Pérez de San Román
Bilbotik hamar kilometrora, Txorierritik Ibaizabaleko itsasadarrera hedatzen da Leioa. Erraz helduko gara, herria ondo komunikatuta baitago, metroz, autobusez, errepidez. Unibertsitatearen eta Udalaren kultur eskaintza hiriaren egungo ikur nagusiak badira ere, industriak eta baserriek han diraute, haiek ere Leioako nortasunaren osagaiak direna inork ez dezan ahaztu. Atzokoak eta gaurkoak bat egiten dute Leioan eta bertako sare naturalak horren lekuko izan nahi du. Horrela, Udalak berebiziko garrantzia ematen dio ondasun naturala zaintzeari. Hogei bat dira, Mikel Ibarrondoren zuzendaritzapean, altxor hori zaintzeko, handitzeko eta jendearengana gerturatzeko ardura duten udal lorazainak, Leioako berezitasunak nabarmentzea ahaztu barik. Horren harira, ondasun horiek ezagutarazteko bizikletaz, oinez zein kotxez egiteko ibilbideak prestatzen ari dira gaur egun. Lorategiak, parkeak eta biribilguneak zer estilotakoak diren (frantziarra, japoniarra, erromantikoa), eta zer islatu gura duten dira, besteak beste, eskura izango ditugun argibideak.

Parkeak

Arestian esan dugunez, hemeretzi parke ditugu Leioan, mota askotakoak. Artatza eta Pinosolo familia boteretsuen garaietakoak dira. Gizakiak sortutako parkeak dira, diseinu berezikoak. Pinosolok, esaterako, mota askotako zuhaitzak eta zuhaixkak ez ezik, beste hainbat bitxikeria ditu: arrosondoak, urmaelak... Bilbo eta Uribe Kosta lotzen dituen Avanzada errepidetik oso metro gutxira dauden arren, isiltasunaz gozatzeko leku aproposak dira. Horiek biak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arboretum Leioako parke handienak dira. Azken horrek 130 motako 1.700 zuhaitz ditu, hemeretzi hektareatan. Hiru gunetan banatzen dira: batean, Euskal Herriko berezko zuhaitzak ditugu; bigarrengoan, gurea bezalako klima duten Asiako eskualdeetatik datozenak; eta erabilera produktiboa dutenek osatzen dute hirugarren eremua. Arboretum-en heliosziametroaren plaza, anfiteatroa eta erakustaldietarako gunea ere aurkituko ditugu.


Mendibile eta Sarriena parke berriak dira, auzoetakoak. Lehenengoa, egun Txakolinaren Museoa gordetzen duen eta parkeari izena ematen dion jauregiaren ondoan dugu. Mendibile fruta-arbolez osaturikoa da, hala nola mizpirondoak, gereziondoak, gaztainondoak edo sagarrondoak. Sarrienako futbol zelaiaren inguruan dago eta 7.000 metro koadro ditu, berriz, Horoskopo parkeak. Han diren 21 motako 81 zuhaitzek bat egiten dute horoskopo zeltarekin. Zuhaitz mota bakoitzaren ondoan bada informazioa ematen digun plaka bana: zuhaitzaren izena latinez, euskaraz eta gaztelaniaz; dagozkion jaiotze-datak, eta data berean jaiotakoen izaera eta joerak. Parke honek badauka bisitariek aurkitu beharreko sekretua, bizitzarekin zerikusia duena. Baietz aurkitu!

Sagarrabarrena, Negurigane, San Bartolome, Ugarteondo, Kurkudi, Tuñón de Lara, Elexalde, Aldapa, Ondiz eta Burdione sare berdean dauden beste auzo-parkeak ditugu.

Biribilguneak

Beste hainbat lekutan trafikoa arintzeko baino balio ez duten biribilguneak, arte bihurtu dituzte Leioako lorazainek, kolorez tindaturiko diseinuari segituz. Aurrerago esan dugun lez, lorazainen lanak Leioako berezitasunak, nortasuna, dituzte oinarri. Biribilgune batek golf zaharra gogoraziko digu; beste batean, adibidez, Leioako ereserkia aurkituko dugu, partitura eta guzti. Ikusgarria, Leioako udal lorazainek herritarren begiak alaitzeko eta bizitzari mamia emateko egiten duten lana.

ASTEKARIA
2010ko ekainaren 06a
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude