Zigiluaren atzean dagoena

  • Kalitate goreneko produktuak, hemengoak, eta berme guztiekin ekoitziak. Kontsumitzaileak ezaugarri horiekin lotzen du Eusko Label zigilua. Baina ematen den irudia eta errealitatea bat ez datozela salatzen du sektoreko hainbat ahotsek.
Dani Blanco
Eusko Label zigilu ofiziala da, elikagaien goi-mailako kalitatea bereizteko erabiltzen den EAEko marka ofiziala, Eusko Jaurlaritzaren babespean (nahiz eta erakunde pribatua izan). Baina zeregin horretan, diru publiko asko desegoki gastatzen dela dio EHNE sindikatuak. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak Bizkaian duen presidentearekin bildu gara, Mikel Kormenzanarekin, eta hiru kritika nagusi egin dizkio Eusko Labeli: kalitatea bermatu beharrean banaketa-kate handien mesedegarri den eredu industrial eta intentsiboa sustatzea, sektorearen parte-hartzea ez bilatzea eta baserritarrentzako errentagarritasunik ez izatea.

Ortuarien kasuan, esaterako, labelak itxura ona zaintzen duela dio EHNEkoak, baina ez duela kalitatea bermatzen, neurtzen duena delako produktuak hainbeste zentimetro izatea, barietate zehatz batzuetakoa (“eta ez hemengo barietatea, inondik inora”), zein kolore duen... Sistema hidroponikoa erabiltzen da barazki guztiak edo gehien-gehienak lortzeko. Hots, poltsetan sartu eta tratamendu kimikoekin (hodi bidez ura, nitratoa, fosforoa eta potasioa helaraziz) hazten dituzte, negutegietan, ez lurrean. Eta hala, engainuz Marokotik ekarritako piper sorta bat gure merkatuan Gernikako Piperrak izenpean saldu zituztela kontatu du Kormenzanak, hain zuzen ekoizteko eran irizpiderik zehazten ez delako: “Ez baduzu ekoizpen eredu desberdindua bultzatzen, gauza berdina egiteko hobeto egingo dute Marokon hemen baino. Tomatea sistema hidroponikoan, negutegian eta berogailuarekin egiten badut abenduan, Marokon berogailurik gabe egingo dute, merkeago, eta gainera zapore gehiago izango du hangoak, baldintza klimatologiko hobeak dituztelako. Bide intentsiboa bultzatzen baduzu, eta udarako produktu bera neguan ere eskuratu nahi baduzu, ez zaizu errentagarri aterako eta gastu energetikoa handia izango da”. Labelak kalitatea bermatu behar badu, gauza horiek kontuan hartu behar direla iritzi dio sindikalistak.

Aire zabalean (edo negutegietan, baina) lurrean ereinda hazitako barazkiak sustatu beharko liratekeela uste du EHNEk, eta benetan kalitatea bermatzeko eredu ekologikoa behar dela, edo behintzat energia urriago kontsumituko duena, kimiko edo agrokimiko gutxi edo batere ez erabiliz, bertoko barietateak babestuz. Ordea, industria buruan, hiru produktu indartu direla (tomatea, letxuga eta piperra) eta gainontzekoa alboratu dela diote: “Non daude garai batean hemen zeuden porruak, zerbak, tipula...?”. Diru publikoak sektorea suntsitu duela kritikatu du Kormenzanak, garai batean hemengo produktu zirenak kanpotik ekartzen ditugulako orain.

Labeldun esnea ere ez da nahikoa berme sindikatuarentzat, hemengo esnea dela baino ez baitu ziurtatzen. Proteina eta koipe mailak ere neurtzen dituzte, baina ez dira ekoizpen ereduan sartzen; alegia, “behiak nola dauden, zer jaten duten, zer nolako lekua duten...”.

Gurokela, Giokela, Lumagorri, Euskal Oiloa

Okelarekin antzera: txita, arkume eta behiak gizentzeko lurrari lotutako eredu merke eta errentagarriak aldarrikatu ditu Kormenzanak, ez pentsu bidez, egin ohi den moduan, belarrarekin baizik. Kontua da horretarako lur asko behar dela, eta gutxi dago Euskal Herrian, “eta dagoena nekazaritzarako ez den beste edozertarako erabiltzen da”. Pentsuek dituzten transgenikoak saihesteko eta kalitatea bermatzeko, aurreko Jaurlaritzari makina bat alternatiba aurkeztu zien EHNEk; pentsuetarako beste proteina bitartekari batzuk bilatu zituzten, soja ez transgenikoa, proteajinosa batzuk pentsuetan soja ez sartzeko... Baina administrazioak urtetan entzungor egin duela diote. Gaur egun, produktore ekologikoak dira bakarrak pentsu transgenikoak kontsumitzen ez dituztenak. Kontsumitzaileak gero sektoreari kontuak eskatzen badizkio, behi-eroekin eta beste hainbat kasurekin gertatu moduan, erantzukizuna politikari eta teknikariena dela azpimarratu du baserritarrak, “beraiek erabaki dutelako dirua non sartu eta zein eredu bultzatu”.

Dena den, Eusko Labelek haragiaren kasuan ortuariekin baino irizpide egokiagoak erabiltzen dituela onartu du Kormenzanak, labelaren hasierako urteetan garatu zirelako okelaren baldintzak, eta hastapen haietan sektoreak parte-hartze handiagoa izan zuelako: bertoko bildots eta txekorrak hazten dituzte, espazio jakin bat izan behar dute, albaitariek animalien jarraipena egiten dute... Gurokela eta Giokela marka pribatuek aldiz, kanpotik ekartzen dituzte txekorrak. Hasieran labelaren baitan aritzen ziren, baina 1997an Eusko Labelek erabaki zuenean animalien jatorria EAEra mugatzea, beste marka baten pean lan egitea erabaki zuten. Oilaskoetan barietate atlantikoko txitak hazten ditu Lumagorrik (labelduna), baina hemengo barietaterik ez dagoelako jada. Hain zuzen, Euskal Herriko txita arrazak berreskuratzea eta horiek heztea da Euskal Oiloa marka pribatuaren xedea. “Guk hasieran ere pentsatzen genuen arraza horiek haztea, baina egun gure helburua da baserritik bizi ahal izatea. Horrelako arraza bat berpiztuko balitz, primeran, baina une hauetan ez da nahikoa errentagarri ateratzen arraza mota horiekin aritzea; gure okela merkatuan garestixeagoa da jada eta kontsumitzaileari jartzen badiozu hori baino garestiago... Guk bermatzen duguna da hazkuntza sistema garbia eta askatasunean egina”, adierazi du Iñaki Urkijo Lumagorriko lehendakariak.

Produkzio bolumen handiak bilatuz eta industrian pentsatuz eredu intentsiboaren alde egitea leporatzen dio Kormenzanak Eusko Labeli, eta baita Nafarroako Reyno Gourmet labelari ere, Nafarroakoa are industrialagoa dela baitio. “Eredu horrek inbertsio handia eskatzen du eta beraz produktibitate edo produkzio handiagoa, prezioak jaitsiz eta baserritarra zorpetuz. Sistema hidroponikoari heldu zioten baserritar asko eta asko desagertu egin dira, edo oso gaizki daude orain. Begira baita ere labelak sustaturiko Artzain Eskolak: 300 ardi hartzen ditu gazte batek, gaztandegiarekin eta 80 milioi pezeta gastatuta, eta zer aurkitu du? Merkatua pixkanaka-pixkanaka egin behar duzula eta 300 ardiren gazta saltzea lehenengo urtean oso zaila dela. Eta prezioak jaitsi behar, produkzioa handitzearen ondorioz”. Labelaren asmoa lehengai gehiago izatea dela uste du Kormenzanak, merkeago, erdibideko batzuek euren negozioa egiteko: alegia, nekazaritza-industriak eta banaketa-kate handiek. “Eroski da horren gidari, bere mesederako egin dira beti gauzak”.

Kritikak helarazi dizkiogu Alazne Uribarriri, Eusko Labelaz arduratzen den Kalitatea Fundazioko Egiaztapen zuzendariari. Eredu intentsiboa sustatzen al dute? “Markari balioa ematea da gure helburua, marka hori produktuarentzako baliagarria izan dadin, baserritarrak merkatuan lehiatu ahal daitezen, eta kontsumitzaileari Eusko Label produktuaren ezaugarri bereizgarriak igortzeko komertzializazio zirkuitu guztiak lantzen ditugu: tradizionala, harategiak... baina baita azalera handiko komertzioak, ezin baitugu ahaztu egungo kontsumitzailea horietara ere joaten dela eta gure betebeharra da kontsumitzailea dagoen tokira iristea”.

Zer pentsatzen du kontsumitzaileak?

Kalitatea Fundazioak iaz egindako ikerketaren arabera, jendeari nekazaritza-elikagaien markarik ezagutzen al duen galdetuta %85ak Eusko Label erantzun du, eta Eusko Label ezagutzen al duen galdetuta, baietz izan da %95aren arrapostua. Jende horri labelaren ezaugarriei buruz itaunduta, lau errepikatu dituzte gehien: goi-mailako kalitatea duten produktuak direla, EAEkoak, produktu tradizionalak/baserrikoak berme instituzional guztiekin, eta garestiagoak direla. Uribarriren esanetan, “lehenengo hiru faktoreek indar handiagoa dute, Eusko Labelen kontsumitzailea fidela delako; nahiko militanteak gara hemen eta kontsumitzailea prest dago gehiago ordaintzeko, arrazoi onak badauzka”. Ordea, gezurra saltzen ari direla uste du Kormenzanak: “Kontsumitzaileak ikusten duenean tomate batek Eusko Labela duela, irudikatzen du baserriko baratzean landatutako tomatea, aitona bilobarekin Anboto magalean, egiten dituzten iragarkiak halakoxeak direlako. Baina tomate guztiak sistema hidroponikoan eginak dira; hain harro bazaude sistema horretaz, zergatik ez duzu iragarkian aitona jartzen tomatea poltsan landatzen?”.

Errentagarritasun eskasa

Labelak duen asmoetako bat produktua merkatuan bereiztea eta baserritarrentzat errenta duina eskuratzea izan arren, hori ez dela lortu dio EHNEko kideak, barazkiak adibidez prezio baxutan saltzen dituztelako: “Enpresa edo kooperatibak bihurtu dira helburu, eurak handitzea eta merkatu gehiago izatea, prezioak jaitsiz eta baserritarrek indarra galduz”. Behi-haragian prezio bereizgarri hori garai batean lortu zela gaineratu du, baina orain ez hainbeste. Eta bildotsarekin berdin; aspaldi bai, baina orain ez du errentagarri ikusten labelduna: “Gipuzkoan eta Araban Eusko Label zigilukoek 2,80 euro inguru kobratzen dute kiloko bildotsa eta aldiz, labeletik at funtzionatzen duen Bizkaiko Bildotsa pribatuak bikoitza kobratzen du (Erralde hiltegiak bultzaturiko harakin, artzain, hiltegi eta sindikatuen aliantzari esker, transgenikoak kontrolatuz, kalitatea bermatuz, hilketa tradizionala hobetsiz...). Ez du zentzurik hainbeste diru publiko gastatzeak, gero etekinik ez izateko”.

Alazne Uribarrik onartu digu kontsumitzailearengandik gertuen dauden markak direla gehien irabazten dutenak komertzializazio kateetan, eta lehenengo kate-maila izan ohi dela kaltetuena. Horri buelta emateko alternatiba bat zirkuitu laburrak edo kontsumitzaile ziklo itxiak izan daitezke, baina hori gutxi batzuentzako soluzio dela gogoratu du Egiaztapen zuzendariak, kontsumitzailea oro har azalera handitan mugitzen delako. “Nik beste era batera planteatuko nuke galdera: zer gertatu izango zatekeen, hamar urte hauetan Eusko Labelik izan ez balitz? Gogoan dut 1996an abeltzainak zeudela ezin haragirik saldu, eta irtenbidea izan zela marka bat eratzea euren produktua desberdintzeko. Eusko Label tresna oso indartsua izan da produktuak birbaloratzeko eta sustatzeko, merkatuan lehiakortasuna eman die. Gustatuko litzaidake abeltzainek gehiago irabaztea, baina ez dut uste gure menpe dagoenik, beste faktore askoren esku baino”.

Parte-hartzeaz ere kexu da Mikel Kormenzana; bi dira Eusko Labeli egiten dizkion kritikak: sektoreko jendearen parte-hartze txikia dagoela, eta dagoena, nahierara aukeratua, zentzuzko irizpiderik gabe. Hastapenetan (1992an jaio zen erakundea) dekalogo, arautegi eta protokolo zenbait negoziatu zituzten sektorearekin, baina ordutik ez dietela iritzirik eskatu dio EHNEko kideak, eta azken finean eurek ikusten dituztela produkzioaren beharrak, nondik nora egin behar den. “Sektoreko batzuek hartuko dute parte erabakietan, baina modu pertsonalean, ez ordezkaritza baten izenean, eta desberdintasun hori funtsezkoa da. Urte hauetan guztietan sindikatuoi ez digute ezer galdetu (ezta entzun ere) eta guk dugu sektorearen ordezkaritza, sindikatuetan antolatuta baitaude nekazari, abeltzain eta gainerakoak”. Orain arte horrela izan dela salatu du Kormenzanak, eta gobernu berriak dioela parte-hartze irekiagoa eta demokratikoagoa izan nahi dutela; “ikusiko dugu”.

Izan ere, aurreko Jaurlaritzak bere txiringitoa oso ondo antolatu zuela dio sindikalistak: “Urtetan saiatu dira Idiazabal Gazta labelean sartzen, sekulako presioekin, esanez diru-laguntzak ere kenduko zizkietela sartzen ez baziren. Latxa eta Karrantzako ardiak baino ez ditu erabiltzen Idiazabalek, eta beste arraza batzuk gehitzea nahi zuen Eusko Labelek, esne gehiago behar zela eta beste arraza batzuek esne gehiago ematen dutela argudiatuz. Baina frogatu da ez dela esne gehiago behar, alderantziz, eredu intentsibo horrek prezioak jaistea baino ez dakarrelako”. Azkenean, Idiazabalek ez zuen onartu labelaren irizpideetan sartzea, eta gaztaren kontrola egitera mugatzen da Kalitatea Fundazioaren esku-hartzea. Eusko Labelek, zertifikazioez gain kontrol zerbitzua ere eskaintzen baitu, euren produktuena, Idiazabalena eta Euskal Herriko hiru txakolinena. Uribarrik argitu du ekoizpenaren fase guztietan egiten dituztela kontrolak, 4.000 bat ikuskaritza eta beste hainbeste ebazpen analitiko.

Parte-hartzearen inguruan Egiaztapen zuzendariak gaineratu du sektoreko ahots guztiak entzuteko borondatea dutela. Zuzendaritza ondorengoek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordea (lehendakaria); administrazioaren beste bost ordezkari, Kalitatea Fundazioko lehendakaria, Uribarri teknikaria bera eta sektoreko bost delegatu (Blond Akitaniaren, Lumagorriren, Kaikuren, Getariako kofradiaren eta Ortularien Elkartearen ordezkari bana). Batzorde profesionaletan hartzen dira erabakiak, politikariek, teknikariek eta Eusko Labeleko ekoizle handienek osatuak, eta sektoreak ordezkaritza nahikoa duela uste du Uribarrik. “Sindikatuek ez dute presentzia estandarizaturik gurean, baina eurek eskatu ahala harremana dugu”.

Alternatiba ez da bidea

Salmenta zuzenak geroz eta indar handiagoa hartu du hainbat eta hainbat herritan, beti ere atzean eredu eta berme bat duela. Kormenzanaren ustez, kontsumitzaileak ikusten du marka tradizionalek ez diotela nahi duena bermatzen, ez dakiela zer jaten duen ez nondik ekarria den, eta nekazariek ez dute marka nahiz labelarekin errentagarritasunik lortzen; ondorioz batzuek eta besteek elkar topatzen dute bidean: “Baina oso tristea da hori, kontsumitzailea eta baserritarra bakoitza bere aldetik ibili behar izatea, eta bitartean diru publikoa gastatu eta gastatu aritzea”.

Horregatik, labelaren aldeko apustua egiten du EHNE sindikatuak. Argi utzi nahi dute ez daudela labelaren edo kalitatezko markaren kontra, alderantziz, baina kalitatea eta errentagarritasuna bermatuko dituen labela nahi dute. Hori baita norabidea, marka pribatuei eta zuriei aurre egiteko. “Kritikatu dugu baliabideak industriaren eta banaketa-kateen mesedetara jartzen direla; marka zuria urrats bat harago doa eta zuzenean industria kentzen du erditik, banaketa-kateak are gehiago indartzeko. Prezio baxuagoak ezartzeko erabiltzen dituzte marka zuriak banaketa-kateek, jaun eta jabe bilakatuz eta behean daudenen mozkina ezereztuz (industriarenak eta batez ere produktorearenak)”. Gaur egun Espainiako Estatuan merkatuaren %60a hipermerkatuetako bost marken esku dagoela gogoratu du Kormenzanak, eta beraz baldintzak eurek jartzen dituztela. Garbi du panorama honen guztiaren aurrean galdetzen, eskatzen eta exijitzen hasi behar dugula kontsumitzaileok, erosle pasibo izateari utziz.
Label Rouge, Osseau-Iraty, ekologikoa eta Idoki
Ipar Euskal Herrian, ezagunak dira haragiaren eta arrainaren kalitateari begiratzen dion Label Rouge zigilua (Frantziako Estatu osoan), eta Osseau-Iraty izendapena daraman gasna, Euskal Herriko eta Biarnoko mendietan egin dela bermatzen duena. Baina laborarien aldarriak biltzen dituen Donapaleuko Arrapitz Federazioak zigilu ekologikoaren arauei begiratzen die mesfidati. Europatik datorren legedian, produktu kimikorik ez erabiltzea eta halakoak zehazten dira, baina esaterako baimentzen da txerri eta oilasko ekologikoa leku itxietan haztea, eta Arrapitz ez dator bat, animaliak eremu irekietara ateratzea beharrezkotzat jotzen baitu. Idoki marka pribatuak berriz, bermatzen du etxaldean produzitu, transformatu eta kontsumitzaileari zuzenean saldutako produktuak egiten dituela. Zentzu horretan, Frantziako Gobernuak baserriko produktuaren terminologia definitzea nahi dute Idokiko kideek, definizio falta horrexegatik Baserrian produzitua etiketa nolanahika erabiltzen dela baitiote, eta baserrian transformatu edo zuzenean saldu ez diren produktuetan jartzen dela.
Izendapen, deitura, marka eta label saltsa merkatuan
Marka publikoetan, kalitatea edo jatorria bermatzeko xedea duten hiru zigilu mota nabarmendu ditzakegu. Adierazpen Geografiko Babestua eta Jatorrizko Deitura Babestua eremu geografiko bati lotutako zigiluak dira: bere ezaugarriak inguruaren ondorio dira eta Europak ezarritako dekretu batzuk bete behar dituzte. Europak arautua da baita ere Ekoizpen Ekologikoa bereizten duen izendapena, ekoizpen mota jakin hori babesten duena, ingurumena errespetatuz, substantzia kimikorik gabe eta abar. Azkenik, labela kalitateari lotuta dagoen zigilua da, lekuko administrazioaren sostengupean. Dena den, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak txikiak direla dio Eusko Labeleko Alazne Uribarrik, era batera edo bestera denek kalitatea eta eremu geografiko jakin bat bermatzen dutelako.

Markak ez dira baztertzaileak, osagarriak baizik. Adibidez, Eusko Labeldun arkume ekoizleen baitan, Gipuzkoako talde batek ekoizpen ekologikoaren araupean ere egiten du lan (eta arkume horrek bi etiketak daramatza), edota Gernikako Piperrak Eusko Label izateaz gain Adierazpen Geografiko Babestua dira.

Horiei marka pribatuak eta zuriak gehitzen badizkiegu, merkatuan dagoen etiketa festa sekulakoa da, kontsumitzailearentzat nahasgarri. Merkatuan desberdintzeko beharra eta eskubidea denek duten arren, marka inflazio honek kontsumitzailearen arreta sakabanatu egiten duela eta estrategia onena bateratzea dela dio Uribarrik. Esaterako, 2009an egin berri duten ikerketaren arabera, kontsumitzaile gehienek uste dute Idiazabal Gaztak Eusko Labela duela.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Eguneraketa berriak daude