Astekaria

 Denboraren makina 

Ford-ek ez zuen dena asmatu

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2232. alea
2010-05-30
alde 0    kontra 0
Ford
Henry Ford eta Ford T modeloa, 1908an sortu zenean haizetako-garbigailurik ez zuena. (www.seriouswheels.com)

New York (AEB), 1902. Mary Andersonek (1866-1953) hiri handira bidaiatu zuen lehenengoz. Alabaman jaioa, Anderson Kalifornian bizi zen eta mahastizain lanetan nahiz arrantxoko beste behar batzuetan aritzen zen. Ez zuen sekula hainbeste auto batean ikusi. Egun hartan eguraldia goibel zen New Yorken eta konturatu zen euri-lanbroak ez ziela gidariei bidea ikusten uzten. Leihatila ireki eta haizetakoa eskuz garbitu behar zuten, oinezkoen eta gainerako gidarien segurtasunaren kaltetan.

Asmatzaile gisa ez zuen esperientziarik, eta ez zekien lehenago beste batzuk ere saiatu zirela autoetako haizetakoak garbitzeko gailuak asmatzen, alperrik. New Yorketik itzuli zenean, Mary Andersonek garbigailua asmatu zuen diseinatzaile baten laguntzaz, eta Fresnoko enpresa bati asmakizuna ekoizteko eskatu zion. 1903an haizetako-garbigailua patentatu zuen. Auto barrutik eragiteko aukera ematen zuen palanka bat zen, kanpoko muturrean gomaz estalitako marraza zuena.

1905ean gailuaren eskubideak Kanadako enpresa handi bati saltzen saiatu zen, baina Andersonen eskaera baztertu zuten. Haien ustez, garbigailuak ez zuen balio komertzialik, eta ez zegoen bermatuta salmentek ekoizpen kostuak estaliko zituztenik.

1908ko abuztuan Ford T modeloak industria osoa eta, bereziki, automobilgintza irauli zituen. Autoek luxuzko produktu izateari utzi zioten. Salmentek izugarri egin zuten gora. Baina Henry Forden autoek oraindik ez zuten haizetakoa garbitzeko tramankulurik. Andersonek tarteka royaltyak jaso zituen, baina ez zuen dirutzarik bildu bere ideiari esker, eta mahastietan lanean jarraitu zuen. 1920an iraungi zen garbigailuaren  patentea eta orduantxe hasi zen haren diseinua auto guztien oinarrizko ekipamenduaren parte izaten. 1953an hil zen Anderson, 87 urte zituela, 50 urte lehenago izan zuen burutazio hark merezi zuen ordaina jaso gabe. ·

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza