Astekaria

 Bestelakoak 

Estandarra bortxatuz

Joxemari Carrere Zabala

Joxemari Carrere Zabala


2232. alea
2010-05-30
alde 0    kontra 0

Berrirakurtzen dut Dario Fo-ren Aktorearen Eskuliburu Minimoa (Manualle Minimo dell'attore). Egile italiarraren idazteko estiloaz gozatzeaz gain, antzerki ikasbide zoragarria dugu liburu hau. Antzerkia ez da, besterik gabe, eskenatoki batean –edozein eratakoa delarik– istorio bat azaltzea publiko baten aurrean; hori baino gehiago da, edo behar luke izan. Antzerkia pentsatzeko eta gogoetarako bidea da. Euskal hiriburu bateko antzerki programatzaile batek, elkarrizketa batean zioen ikusleak, antzokira zihoanean, bere arazoez ahaztu nahi omen zuela. Ez dakit bere leku pribilegiatu horretan antena berezirik ote duen halakorik jakiteko; ez dakit ere, ikuslea asmo horrekin ote doan antzokira; baina antzeztokira agertzen dena arazoez inguratuta bizi da, kristo guztia bezala. Hori horrela izanik, nola liteke eskenatokian ezer ez gertatzea? Nola liteke antzerkia mundutik aparte dagoen zerbait izatea? Eztabaida zaharra bezain egungoa dugu hau. Horregatik Fo irakurtzeak zalantzak argitzen laguntzen digu, niri behintzat: “Eta gure betebeharra da, edo, nahiago baduzue, gure eginkizun profesionala, egile moduan, zuzendari, antzerkiko jende moduan, errealitateaz hitz egitera heltzea, eskema estandarra bortxatuz, fantasiaren pizgarriarekin, ironiarena, arrazoiaren zurikeriarekin. Horrela aurre egingo diogu botereak ezarri nahi dituen egitarauari eta estrategiari: ikusleari irakastea bere zentzu kritikoa ez erabiltzen; burmuin planoa eta fantasia hutsa izaten”.

Geure buruari galdetu beharko genioke ea zer demontre azaldu nahi dugun jende aurreko lan bati ekiten diogunean. Jende aurrean jartzen garenok zerbait aurkeztu nahian, zorte izugarria dugu, izan ere, nork dauka aukera hainbat jende –egia da, askotan gutxiegi– ea zer kontatzen diogun zain egotea? Eta ordainduta askotan! Antzerkia baliabide ederra dugu honetarako, baina gogoeta ezinbestekoa izango da, ez bakarrik istorio bera asmatzeko, baita ere estetikaren gainean, hizketaldian, pertsonaien osaketan, zuzendaritzan. Azken aldian aukera izan dut antzerki talde amateur eta antzerki tailer batzuen lana ikusteko –eta okerrena, epaitzeko!–. Deigarria egin zait nola gehienetan Fok aipatzen duen estandar hori erabiltzen den. Harrigarria egiten zait zeinen sartuak dauden aktuatzeko eredu batzuk, istorioak kontatzeko manera telebisiboak; ekintza berak hartzen duelarik garrantzia, alegia, antzerkia egiteak; zertarako ordea? Auskalo.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza