Astekaria

 Bestelakoak 

Ikasleen defentsan, nor?

Arantxa Urbe

Arantxa Urbe


2231. alea
2010-05-23
alde 0    kontra 0

Izan zitekeen gu gobernatzen gaituztenak orain arte egin dugun ibilbidea kontuan eduki nahi izatea; gaizki egindakoak zuzendu eta ongi egindakoak indartzeko besterik ez bada ere.

Izan zitekeen, halaber, gu gobernatzen gaituztenentzat hezkuntzak garrantzia izatea. Sinestea, hezkuntza, bor-bor darabilten askatasuna eta bizikidetza demokratikoa bermatzeko osagai funtsezkoa eta ezinbestekoa dela: jendartea kohesionatzeko urrezko tresna izan litekeela, alegia.

Eta izan zitekeen, eskubide hori herritar guztientzat ahalbidetzeko ahalegina izatea haien lehentasuna. Ahalbidetze lan horretan, gainera, kalitatea izatea ezaugarri behinena. Kalitatea, hezkuntza zientziek, adituek egindako ikerketek eta hezitzaileen eguneroko lanaren eskarmentuak esaten dutena kontuan harturik.

Aspaldi honetan kexu ginen jendarteak eta agintariek ez ziotela hezkuntzari beharrezko arreta jartzen eta benetako balioa ematen.
Azken asteetako albisteei eta elkarrizketei erreparatuz, ordea, hezkuntza gaiak egunerokotasuneko lehen mailara pasa direla ikusi dugu. Eskandaluak jantziriko protagonismoa, nola bestela?

Lehendakaria komunikabideei hainbat hezkuntza arloko egokitasunen gaineko azalpenak ematen, kontseilariak haien aginduak ez betetzeko tentazioa agertzen duten hezitzaileak zigorrarekin mehatxatzen, besteen artean, dira azken egun hauetan ikusi ahal izan direnak.

Baina benetan zenbat jenderen kezka da eskolan egiten den lana eta ahalegina; zenbat dira Euskal Herriko eskolak gobernatzen dituzten administrazio ezberdinek egin nahi dutena egiteko erabiltzen ari diren arrazoietan sakondu dutenak?

Benetako izua ematen du erabiltzen ari diren argudioak entzuteak. Oinarri zientifiko guztien kontrakoak, gehienetan.
Izua sortzen du argudioen atzean neurri horiek inposatzeko prest dituzten armak ikustea: dekretuak, aginduak, zigorrak, kontzertuak kentzeko mehatxuak eta “betetzen ez dituztenentzat neurriak hartuko ditugula” iragarpen lauso eta iradokitzailea.
Zaparradaren azpian guztiok gaude, baina batez ere euskal haur eta gazteak. Helburuak betetzeko “guztiak balio du” dinamika ero honetan ahaztuenak bilakatu dira, akaso.

Martxa honetan, haien segurtasun fisiko eta intelektualaren alde eskolatik eta agintarietatik defendatuko dituen mugimendu indartsu bat antolatu beharko dugu. Izan zitekeen, bai, baina izua ematen du zer izan daitekeen ikusteak!

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza