Astekaria

 Zirtak 

Ai ama!

Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxea


2231. alea
2010-05-23
alde 0    kontra 0

Eskolara noa, eta maisurik ez da; ezta maistrarik ere: Ai ama, ama ai!

Udaberrian lehertu zen krisia, gereziek gorritzen hasi behar zuten sasoian. Herri normala ematen zuen hango hark bere muinoan kokaturik, bere kanpandorre zaratatsuarekin, bere eskola xumearekin; alabaina, berezia bihurtu zen goizetik gauera: ez zeukaten nork irakatsia.

Ikastera joaten ziren haurrak eskolara. Halere, han ez zegoen ongi-etorria egin ziezaiekeenik. Astelehenetan joaten ziren, asteazkenetan, ostiraletan... astearte eta ostegunetan; baina, ikasgelan lezioa emango zienik ez zen.
Ohikoa eman nahi zuen herri hark, hala eskatzen baitzuen Konstituzioak; halere ez zegoen ezkutatzerik kinka larri hura, porrot biribil hura.

Curriculumak kale. Herri hartan ezin zen ikasketa-ardatz argirik adostu: haizeak nondik, helburuak handik. Inprobisazoa eta itxurakeria zen guztia, desgobernu bufoikara eta inprobisatu baten emaitza tamalgarria.

Alkateak agintzen zuen eskolan, ez irakasleak. Eta, alkate hark ez zekien alfabetoko marrazkiak interpretatzen: berdin zitzaion “p”, “t”, “k” edo “b”, “d”, “g”… ez baitzuen irakurtzen asmatzen. Bokalekin moldatzen omen zen, baina ongi idatzi, “o” besterik ez zuen ongi idazten, zentimo erdiko txanpon baten laguntzarekin.

Alkatea bera zen haizearen mendeko nagusia: tokatzen zenean bere balkoian hortentsiak ureztatzea, eskolan Hydrangea hortensia eta arrosaren ordenako gainerako zuhaixkak ikasi behar ziren; tulipanak loratzen hasten zirenean bere terrazan, Tulipa gesneriana eta zitoriaren familia estudiatu behar zen bere osotasunean.

Okerrena etorri zen espezie exotikoak deskubritu zituenean alkateak. Orduan heldu zen maremagnuma. Kaosa.

Alkatea, maisu. Anabasaren erdian, Ameriketako Panpatik ekarritako landare itxuraz lerden eta zurixka bat, Cortaderia selloana delako espeziea jartzea agindu zuen alkateak eskola-ume denen aurrean. Ikasleetako eroenak ere igarri zion hari luma-erratzaren itxura.

Eskolako lorategian landatzea agindu zuen alkateak. Ureztatzea eta ongarritzea. Begiratzea eta zaintzea. Babestea. Erratz hura bihurtu zen eskolako totema.

Azken tantoa izan zen hori: maleta hartu eta han joan zen tren-geltokira irakaslea, azken irakaslea. Txartela erosi, etxera heldu eta antzarrak ferratzen hasi zen, bere bakardadean.

Garbiketa etorri zen berehala. Panpako erratza hartu eta bazter guztiak pasatu zituen alkateak. Aldatu zion izena eskolari, kendu zituen paretetatik geografia-mapak, koadroak, presidenteen erretratuak. Erretiratu zituen liburuak, kaierak eta arkatzak. Izena aldatu zion herriari.

Joan ziren, joan, gurasoak agintariarekin hitz egitera. Galdetu zioten, galdetu, zertara zetorren aldaketa ganorabako hura guztia. Ea ote zen umeek gehiago eta hobeto ikasteko. Ea ote zebilen herriaren mesedetan, giza harremanen mesedetan, mundua solidarioagoa izan zedin.

Ez zien erantzuten. Zer dela eta dena hankaz gora? Jainkoaren agindu dibino bat, akaso? Nobel Saria jasotako medikuek formazio oker eta arriskutsuren bat detektatua al zuten herri hartako umeen hezurretan?
Esplikazioa zor zuela. Eta emateko.

Erantzun zien alkateak azkenean: “Lasai, holakorik ez dago. Da, igarri dezazuen nork agintzen duen hemen. Ez ahaztu!”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza