Krisialdiari aurre egiteko bide okerrak

Oraindik krisialdi ekonomikoan murgildurik gaude. Bete-betean, gainera. Hala ere, zenbait zantzu badaude aurreikusteko Europako zenbait estatuk eta AEBek –beraz, munduko bi lokomotora nagusienetakoek– hazkunderako bidea hartu dutela, nahiz eta Txinako ekonomiak daraman abiadurarekin ezin daitezkeen alderatu.

Gure artean, ezin daiteke esan Espainiako ekonomia bide onetik doanik. Izan ere, lehen, oparoaldian, gauzak oker egin ziren: ondarearen gaineko zerga bertan behera utzi eta urte batzuk lehenago, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga asko mugatu zen. Eta neurri horiek ezin daitezke hartu ekonomia bizkorraldian dagoenean, urte horietan egin zen bezala. Horrela ez bazen egin, administrazio publikoek, udalak barne, kontu hobeagoak izango zituzten.

Orain, krisialdian bete-betean gaudenean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga igotzeak, Stiglitz Nobel Saridunak dioen bezala, ziurrenik, motelaldia luzatzea ekarriko du. Eta neurri hori hartu du Gobernu zentralak datorren uztailaren hasieran indarrean sartzeko: BEZa ehuneko 16tik 18ra igo. Ondorioz, bat-batean kontsumo maila apaldu egingo da eta errenta urriak dituztenek gehiago pairatuko dute, zerga hau atzerakorra baita. Gainera, gerta daiteke zerga horren etekinak murriztea, kontsumo-maila urrituko delako, nahiz eta Gobernuak bestelakoa itxaro duen.

Finantza erakundeek eragindako krisialdi hau azaldu zenean, berauei emandako dirutzagatik aurpegia garbitzeko G-20koek, gogorki kritikatu zituzten erakunde horietako zuzendaritzak, baita paradisu fiskalak ere. Horietako batzuek zioten “kapitalismoa berrasmatu” egin behar zela. Baina denbora joan ahala, ideia horiek ahaztu egin dira eta garapenerako betiko ereduari heldu zaio: eraikuntza, autogintza, armagintza, eta finantza erakundeentzat ez zigorrik eta apenas zerga berezirik edo erregulaziorik. Beraz, berehala izango dugu hurrengo krisialdia ate joka.

Bestalde, Espainiako ekonomia erabat zorpetuta dago. Familiek beren bizi mailari eutsi ahal izan diote eta horretarako zorpetu egin dira; enpresak berdin, batik bat eraikuntzakoak, baita finantza erakundeak ere; eta administrazio publikoak abiadura bizian zorpetzen ari dira, aurrekontuak finantzatzeko beste erremediorik ez zaielako geratzen. Gainera, zorpetzeak interesak ordaintzea dakar eta zenbat eta zorpetuagoa egon, erakunde publikoek interes-tasa garaiagoak ordaindu behar dituzte, are gehiago nazioarteko kalifikazioa, Espainiako Estatuarentzat, EAE eta Nafarroarentzat, okertu ondoren.

Halaber, egungo defizit publikoa ehuneko 11 ingurukoa da eta defizit horrekin azaltzen dira arazoak EBrekin, honek oso zurrun jokatzen duelako zifra hori ehuneko 3tik gora igotzen denean eta geure kasuan oso garaia da. Egoera hau, errealitatetik urrun bizi diren euro-eremuko agintarientzat, bekatuan bizitzea bezala da.

Euro-eremuan bizi garenontzat moneta bakarra, euroa alegia, indarren egotea, ustez, onuragarria izan da. Baina Espainiako Estatuko ekonomia ahularentzat, itxurazko sendotasuna izan da. Izan ere, ia gauetik goizera herrialde aberatsenen parean bizitzen hasi ginen eta horrek ezin du luze iraun, ekonomia batek oinarri ahulak baldin baditu behintzat. Azkenean, ahuleziak azaldu dira ekonomia hau ez delako lehiakorra eta lehiakortasuna irabazi nahi bada, moneta debaluatzeko tresnarik gabe aurkitu gara. Gabezia hau dela eta, langileen soldatak murriztu nahi dira lehiakor bihurtzeko, kapitalaren mozkinekin sartzeko kemenik ez dagoelako.

Guztiau konpontzeko, berriro, eraikuntzari heldu zaio, adibidez, Lisboako Estrategia 2000 garatu da, kalitatezko turismoa indartuz, nekazaritza berria sustatu ordez. Beraz, bide okerrena hartu da eta hortik etorkizun iluna aurreikusten da.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude