Astekaria

 Bertso berriak 

Nomada postmodernoei jarriak

Uxue Alberdi

Uxue Alberdi


2229. alea
2010-05-09
alde 1    kontra 0


I
Kaixo, gazte burges, materialista
nire buruaren ispilu klasista
agur iraultza gorriak!
Kopla hauek dira kontzientzietako,
lehen mundu deitzen dugun honetako
lurrikarei jarriak.
II
Dena da mobila, dena portatila,
sareen sarea, gurpilen gurpila...
Zorabiatuta nago!
Ordulariaren orratzei iheska
gaur beste bat entzun dut hala galdezka:
nire itzala non dago?
III
Bi urtez behin-edo aldatuz langintza,
herria, maitea ta etxeko giltza,
bidaiari eternoak!
Haizeak nondik jo ibili ohi gara,
zentratu ezinik, hona eta hara...
nomada postmodernoak.
IV
Hil ziren ezkontza ta lan egonkorra
orain dena da hain arina, hauskorra.
Hori nahi genuen. Ala?
Baina, hala ere, ez nuen uste nik
Horren estua ta garestia zenik
askatasun pertsonala.
V
Aste hontan daukat seigarren mudantza:
traste, kaja, margo eta mamu dantza!
Ai, gure belaunaldiko
jator itxurako ziber-euskaldunak!
Jaio bezain pronto ikasi dugunak
ezer ez dela betiko.
VI
Bateko fiantza, besteko abala,
etxejabearen hileko jornala...
Hori abilidadea!
Monopoli(o) hontan galtzaileak gara
inmobiliaren negozioa da
gure mobilidadea!
VII
Beraz, hau da gure etxetxo berria
hau gure taberna, hau gure herria
eta berriro hastera!
Atea ireki, paretak pintatu,

–fitxa bat irentsi ta hogei kontatu–
bizitzera jolastera!

VIII
Hustu tiraderak, bete furgoneta
hustu armairua, bete sei maleta...
hustuaz bete beharra!
nahiz eta amaitu umore txartuta
indarberritzen naiz imajinatuta
Oteizaren irrifarra!
IX
Mahaia zokora, ohea leihora
goiko gauzak behera ta behekoak gora
ahalik eta azkarren!
Nahiz ez den aldatzen barneko itxura,
bihotzaren forma ta arkitektura
muebleak aldatu arren.
X
Nola Alizia mundu magikoan
usain arrotzeko sala klasikoan
ez naiz eroso sentitzen...
etxe bila zortzi asteren ondoren
nahikoa lan badut erotu baino lehen
nire burua aurkitzen.

XI
Non daukat ezkerra? Non daukat eskuina?
Burges txikiaren patrikako mina
al dut nik ere barnean?
Psikologo batek esaten dit ezetz
etzateko eta egiteko amets
aberatson dibanean.
(ordaintzen diodanean).

Doinua: Xabier Leterena, Sarasuak “izan zintezkeenari jarriak”..

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza