"Patxi Lopezen ezaugarri politiko nagusia iruzurra da"

  • Bermeo, 1960. EAJko talde parlamentarioaren bozeramailea da Espainiako Kongresuan. Hirugarren legealdia du. Parlamentari Errebelazioa eta Hizlari Onena izendatua. “Ohituta nago baina politikan ez duzu egoera bera bizitzen inoiz, beti daude egoera berriak” esan digu.
Josu Erkoreka, EAJko kidea
Iñigo Azkona

Egiguzu, arren, Espainiako Gobernuari buruzko balorazioa politika ekonomikoari dagokionean.


Gobernua noraezean dabil krisi hasieratik bide argirik ikusi ez zuelako, eta krisia bera onartzeko asko atzeratu zelako. Beste erremediorik izan ez zuenean, krisia gauza txikia zela adierazi zuen, gure esparruan ez zuela eraginik izango, oinarri ekonomikoak eta finantzariak ondo errotuta zeudelako.

Zapaterok egoeraren berri bazuen: ezkutatzen saiatu zen edo ez zekien ezer? Dena den, bi jarrerak oso eskasak dira estatu-buru baten aldetik.


Zapaterok bazuen egoeraren berri, Pedro Solbesek [orduko ekonomia ministroa] egunean-egunean argibideak ematen zizkiolako. Solbesen ekonomialari taldea gaitasun handikoa zen, informazio asko zeukana eta ondo interpretatzen zekiena: Solbesek aholku argiak eman zizkion Zapaterori baina honek begiak itxi zituen. Gerora ikusi denez, Zapaterok ez zuen egoera interpretatzen jakin eta bere aholkulari sendoena kaleratu zuen arinkeriaz. Azkenean neurriak hartu ditu, baina neurriak oso kaotikoak izan dira. Era guztietakoak dira eta krisi honek ez du onartzen era guztietako neurriak, dagozkion neurri egokiak baizik. Zapaterok tekla guztiak jo ditu, baina melodia koherente bat osatzeko ez dira tekla guztiak jo behar, aproposak baizik.

Testuinguru honetan, EAJren talde parlamentarioak Gobernuaren zerga politika eta BEZen igoera babestu ditu. Euskal Herriko gune subiranistean ez da ulertzen EAJren jarrera hori.


Guk normalki zerga politikan abstentziora jotzen dugu, geure zerga sistema propioa daukagulako. Aurtengo aurrekontua onartu dugu, baina kontraprestazio sendoekin, argi eta nabarmen. Kontzertu Ekonomikoa izan da lorpen nabarmenena, ez bakarra. Bere blindajea euskal erakundeen aspaldiko eskaria zen. Gure taldeak blindajea planteatzen zuen laugarren aldia zen, eta PPk eta PSOEk beti bat egin zuten ezetza emateko. Oraingoan ordea, gobernua ahul dagoelako, lortu dugu. Lorpen estruktural bat da, legealdi bat justifikatzeko beste.

Patxi Lopez lehendakaria oso gaizki ari dela diozue, baina Madrilen Zapateroren proposamenak onartzen dituzuela esan du EAk, adibidez.


Aurrekontuak babestu ditugu, esan dudan bezala. Hori diotenek begira dezatela ERCk egiten duena, Katalunian beren kideak omen direnak...

(...)


Aurrekontu bat oso-osorik ez duzu inoiz ontzat jotzen. Proiektuak aurreikusten zuen BEZ puntu bitan igoko zela ekainean. Guk ez genion horri baietza emango, aurrekontuarekin batera etorri izan ez balitz. Baina akordioak eskatzen zuen osorik onartzea. Edonola ere, Europako estatu guztien artean, Espainiakoa BEZ baxuenetakoa da.


Estatut-aren erreforma tarteko CiU, ERC eta ICVk ez bide dituzte 2011ko aurrekontuak babestuko. EAJren babesa jasoko al dute berriz ere?


Gu printzipioz ez gaude Gobernuari doan ezertan aldeko botoa emateko prest, alderantziz. Azken lege proiektuen jarrera ezkorrenen artean gureak izan dira. Kode Penal proiektu berria eztabaidatu da, eta ezezko botoak gutxi izan dira. Gehienak aldekoak izan dira –CIUrena– edo abstenitu dira –PP eta ERC–. Guk ezezkoa eman dugu. Ikus-entzunezkoen proiektuak CIUren aldeko botoa jaso du, PP abstenitu da eta guk ezezkoa eman dugu. Enpresen blindajeari guk ezezkoa botoa eman diogu eta CIUren aldeko botoarekin atera du. Alegia, balorazio horiek egiten dituztenek ez dute politikaren errealitatea ezagutzen, ezta Kongresuan gertatzen denaren datu errealak ere.

Nola dakusazu Estatutaren erreforma?


Zapateroren ganoragabekeriaren beste isla bat da. Krisi ekonomikoaren politikan nola, halaxe honetan ere. Gai honetan katalanei esan zien Estatuta onartuko zuela komarik ukitu gabe. Gero bere eskura zituen koma guztiak sartu zituen. Orain berak hautatutako Auzitegi Konstituzionalak mozketa bat sartu dio. Horrek frustrazio ikaragarria eragin du katalanen artean. Ez dut katalanisten aldeko ebazpena espero, sektore kontserbadoreko magistratuak tinko eusten diote PPren ikuspuntu hertsienari, eta progresistatzat joak direnak oso urrun daude katalanistengandik.

PSEk Gernikako Estatutuaren erreforma iragarri zuen Patxi Lopez lehendakarigai zenean. Nola ikusten duzu PSE-EE orain?


Zapateroren identitate politikoa ganoragabekotzat jo dut, Patxi Lopezen ezaugarri politiko nagusia berriz iruzurra da, justu esaten dituen kontrakoak egin baititu. Bere promesa sutsuak eta proiektu biribilak zertan geratu dira? Transbertsalitatea aipatu zuen eta gobernu sektario eta frentista osatu du. 2004an Estatutua aldatu behar zela esan zuen, eta Kataluniako eredua hartuz proiektu politiko bat zuela esan ere. Eusko nazionalismoak Jaurlaritzatik lortzeko kapaza ez zena berak lortuko zuela. Gobernuan dago eta PPk eskuak lotuta ari da. Guk marko politikoa aldatu behar dela adierazi diogu, hasteko, gizartearen eskaria nabarmena delako. Orain, defendatu izan duenaren kontra, ez du pausorik eman nahi PPren kontrolpean dagoelako.

Madrilen baina, dirudienez, Zapateroren abal nagusia EAJ da. Zuen beharra dauka, eta kontraprestazioak eskaini diezazkizueke berriz ere, bakerako politika tarteko, adibidez.


Uste horrek ñabardurak behar ditu. PSE eta PP hemen batzen dira, besteak beste, EAJ zokoratzeko eta euskal politikan dugun lekua gutxiarazteko. Espainiako Gobernua ahuldua dagoenez ez dute lortu gu Madrilen zokoratzea. Kontzertu Ekonomikoaren blindajea lortzea horren lekuko da. Alegia, guk krisi ekonomikoaren aurrean jarrera kritikoa dugu eta aldi berean eraikitzailea. Krisiak amildegira eramaten bagaitu, denok ordainduko dugu. Beraz, denon artean ekin behar diogu egoera zailari. Eta horretan dihardugu. Baina jarrera eraikitzaile hau modu ezberdinez hartzen da hemen eta Madrilen.


Hemen nola jokatu nahi du EAJk?


PSEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa dutenez, ez gaituzte aintzat hartzen. Gure jarrera berriz, han eta hemen berdinak dira: euskal autogobernurako eta gure ekonomiaren garapenerako ekimenak bideratzea, anbizioari uko egin gabe oinak lurrean jarrita, biak behar dira politikan. PSOEren jarrera da han eta hemen aldatzen dena. Hori bai, berbarako, norbaitek pentsatzen badu egoera hau baliatu daitekeela Euskal Herriaren aitorpena egiteko, ezer gutxi daki politikaz.


Urkullu eta Zapatero bildu dira berriki.


Zapaterok deituta. Guk erantzunkizunez erantzun diogu EBBko buru Iñigo Urkulluren bitartez. Urkullu harrituta geratu da Zapatero hutsik ikusi duelako. Urkulluk ez daki zertarako deitu dion. Asko hitz egin dute egoera politikoaz, baina presidente batek deitzen dizunean, gutxienez proposamen bat egingo dizula pentsatzen duzu. Urkullu proposamenik gabe etorri da eta berak egindako planteamenduei ez die erantzun.

EAJ ere Batasunarekin bildu da.


Bilera hau ere eurek eskatuta egin dugu. Entzun diegu eta zain gaude.

Ondoren ezker abertzaleak Iruñean adierazpen berri bat egin du. Zer balorazio egin duzu horretaz?

Urratsa da, ezin daiteke hori ukatu. Baina aurreko urteetan ikusi ditugunak ikusi ondoren, argi dago ez dela nahikoa. Adierazpen argiak behar dira; indarkeria inolako zalantza barik arbuiatzen dutenak. Eta oraindik ez dugu horrelakorik entzun.


(...)


Ezker abertzaleak ibilbide bat gauzatzeko borondatea adierazi du. Baina ETAk dioena funtsezkoa da. ETAk ez du aspaldion adierazpen askorik egin, baina bere estrategiari buruzko adierazpenetan ez ditu berrikuntzak azaldu. Aitzitik, orain arte bezala bere buruari zeregin estrategiko bat ematen dio. Beraz, ETAk ez badio uko egiten bere jardun armatuari galdera da: ezker abertzalea kapaz izango al da ETArengandik aldentzeko?


Alderdien Legea aldatzeko pausuak eman ditu Zapateroren gobernuak. Nola interpretatu duzu legearen erreforma, eta aldi berean bake prozesu berri baten aukeraren zurrumurruak?


2002 urtean Alderdi Politikoen Legea onartu zenean PSOE, ezker abertzale eta ETAren arteko elkarrizketak bazeudela jakin genuen gerora. Esperientziak erakusten digunez gauza batek ez du bestea kentzen. Hau da, kanpora begira gauza batzuk egiten dira, baina gero mahai azpitik beste batzuk.


Erreforma, antza, legea gogortzekoa da. Zer azalpen ematen diozu horri?


Egitasmoa Mayor Orejaren adierazpenen hiru egunetara azaldu zuen Gobernuak. Ez da kasualitatea. Madrilen ez dira inoiz euskal politikari buruzko kasualitateak izaten. Nola lotu Zapateroren asmoak eta Orejaren adierazpenak? Madrilgo Gobernuak erantzun nahi izan dio Mayor Orejari: “Ez, ez, ez. Gu neurriak hartzen ari gara, eta horren lekuko Alderdiaren Legearen aldaketa eta bermea da”. Alegia, Gobernuaren eta ETAren arteko harremana gezurtatu nahi izan dute, baina ez dute lortu. Alde batetik, arrazoia eman diote Mayor Orejaren sakoneko planteamenduari. Bestetik, PSOEk badaki horrelako neurri juridiko batek ez duela oztopatzen, demagun, egiten ari direna egiten jarraitzea. Iragan berrian ere horrela gertatu da. 2006ko ETAren su-etenean gertatu zen bezala. Neurri legal hauek ez dira oztopo bake prozesu bat abiatzeko.


Bake prozesua abiatzeko unean al gaude orduan?


Bake prozesuak daudenean daude, eta ez dute une fundatzailerik behar. Prozesu bat ez da ematen une zehatz batean. Esaten den arabera, badirudi, “badirudi” diot, egon badagoela, bidea urratzen ari dela. Politikan eguneroko errealitatean gertatzen denaren eta esaten denaren artean alde logikoa dagoela kontuan hartu behar da. Bake prozesua benetan baldin badago, azalduko da eta txalotuko dugu. Baina utz diezaiogun eragile bakoitzari egin dezakeena egiten, ez gaitezen prezipitatu, ez gaitezen elkar makilatu eta prozesua hasi aurretik beste frustrazio une batera iritsi.
"EA bere bidetik eta gu geuretik joango gara"

EAko Pello Urizar idazkari nagusiak hauxe esan berri du ARGIAn: “EAJ ez dago bide subiranistaren aldeko urratsak emateko prest”.



Eusko Alkartasunak hori esaten badu, bide subiranista berea dela, ezker abertzalearekin bidea egin nahi duela –bere militante askoren kontrako jarrerarekin– eta hor ez dagoena ez dela ari Euskal Herriaren aldeko planteamendu abertzalea egiten adierazi nahi badu… Chapeau!

EA bere bidetik eta gu geuretik joango gara. Gure planteamenduak abertzaleak dira eta izango dira, autogobernu maila handienetara iristeko asmo eta borondatearekin. Baina betiere errealitateari begira, herri eta gizarte honen errealitatea non eta zelan dagoen kontuan hartuz, eta ez amets hutsetan galduz.


Ibarretxe Plana deitua eta Kontsultaren Legea atzean geratu dira. Agertuko al dira etorkizunean? Edo nola agertuko da autogobernuaren edota subiranotasunaren gaia?



Politikan gauzak ez dira beti modu berdinean ematen edo errepikatzen. Errealitate soziopolitikoa aldatuz doa eta gai horiek beste modu batean emango dira. Euskal Herriaren autogobernuaren aldarrikapena eta nahia berriz ere etorriko da, nahiz eta Patxi Lopezek eta beste guztiek estali nahi izan.

Bien bitartean, eta lehengo galderari lotuz, “EAJ ez dago bide subiranistaren aldeko urratsak emateko prest” diotenean, nik orekaren beharra defendatzen dut. Alegia, batzuek orain kalean aldarrikapen hori egiteko garaia dela uste badute, euren bidea da. Guk kontuan hartzen dugu Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza nola osatuta dauden, eta foru aldundiak ere nola osatuak izan daitezkeen datorren legealdian. EAk ez baditu begiak ireki nahi, eta ez bada konturatzen [Gasteizko Legebiltzarrean] legebiltzarkide bakarra duela, bat bakarra, eta PPk eta PSE-EEk zenbat dituzten... zer egingo diogu. Nik uste politika ez dela horrela egiten, politika oinak lurrean egin behar da.

Nola ikusten duzu etorkizuna edonola ere?



Euskal Herriak bere autogobernuaren aldeko jarrera sakon-sakona dauka, indartsua, eta PPk eta PSOEk ahalegin guztiak egingo dituzte hori estaltzeko. Hala ere, modu batez edo bestez jarrera indartsu hori agertuko da beti, eta ez du inork itzaliko.
"PSOE eta PPk duten lotura puntu hori guri kontra egiteko darabilte"

PSOE PPrekin borrokan ari da Madrilen eta EAEn berriz, PSE-EE eta PP bat eginda daude. Nola bizi duzu zuk egoera hori Madriletik.


Paradoxa izugarria da. Noski, ni izendatuta nago bai PSOE bai PPrekin hitz egiteko, eta batek besteari buruzko kritika latzak egiten dizkidanean, nik esaten diet Euskadin hain lagunak izanik, nola diren hain etsaituak Madrilen. Horrek bere azalpena du: PPk eta PSOEk jarrera kontrajarriak dauzkate politikaren arlo ia guztietan, gai sozialetan, estatua nola antolatu botereen banaketan, politika ekonomiko eta industrialean, denetan, baina gauza bat daukate komunean: Espainiaren ideia berdin-antzekoa daukate. Lotura puntu hori darabilte hemen guri kontra egiteko.


(...)


Estatu autonomikoa bien artean diseinatu zuten, PPk hoztasun handiagoz, baina biena da, euren seme-alaba da, biona. Hori beste gauza guztien gainean dago. Eskema hau ezin da apurtu, nahiz eta beste esparruetan elkarren aurka egon, hori nagusitzen da batak bestea salbatu aldera. Indar erakargarriagoa dauka haientzat euskal nazionalismoaren kontrako frente amankomun bat egiteak krisi ekonomikoari aurre egiteko behar den lan komunak baino.


Euskal Herrira etorriz, Ibarretxe zokoratua, EAJren nahia politika instituzionala baino ez dela diote beste alderdi abertzale batzuek.


Hori ez da egia. Juan Jose Ibarretxe alderdiaren babes osoarekin aurkeztu zen azken hauteskundeetan eta irabazi egin zuen. Alderdiaren oinarrizko eta goi erakunde guztien babesarekin. Ulertzen dut alderdi barruan eztabaidarik ez daukatenek halako salaketa egitea. Eredu bulgariarrari segitzen dute euren alderdietan, baina gure alderdian zorionez ez da horrela gertatzen. EAJn ikuspuntu asko dago, hainbat sentsibilitate dago –ez sarri askotan aipatzen den penduluaren araberako sentsibilitateak–: nekazal eta hiri munduko sentsibilitate ezberdinak, euskaldun eta erdaldun mundukoak –guk bietan ditugu erroak, Bilbo eta Bizkaia, Donostia eta Gipuzkoa–.

Bizkaiako, Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako sentsibilitateak anitzak dira. Alderdi aberatsa gara, eztabaida asko lantzen duena. Ibarretxeren hautaketan eta egindako bidean estrategiari zegozkion eztabaida sakonak izan ziren, eta hartu ziren erabakiak aho batez onartu ziren.


Antzeman duzue nor izan daiteke Ibarretxeren ordezkoa lehendakari gai bezala?


Ez. Oraindik oso goiz da. Udal eta Foru hauteskundeak dira lehenik. Eusko Legebiltzarrerakoak urrun daude, legealdia osoa beteko baita, PSEren eta PPren bermea du-eta. Etorriko da hala ere, horretako unea.


Josu Erkoreka lehendakari gai agian?


Ez. Ez edozein militante baino aukera gehiago dudalako, beste edozeinek nik adina aukera du. Beste kide asko dago alderdian. Nik ez dut imajinatu ere.


EAJk nola aurreikusten ditu udal eta foru hauteskundeak?


Guk argi daukagu, Alderdi Politikoen Legetik eratorritako ekimen legegile guztiak arbuiatuko ditugu orain arte bezala. Jarrera hori argi izan dugu beti. Legea Kongresura datorrenean ere kontra bozkatuko dugu.

Hauteskundeak praktikan zer izango diren? Bada, argi eta garbi, PPko Alfonso Alonsok adierazi duen bezala, Eusko Jaurlaritzako ituna ahalik eta instituzio gehienetara eraman nahi dute.

Ezker abertzalea kanpo geratzen bada, eta gainerako indar abertzale guztiak sakabanatuta gaudenez gero, panorama zaila da. Baina gu ez gara horren erantzuleak. Adibidez, guk ez dugu Hamaikabat alderdia sortu, ezta? Guk gizarteari errealitatea zein den adierazi behar diogu. PPk eta PSEk bat egitea eta horren ondorioak ontzat hartzen dituenak azal dezala bere jarrera. Beraz, dagoenarekin jokatu beharko da. Politikan utopia behar da baina beti ere pragmatismo batekin. Hori da EAJren lema.


Nola ikusten duzu egoera honetan ezker abertzalea?


Ezker abertzaleak esaten duenean beren egoera eta ibilbidea ez dela laburra, ez daudela datorren urteari begira, PSOEri elkarri keinuak egiten ari da. Bi-biak ari dira elkarri keinuka, batek neurri bat hartu, besteak bestea. Hor batzuen nahiz besteen interesak daude jokoan, hasteko, udal eta foru hauteskundeei begira.
Memoria Historikoaren Legea eta Baltasar Garzon epailea
Zer deritzozu Garzonen inguruan gertatuaz?

Francoren hilobian tona askotako harria dago, baina ez da nahikoa eta dirudienez, berunezko bat ezarri nahi dute gainean. Bestela esanda, Francoren oihartzunak izugarrizko indarra daukala oraindik ere.

Pena da, Garzon horren txapuzero izanda, hainbeste arrazoi izanda akatsak aurpegiratzeko, orain Memoria Historikoaren Legearen kasua medio epaile zuzena bezala agertu nahi izatea. Hau da, nazioarteko elkartasuna jasotzea, beste kasuetan elkartasunik merezi izan ez duenean. Alderdi Sozialistak –edo sektore batzuek behintzat– Garzonen ibilbide guztia garbitu nahi du horren aitzakiarekin.

Pena da orain arrazoia ematea, gai honen sakonean Garzonekin ados gaudelako. Frankismoari begirada kritikoarekin begiratzea ondo dago, baina, horren kontura Garzon epaile eredu gisa ekartzea... larregi, ezta?

ASTEKARIA
2010ko maiatzaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude