Astekaria

 Zirtak 

Ad infinitum?

Patxi Zubizarreta

Patxi Zubizarreta


2229. alea
2010-05-09
alde 0    kontra 0
Patxi Zubizarreta
Patxi Zubizarreta (Dani Blanco)

Javier Cercas idazleari irakurri nion El País Semanaleko Palos de ciego artikuluan: “Balizko mirari espainiarrarena gezur hutsa zen. Ekonomia, izan, adreiluaren eta kontsumoaren ilusio bikoitzak sortutako mamua zen: dagoeneko adreilua amaitua da eta, kontsumoa, hondoratua; langabezia eta zorra ez bezala, hazkundea gelditu egin da. Zapatero, orain, mamu bat da, buruarin xaloki baikorra, imintziolaria eta ezjakina, inoren konfiantza merezi ez duena, eta Espainia frankismoa gainditu –eta gaindituko– ez duen herrialdea da, apenas demokratikoa eta iraganari aurrez aurre begiratzeko gai ez dena”.

Ignacio Echevarría kritikoari irakurri diot El Mundoko Culturalean Nanas del centenario artikuluan: Miguel Hernandez poetaren mendeurrena dela eta, itxurakeria hutsean dabiltza Mª Teresa Fdez. de la Vega nahiz PPko agintariak; poeta, ez gaitezen engaina, komunista eta errepublikazalea zen, eta orain xinpletu eta desitxuratu egin dute haren pentsamendua “teknosozialdemokraziaren hizkera mordoilora ekarriz” denok gaude zapalkuntzaren kontra eta askatasunaren alde, biba gu!; eta ez dute lotsarik ospakizunerako eratutako komisioan nortzuk eta errege-erreginak buru izendatzeko.

Pedro Ugarte idazleari Pactos secretos nobelan irakurri nion: “Lopategik naturaltasunez gauzatzen zituen zenbait pribilegio, hainbesteraino non ez baitzituen pribilegiotzat hartzen. Gobernuko presidentearekin nahierara afaltzen zuen, gutiziatsu, baita egunkariburuekin ere –edo haien jabeekin–, administrazio kontseiluetan elkartu egiten zen politika edo finantza munduko goi-goi mailako jauntxoekin. Aurresentitzen zuen bai prentsa bai parlamentua entitate fantasmalak zirela eta, demokrazia, garesti ordaintzen zen antzezpen gisako bat izan arren, gutxienez, jende xumea matxinatzeko arrazoigabetu egiten zuela. Bere kontzientziaren irudimenezko kontadurian, demokrazia egin beharreko gastua zen, bere enpresen segurtasun neurrietarako egiten zituen inbertsioen parekoa. Abstraktu gisako zerbait zen, zinpeko zaintzaile inmateriala, jainkozko inspirazioa eta alimaleko neurriak zituena”.

Carlo Frabetti idazleari irakurri diot Garako La izquierda glamurosa se queda en garzoncillos artikuluan: Goya sarien ekitaldi entzutetsuan “Gerrari ez” leloari, lotsagabeki “ETAri ez” erantsi nahi izan zioten, eta, berriki, Haminatu Haidaren alde agertu ziren kulturgileek, bide batez, Prisa taldearen aginduz, disidente kubatarren aldeko jarrera erakutsi behar izan zuten: “Herri sahararraren independentziaren aldeko borroka Washingtonek babestutako sasidisidentziarekin konparagarria balitz bezala (...). Frankismoaren krimenak ikertu eta osatu behar dira, noski. Baina, bide batez, iker eta osa ditzagun borbonismoarenak, felipismoarenak, aznarismoarenak, zapaterismoarenak, garzonismoarenak...”.

Anjel Lertxundi idazleari irakurri nion Berriako Demokrata eta klandestino artikuluan: Demokraziaren sinestuna hasiz gero zentsura eta boterearen gehiegikeriak salatzen, bururatuz gero kondenatzea legeek unean uneko interesei erantzutea, bere egiteko etikoak betetzea, “demokraziaren etsaitzat hartzen dute. Berak demokrata izaten segitu nahi du, baina gero eta zailagoa zaio. Deseroso dago, beldurra ere izaten du askotan. Klandestinoa sentitzen da. Klandestino demokrata bat, gero eta demokrazia alienatuago baten barruan”. Eta Lertxundiri irakurritakoak Javier Cercas idazleari El País Semanaleko Palos de ciego artikuluan irakurritakoa ekarri zidan gogora, eta...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza