Astekaria

 Liburuak 

Bost, zazpi, bost

Igor Estankona

Igor Estankona


2228. alea
2010-05-02
alde 0    kontra 0

Karlos Linazasoro ::Hamazazpikotan

Elkar

orrialdeak ::96

prezioa ::13€

Bost, zazpi, bost. Hamazazpi silabako piezetan ondu du Karlos Linazasorok, poema konprimituen eta aforismoen espezialistak, azken liburua. Hamazazpikotan tolosarraren beste jolas literario bat da, naturaren handitasunetik gure saihetsetan kaiolaturik dagoen bihotzaren bazter txikienera eroan gura gaituena, hiru lerroko poemen bidez. Hamazazpi silabena, noski, joko bat da, eta fikzio bat, era berean. Japoniako tradizioan haikuek hiru lerro dituzte, bost, zazpi eta bost morakoak. Mora “pisu silabikoa” neurtzen duen unitatea da, silaba osatzen duten segmentu fonologikoena. Hizkuntza batzuetan silaba eta mora bat dira funtsean, baina ez japonieraz. Hala bada, haiku puruek hamazazpi mora dituzte –silaba baino beheragoko mailako hamazazpi zati–, eta ez hamazazpi silaba. Beraz hau ez litzateke inoiz izango haiku bat, are gutxiago Kiotoko lorategietan: “Eguzki eta elur./ Martxoak bi aho ditu,/ azal eta hezur”.

Linazasororen ekarpena da, ostera, haikuak berrirakurtzearena, eta bertsolaritzari egiten zaizkion keinuena. Berriztatze horretan sartzen ditut nik elementu pertsonalen aipamenak –Tolosako Zerkausia, Santa Klarako komentua…–, eta irudi birziklatu ederrak: “Baso eta oihan/ supersonikoetan,/ haritzak hegan”.

Hirukoteen asimetrian aurkitu du berriro idazleak narratiban edo beste era bateko poesian aurkitu bide ezin duen askatasuna, esanahia baino harago doazen konposizio zahar –eta era berean eterno– hauetara itzuliz. Baina Elkar argitaletxearen poesia bilduman bertan argitaratutako Peru Magdalenaren Hutsiken ia segidan dator Linazasororen haiku-liburu hau, eta iruditzen zait bildumari ez diola batere mesederik egiten eite horretara hain tarte laburrean itzultzeak. Seguruenik liburuei eurei ere ez: poesia-molde sakona da inondik ere, lehorra uneka, irakurlearen pazientzia eta egokera jakin bat eskatzen dituena. Sano noizbehinka irakur ditzaket nik behintzat ekialdeko trinkotasunok.

Bestalde, Peru Magdalenarena askoz ariketa konpletoagoa iruditu zitzaidan Linazasororen enegarren zen jardun hau baino. Maisuki deskribatzen da hemen ere natura, urtaroen joana eta gauzen baitako maitasun guztia. Baina naturaltasuna, sinpletasuna, sotiltasuna, soiltasuna… horiek denak lortzea beste kontu bat da, baita espezialistentzat ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza