Astekaria

 Denboraren makina 

Erizainen ama eria

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2228. alea
2010-05-02
alde 0    kontra 0
Florence Nightingale
Florence Nightingale (1820-1910) erizaintza modernoaren sortzailetzat jotzen da. Duela ehun urte hil zela-eta, haren inguruko erakusketa antolatu dute EHUko Medikuntzaren Historia Museoan. Urte amaierara arte izango da ikusgai. (www.florence-nightingale.co.uk)

Florentzia (Italia), 1820ko maiatzaren 12a. Erizaintza modernoaren sortzaile Florence Nightingale jaio zen. Gurasoak britainiarrak izan arren, Italian bidaiatzen ari ziren bigarren alaba jaio zenean, eta Toskanako hiriaren izena jarri zioten.

Familia aberatsekoa izanda, ondo ezkondu eta etxean geratzea zegokion, baina 20 urte zituela matematika ikasteko asmoa zuela esan zien gurasoei. Haiek ez zioten nahia betetzen utzi, baina handik gutxira erizain izan nahi zuela erabaki zuen. Gurasoen ezezkoa jaso zuen berriro ere; ordura arte, erizaintza pobreentzako lanbidetzat zuten.

1849an Europara eta Egiptora bidaia abiatu zuen. Han ez zuen gurasoen oniritzirik behar eta Alexandriako ospitale batean erizain moduan trebatzen hasi zen. Alemanian eta Frantzian ere lanbidea ikasten eta hainbat ospitale-sistema aztertzen jardun zuen. 1853an Londresera itzuli zenean, sodatarik gabeko superintendente postua hartu zuen emakumeentzako ospitale batean.

Hurrengo urteko martxoan Britainia Handiak, Frantziak eta Turkiak Krimeako gerra abiatu zuten errusiarren kontra. 1854ko irailean, Alma ibaiko guduan, errusiarrak menpean hartu arren, The Times egunkariak gogor kritikatu zituen britainiarren medikuntza instalazioetako baldintza kaxkarrak. Orduan Gerra idazkari eta Florenceren lagun Sidney Herbertek ospitale militarretan erizain-administratzaile izateko eskatu zion Nightingaleri. Urte bereko azaroaren 4an Nightingale eta beste 38 erizain Konstantinoplako Eskutari auzunera iritsi ziren.

Berehala agintari militarren aurreiritziekin egin zuen topo, baina pixkanaka ospitale-sistema erreformatzen hasi zen. Bi urte eta erdian, gaixoen heriotza tasa %40tik %2ra jaitsi zen.

Baina gaixoak sendatzen laguntzen zuen bitartean, erizainen buruak bruzelosia harrapatu zuen. Eritasunak ohean garai luzeak pasatzera kondenatu zuen Nightingale bizi izan zen artean. Erizain moduan lanean jarraitzerik ez zuen izan, baina behar eskerga egin zuen teoriaren esparruan: 200dik gora liburu eta txosten argitaratu zituen. Epidemiologian ere ikerketa garrantzitsuak egin zituen eta, gaztetako bokazioari berriro helduta, estatistika landu zuen. Hainbat erakunderen esker ona jaso zuen hil baino lehen; besteak beste, Britainia Handiko Merituaren Ordena jaso zuen lehen emakumea izan zen, 1907an. Hiru urte geroago hil zen, 90 urte zituela.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza